2019ko azaroaren 6a

Gobernuak 26 milioi euro bideratuko ditu enpresek gauzatuko dituzten I+G proiektuetarako

Helburua lehiakortasuna eta berrikuntza hobetzea eta kalitatezko enplegua sortzea da

Gaurko bilkuran, Foru Gobernuak bi akordio hartu ditu, Industria, Energia eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiari 26 milioi euroko urte anitzeko gastuak konprometitzeko baimena emanez, Nafarroako enpresek I+G proiektuak gauza ditzaten.

2020rako bi deialdi dira, bat “I+G 2020-2022 proiektu estrategikoak egiteko Laguntzak”, 14 milioi euro izanen dituena, eta bertzea “I+G proiektuetarako Laguntzak” izenekoa, 12 milioi izanen dituena. Beharrezkoa da aurretik Gobernuak baimena ematea, urte anitzeko gastuak baitira.

Bi deialdiak bat datoz Nafarroako Espezializazio Adimenduneko Estrategiarekin (S3). Estrategia horrek baliabideen kontzentrazioaren aldeko apustua egiten du, etorkizunari begira eskualdeko ekonomia gehien bultza dezaketen garapen-arloetan. Gogorarazi behar da S3rako gaikako lehentasunak hauek direla: automobila eta mekatronika, elikadura-katea, energia berriztagarriak eta baliabideak, osasuna, turismo integrala eta sorkuntza industriak eta industria digitalak.

14 milioi I+G proiektu estrategikoak laguntzeko

Helburua eragin handiko proiektu estrategikoak sustatzea da. Proiektu horiek hiru urtean zehar gauzatuko dira, eta hainbat enpresa motatako partzuergoek osatu beharko dituzte. Nafarroako zentro teknologikoek eta ikerketa erakunde publikoek (EEP) gutxieneko partaidetzarako ehuneko batzuk ezarriko dituzte.

Neurri horren bitartez, Gobernuak laguntza eman nahi die erabakiguneak Nafarroan jarraitzearen aldeko apustua egiten duten eta inbertsio berrien etorrera sustatzen duten eskualdeko enpresei, enpresa handiei zein ETEei, Foru Erkidegoan enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sortzeko helburuarekin.

Deialdiak dituen 14 milioietatik, 2 milioi 2020ko ekitaldirako izanen dira, 6 milioi 2021erako eta bertze 6 milioi 2022rako.

12 milioi I+G proiektuak laguntzeko

Helburua, enpresek ikerketa industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektuak egitea sustatzea da, beraien lehiakortasuna, berrikuntza eta kalitatezko enplegua areagotuko dituen dinamizazio teknologikoa bultzatzeko. Gainera, enpresen eta teknologia zentroen, unibertsitateen eta ikerketa erakundeen arteko ezagutza transferentzia sustatu nahi da, I+G proiektuak elkarren artean eginez.

Zehazki, hiru modalitate hauetako batean dauden industria ikerketako eta garapen esperimentaleko proiektuak lagundu ahal izanen dira diruz: enpresa bakar batek egindako banakako proiektuak; gutxienez bi enpresa independenteren arteko lankidetza eskatzen duten enpresen arteko lankidetza proiektuak (horietako bat ETEa izan beharko da); eta Nafarroan dauden enpresa baten edo batzuen eta ikerketarako eta ezagutzak zabaltzeko erakunde baten edo batzuen artean ezagutza transferitzeko proiektuak.

Aurreikusiriko 12 milioietatik, 3 milioi 2020ko aurrekontu ekitaldiaren kontura ordainduko dira, 6 milioi 2021ekoaren kontura, eta gainerako 3 milioiak, 2022ko aurrekontuen kontura.