Descárgate la app
Emakumeoklima Sarea aurkeztu dute
2019ko azaroaren 5a
Emakumeoklima Sarea aurkeztu dute
Gaur goizean aurkeztu dute Iruñean Emakumeoklima Sarea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak antolatutako foro baten barruan. 80 lagun inguruk parte hartu dute bertan, batez ere emakumeak, eta elkarteetako ordezkariak.
Sarearen jatorria Emakumeak eta Aldaketa Klimatikoaren inguruan iazko urrian antolatutako topaketan aurki dezakegu; izan ere, politikan jardunean zeuden emakumeek eta autonomia erkidego ezberdinetako kudeaketa publikoaren arduradunek Emakumeoklima Deklarazioa egin zuten, konpromiso zehatzekin, berrehun bat erakunde, talde eta partikularrek dagoeneko berretsi dutena. Zehazki, konpromisoen artean, nabarmentzekoak dira krisi klimatikoa genero-ikuspegitik jorratzea eta iraunkortasunerako bidean emakumeen papera azpimarratzea.
Foroaren aurkezpenean, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari Itziar Gómez Lópezek aipatu nahi izan du orain arte egindako lanak duen garrantzia. “Gaur aurkezten dugun Emakumeoklima Sarea aldaketa klimatikoaren arloan emakumeek egindako ekarpenak aitortzeko eta bultzatzeko pentsatu eta aktibatu da. Berdintasunaren eta aldaketa klimatikoaren eremuan, Nafarroako politika publiko ezberdinetan eta gizartearen sektoreetan neurriak txertatzeko aukera bat da”, adierazi du.
Bestalde, Eva Istúriz Garcíak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren (NABI) zuzendari kudeatzaileak honela azaldu du: “nahiz eta emakumeok, ditugun desberdintasun eta diskriminazio egoerak medio, aldaketa klimatikoaren ondorioen aurrean ahulagoak izan, lurraldeen iraunkortasunerako funtsezko aldaketa-agenteak ere bagara”. Isturizek, halaber, aldaketa klimatikoaren aurka genero-ikuspegiarekin borrokatzeko hainbat neurri proposatu ditu; hala nola, “trebatzea eta emakumeen banako eta taldeko jabekuntza erraztea”. Ekofenimismoak “bidea adierazten digu”, adierazi du.
Ekonomia eta enplegua aldaketa klimatikoaren aurrean
María Pazos Moránek, ekonomia feministan aditua denak, topaketaren inaugurazio-hitzaldia eman du, “Ekonomia feminista kolapso klimatikoaren aurrean” izenburupean. Pazos Contra el Patriarcado liburuaren egilea da, eta ziurtatu du emakumeak “aldaketa klimatikoaren mugimenduak ez ezik, mugimendu sozial guztiak ere zuzentzen ari direla une honetan”.
“Aldaketa klimatiko malkartsua” deitzen dena hurbil dugula nabarmendu du, eta hor genero-arraila bistakoa dela: “Kaltetuenak, kezkatuenak eta prestatuenak ere bagara, baina ez gaude egon beharko genukeen lekuan”, adierazi du. Haren ustez, emakumeen mugimenduak “kutsatzailea den guztiari uko egiteko eta kutsatzailea ez den guztia indartzeko behar den eredu-aldaketa ekarri behar du”. Zehatz-mehatz honako hau proposatzen du: “sektore kutsatzaileetan galdu behar diren enplegu guztiak enplegu garbiek, ez kutsatzaileek eta erabilera sozialekoek ordezkatzea, enplegu publikoetatik zaintzak bereziki bultzatuaz: mendekotasuna, haurren hezkuntza, kultura, irakaskuntza, osasuna edo naturaren zaintza”.
Marian García Briñolek, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Sustapen eta Kudeaketako zuzendariordeak, ekitaldiaren bigarren zatia ireki eta honako mahainguru honen moderazio-lanak egin ditu: “Aldaketa klimatikoaren aurreko lan-esperientziak genero-ikuspegitik”. Bertan, honako hauek parte hartu dute: Maite Arrondo Segovia (Etxebizitza Politiketako Berrikuntzako aholkularia), Dina Garzón Pacheco (Ekofeminista Sarearen koordinatzailea eta Emakumeak Energiarekin ekimenaren sustatzailea) eta Federica Ravera (ikertzailea Kataluniako Unibertsitate Zentralean, agroekologia, generoa eta aldaketa klimatikoa arloan).
Estatuko eta nazioarteko harremanak
Behin osatuta, Sareak estatuko eta nazioarteko harremanak abian jarri ditu hurrengo urratsak markatzeko, zehazki Regions4 nazioarteko sarearekin eta Ekuadorreko Azuayko Prefekturarekin. Halaber, Ciudades40 munduko ituneko Woman4Climate programarekin bat egitea aurreikusten da (Bartzelona bezalako hiriak hor sartuta daude jada), elkarrekin proiektu bat bultzatzeko, emakumeen papera ingurune iraunkorragoetan indartze aldera, ekonomia berdean lan egiten duten emakumeen ekimen zehatzak bultzatuaz.
Hori guztia dela-eta, Emakumeoklima Sarea iraunkortasunerako trantsizioa bultzatzeko erreminta litzateke; bertan, emakumeen ahotsa eta papera indartzen da, eta sarearen lana hiru jarduera-taldetan egituratuko da: instituzioak, erakundeak-enpresak eta herritarrak.