2019ko urriaren 24a

Ikasturte honetarako beken deialdi orokorra onartu da, 4,3 milioi euroko zenbatekoarekin

PLau errenta-maila aplikatuko dira bekak esleitzeko, derrigorrezkoen ondorengo eta unibertsitateko ikasketak egiten ari diren ikasleen maila sozioekonomikoaren araberako progresibotasuna eta bekak maila horretara egokitzea ziurtatuko dutenak

Nafarroako Gobernuak, Hezkuntza Departamentuaren eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuen bitartez, 2019-2020ko ikasturte honetarako beken deialdi orokorra onartu du berriki, 4.334.104 euroko guztizko zenbatekoarekin. Lau errenta-maila aplikatuko dira beka horiek esleitzeko, derrigorrezkoen ondorengo eta unibertsitateko ikasketak egiten ari diren ikasleen maila sozioekonomikoaren araberako progresibotasuna eta bekak maila horretara egokitzea ziurtatuko dutenak

Gaur, urriak 24, argitaratu da deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean; Ministerioak deitutako beken osagarriak dira, eta modu telematikoan tramitatuko dira. Beken helburua da derrigorrezkoak ez diren ikasketak egiten ari diren ikasleei ikasketei, garraioari, jantokiari eta egoitzari dagozkien gastuak ordaintzen laguntzea.

Guztizko 4.334.104 euroetatik, Hezkuntza Departamentuak jartzen ditu 1.034.104 euro derrigorrezko ikasketen ondorengoak izanik, unibertsitate mailakoak ez diren ikasketak egiten ari diren ikasleentzako, eta 3.300.000 jartzen ditu Unibertsitateko Departamentuak, unibertsitateko ikasketak egiten ari direnentzako.

Kopuru hori aurreko ikasturtean onartutako guztizko kopuru bera da, baina 2018-2019 ikasturtean 3.254.960 euro bideratu zen graduko ikasketetarako eta masterretarako; aurten, berriz, 3.300.000 euro bideratuko da, % 1,38 gehiago.

Deialdia argitaratzeko eguna ez atzeratzeko helburuz, Unibertsitateko Departamentuak ez du aurreko ikasturtekoekiko aldaketa esanguratsurik egin oinarrietan. Hala ere, datozen urteetarako gradu eta masterretarako beken deialdien egutegiak aurreratzea eta horien inklusibotasuna hobetzea aztertzen ari da. Hezkuntzako Departamentuaren bekei dagokienez, ez dira aldatu aurreko ikasturteko deialdiaren egitura eta oinarriak.

Gradu eta master mailako unibertsitateko ikasketa arautuak sartzen dira Unibertsitateko Departamentuaren atalean, bai eta 25 eta 45 urtetik gorakoentzako unibertsitatera sartzeko ikastaroa ere. Hezkuntzako Departamentuaren bekei dagokienez, derrigorrezkoen ondorengo eta goi mailako ikasketak sartzen dira, lanbide heziketakoak, batxilergokoak, arte- eta kirol-ikasketak, erlijio-ikasketak eta hizkuntzak.

Kasu bietan, espainiar hezkuntza-sistemaren barruan dauden eta lurralde nazional osoan baliotasuna duten ikasketak egiten ari diren ikasleek jaso ditzakete bekak.

Foru Komunitatetik kanpoko unibertsitateetan matrikulatutako ikasleei dagokienez, ondorengo kasuetan bakarrik emango zaie beka: ikaslea NUPen onartu ez badute, matrikulatuta dagoen ikastetxea Nafarroakoak baino hurbilago baldin badu, NUPek eskaintzen ez dituen ikasketak egiten ari bada, edo euskaraz ematen diren ikasketak baldin badira, Nafarroan eskaintzen ez direnak.

Familia-errenta

Beka progresiboak dira, familia-errentaren arabera ematen direnak. Lau diru-sarrera mugaren (txikitik handira) eta familia-unitateko kide kopuruaren arabera egiten da kalkulua; era horretan, arrakalak murriztea eta baliabideen eskuragarritasunean zuzentasuna bermatzen da, eta alderdi horretan sakondu nahi du Unibertsitateko Departamentuak.

Adibide modura, lau kide eta 28.288 euroko diru-sarrerak dituen familia-unitateko kide den pertsona bat 1. mugan egongo litzateke, eta kide kopuru bera izanik, 55.108 euroko diru-sarrerak (4. muga) dituen familia-unitate bateko pertsona bati baino kopuru handiagoa egokituko zaio. Nolanahi ere, ikasketetarako emandako zenbatekoa ezin izango da matrikularen benetako kostua baino handiagoa izan.