Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak Iruña eta Orkoieneko udalekin hitzarmena sinatu du PA-30 errepidearen gainean oinezkoentzako eta bizikletentzako pasabidea eraikitzeko
2019ko azaroaren 5a
Nafarroako Gobernuak Iruña eta Orkoieneko udalekin hitzarmena sinatu du PA-30 errepidearen gainean oinezkoentzako eta bizikletentzako pasabidea eraikitzeko
Nafarroako Gobernuak gaur goizean elkarlanerako hitzarmena sinatu du Iruña eta Orkoieneko udalekin PA-30 errepidearen gainean oinezko eta bizikletentzako pasabidea eraikitzeko. Sinaduran izan dira Bernardo Ciriza, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako kontseilaria, Pedro López, Herri-lanen eta Azpiegituren zuzendari nagusia, Enrique Maya, Iruñako alkatea eta Carlos Arróniz, Orkoiengo alkatea.
Jarduera Iruñeko udal-mugartean garatuko da oso-osorik, Iruña, Orkoien eta Iruñerriko mendebaldeko zonaren arteko oinezkoen eta txirrindularien igarobidearen arazoei irtenbidea emateko.
Lanen aurrekontua 751.192,85 eurokoa (BEZ barne) da. Obrek 586.192,85 euroko (BEZ barne) kostua izango dute, obren zuzendaritzak 15.000 eurokoa eta desjabetzeak 150.000 euro kostatuko dira. Nafarroako Gobernuak 450.000 euro jarriko ditu, Iruñeko Udalak 171.192,85 euro eta Orkoiengoak 130.000 euro. Kostua aurrekontua baino handiagoa bada, alde hori Iruñeko Udalak ordainduko du.
Udala, Hirigintzako Kudeatzailetzaren bitartez, obrez arduratuko da
Lanak Nafarroako Gobernuak agindutako eraikuntza-proiektuaren arabera egingo dira; proiektu horrek hiru erakundeen onespena du. Behin hitzarmena sinatuta, proiektuaren behin-behineko onarpena argitaratuko da, desjabetzeko espedienteari hasiera eman ahal izateko kaltetutako ondasun eta eskubideen zerrenda eta guzti. Behin betiko onarpena igarobidea egiteko obrak lizitatzeko oinarri moduan erabiliko da. Hitzarmenaren arabera, Iruñako Udalak, Hirigintzako Kudeatzailetzaren bitartez, eraikuntza-lanak ez ezik, zuzendaritza fakultatiboa ere lizitatu eta kontratatuko du. Proiektua behin betiko onartutakoan, Lurralde Kohesiorako Departamentuak desjabetzeko kudeaketak burutuko ditu, proiektuan deskribaturiko obrak egiteko behar diren lursailak okupatu ahal izateko, eta, horrela, desjabetutako lursailen onuradun Iruñeko Udala aitortuko da, guztiak udal-mugarte horretan aurkitzeagatik.
2020ko urtearen amaiera aldera, pasabide berria erabiltzeko moduan izango da
Obrak 2020ko azaroaren amaiera alderako amaituko dira. Behin amaituta, desjabetutako lursailean jarritako hiriko elementu eta altzari guztiak ere Iruñeko Udalaren jabetzakoak izatera igaroko dira. Pasabidearen egitura nahiz errepideak okupatutako azalera eta jabari publikoko zonak Nafarroako Foru Erkidegoko Administrazioarenak izango dira. Pasabidera sartzeko bideen eta bertako bideen mantentze-lanak (garbiketa, argiteria, altzarien pintura edo lorezaintza, adibidez) Iruñeko Udalak egingo ditu. Halaber, Nafarroako Foru Erkidegoko Administrazioaren titulartasuneko lursailaren gainean ezarritako hiri-altzarien elementuen mantentze-lanez arduratuko da. Pasabidearen egitura nahiz zimendu eta euskarriak kontserbatzea Nafarroako Gobernuari egokituko zaio.