Descárgate la app
Premiada una comunicación de la Unidad de Cirugía Mamaria del Área de Cirugía General del CHN
2019ko urriaren 24a
NOGeko Kirurgia Orokorreko Ataleko Bularreko Kirurgia Unitateko aurkezpen bat saritu dute
Nafarroako Ospitale Guneko Bularreko Kirurgiako Zerbitzuak, sari bat lortu du Bularraren 4. Espainiako Kongresuan bularreko minbizia duten gaixoekin erabiltzen duten protokoloa jasotzen duen komunikazio zientifikoarengatik. Horren bitartez bigarren ebakuntzaren beharra %18,5etik %5,7ra murriztea lortu dute.
Protokolo horri jarraituz, tumorearen ondoko ertzaren analisi patologikoa egiten dute patologoek, ebakuntza egin bitartean. Ebakuntzan bertan ematen zaio zirujauari emaitzaren berri eta, horri esker, erauzketa-eremua handitzea edo ez handitzea erabaki daiteke. Jarduketa horri esker, nabarmen murriztu da pazienteei tumorea guztiz kentzeko berriro ebakuntza egin beharra.
Honako medikuak dira Nafarroako Ospitale Guneko Bularreko Kirurgiako Zerbitzuko profesionalak, komunikazioaren egileak: Andrea Goikoetxea Urdiain, Pedro Armendariz Rubio, Ines Eguaras Cordoba, Natalia Moras Perez, Cristina Artieda Soto eta Miguel Angel Sanz de Pablo.
Madrilen urriaren 17tik 19ra egin zen kongresuan komunikaziorik nabarmenenei eman zitzaizkien hiru sarietako bat jaso du “Kirurgiako ertzak ebakuntzan bertan ebaluatzearen balioa bularreko minbiziaren kirurgia kontserbatzaileko ertz kaltetuaren diagnostikoan” izenburupeko komunikazioak.
Minbizirik gabeko ertzak
Bularraren kirurgia kontserbatzailea da bularreko minbiziaren tratamenduan gehien erabiltzen dena (% 75); mastektomiaren kasuan, bularra osorik erauzten da, eta kasuen % 25ean erabiltzen da. Pedro Armendariz Nafarroako Ospitale Guneko Bularreko Kirurgiako Unitateko buruak azaldu duenez, “azterlan askok erakutsi du kirurgia kontserbatzaileak mastektomia ordezka dezakeela kasurik gehienetan, baina bi baldintza bete behar direla: kirurgiaren ondoren bularra erradioterapia bidez tratatzea, eta lesioa ertzak garbi utzita erauztea lortzea, hau da, erauzi denaren ertzean tumorerik egon gabe. Baldintza biak betetzen ez badira, oso handiak dira lesioa berragertzeko aukerak”.
Armendarizen esanetan, ebakuntzaren unean tumorea idortzen saiatzen dira inguruan ertz sano batekin, "baina, askotan, bularreko minbizia ez da ondo definituta egoten, edo luzapenak izaten ditu eta, horregatik, zaila izaten da helburu hori lortzea”.
Nafarroako Ospitale Guneko Bularreko Kirurgiako Unitateko buruaren hitzetan, “Kaltetutako (gaixotasunarekin) ertzaren maiztasuna asko aldatzen da literatura zientifikoan –% 7 edo 8tik % 40ra–, baina, kasurik gehienetan, beharrezkoa izaten da berriro ebakuntza egitea, ertza garbi dagoela ziurtatzeko, horrek pazientearengan duen eragin negatiboarekin (estresa areagotzea, kimio- eta erradioterapia-tratamenduak hasteko atzerapena, ebakuntzak ekar diezazkiokeen konplikazioak, etab.).
Nafarroako Ospitale Guneko Bularreko Kirurgiako profesionalek egin duten lanean espezimen kirurgikoko –kentzen den bular zatia– ebakuntza barruko azterketa-protokolo batek nola funtzionatzen duen ebaluatu da; protokolo hori kaltetutako ertzaren maiztasuna murrizteko diseinatuta dago.
Protokolo horretan, Anatomia Patologikoko Zerbitzura bidaltzen da espezimena, eta han ebakuntzak irauten duen bitartean aztertzen dute patologiako medikuek, ebakuntza-gelan ebakuntzaren beste zatia egiten jarraitzen duten bitartean. Ertza garbi dagoen, tumoretik gertu edo tumorearen eraginpean dagoen baloratzen du patologoak. Ondoren, telefono-dei bidez, ertza nola dagoen jakinarazten dio zirujauari, eta hark, ebakuntza-gelan, erauzketa-eremua handituko du, baldin eta ertza tumoretik gertu edo tumorearen eraginpean badago.
Armendarizek azaldu du ebaluazio hori ez dela espezimen kirurgikoaren behin betiko azterketa mikroskopikoa bezain zehatza, baina hurbilketa bat egitea ahalbideratzen duela. “Horregatik, paziente batzuen kasuan, ebakuntza barruko ebaluazioan ertza garbi dagoela ondorioztatu arren, azkenean, ertzean tumorea aurkitzen da, eta berriz egin behar izaten zaie ebakuntza".
Zirujauek eta patologoek mediku, erizain, erizaintzako laguntzaile eta zeladoreekin lankidetzan jardutearen garrantzia ere azpimarratu du aditu honek, ebakuntza barruko ebaluazioa ahalik eta lasterren egin dadin, horrek ebakuntza luza ez dezan eta, beraz, ez diezaion pazienteari kalterik eragin.