2019ko urriaren 30a

Nafarroak sari nazional bat jaso du Nazio Batuen Erakundearen garapen iraunkorreko helburuen betetze-mailaren berri ematen duen bisore digital bat dela eta

Tresnak puntako posizioan jartzen du Foru Komunitatea smart city eta open data politiketan

Ezker eskuin: Andrés Carbonero (Eskubide Sozialetako Departamentua), Xabier 
Velasco eta Ion Sola (Nasuvinsa-Lursarea). 

Ezker eskuin: Andrés Carbonero (Eskubide Sozialetako Departamentua), Xabier Velasco eta Ion Sola (Nasuvinsa-Lursarea). 

  Deskargatu irudia
Irudi galeria

Nazio Batuen Erakundeak 2030 Agendan finkatutako Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH) ezagutzeko aukera ematen duen bisore batek ERSI erakundeak ematen duen "Lidergo Digitala" saria jaso du Madrilen. Erakunde hori nazioarteko erreferentea da eraldaketa digitalean eta informazio geografikoko sistemetan.

Bisorea joan den uztailean hasi zen funtzionatzen. GJHn Departamentu arteko Batzordeak eta NASUVINSAren esku dagoen LURSAREAk (Lurraldearen eta Iraunkortasunaren Nafarroako Agentzia) garatu dute. Horren bitartez, Nafarroa, smart city eta open data politiketan punta-puntako komunitate gisa jartzen da, herritarrei era guztietako baliabide publikoei buruzko hainbat tresna eta kontsulta mapa eskainiz.

Adierazleak bilatuz, bistaratuz eta deskargatuz, herritarrek, Foru Komunitatean GJHen jarraipenari eta horien helburuak eta xedeak lortzeko moduari buruz aldian behin eguneratzen den informazio gardena eta irekia eskura dezakete. Nafarroako udalerrien artean eta Estatu osokoekin alderatzeko aukera ere ematen du.

Nafarroako Gobernua ordezkatuz, Andrés Carbonero Gizarte Babeseko eta Lankidetzako zuzendari nagusiak jaso du saria, egunotan Madrilgo IFEMA barrutian egiten ari den ERSI España Konferentziaren barruan. Informazio Geografikoko Soluzioen sektoreko erreferentziazko ekitaldia da, eta 2.000 pertsona baino gehiago biltzen ditu mota guztietako sektoreetako 700 erakunde baino gehiagoko profesionalen, teknikarien, erabiltzaileen eta garatzaileen artean. Horien artean Administrazio Publikoa, ur konpainiak, ingurumen erakundeak, telekomunikazio enpresak, hezkuntza, osasuna edo garraioa daude, bertzeak bertze.

2030 Agenda betetzeko konpromisoa

Andres Carbonerok azaldu duenez, "Nafarroako erakundeek Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda betetzeko konpromisoa hartu dute; pobreziari amaiera emateko, desberdintasunaren eta bidegabekeriaren aurka borrokatzeko eta klima aldaketari aurre egiteko bide orri unibertsala da, Inor atzean ez uztea goiburu nagusiarekin".

Helburu horiek lortzeko, Nafarroako Gobernua bere gizarte, ekonomia eta ingurumen arloetako politikak GJHekin lerrokatzen ari da, eta baita horien helburuekin eta adierazleekin ere. Konpromiso hori egungo Nafarroako Gobernua eusten duen legegintzaldiko programan ere jasotzen da.

Zehatzago esanez, 2030 Agendak Garapen Jasangarriko 17 Helburu (GJH) finkatzen ditu, 2030ean lortu beharreko 169 helbururekin. Une honetan, Nafarroak 67 plan, programa edo estrategia ditu martxan, eta horiek 2030 Agendaren 72 jomugatan egituratzen dira. Horiek, aldi berean, 15 GJH dituzte.