Descárgate la app
Brexitaren aurrean hartutako neurri nagusiak aurkeztu ditu Gobernuak
2019ko urriaren 18a
Brexitaren aurrean hartutako neurri nagusiak aurkeztu ditu Gobernuak
Erresuma Batua Europar Batasunetik ateratzeko aukeraren aurrean Nafarroako Gobernuak lanean jarraitzen du Erresuma Batuan bizi diren 1500 nafarren eskubideak bermatzeko. Gainera, egoera horren aurrean Nafarroako enpresa eta gizarte esparruan jarritako kontingentzia neurri ezberdinak abiatu dira.
Horrela azaldu du exekutiboak gaur goizean informazioa emateko egindako gosari-saioan; bertan parte hartu dute Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilari Manu Ayerdik eta Kanpoko Ekintzarako zuzendari nagusi Mikel Irujok.
Erresuma Batuak Europar Batasunari bertatik ateratzeko asmoa zuela 2017an jakinarazi zionetik, Ollo kontseilariak azaldu duenez, Nafarroako Gobernuak modu koordinatuan egin du lan departamentu artean, kaltetutako sektoreak zeintzuk diren jakiteko, horietan Brexitak izango duen inpaktua ezagutzeko eta sektore bakoitzaren premietara egokitzen diren neurriak proposatzeko xedearekin. Horrez gain, Europar Batasunarekin loturiko Gaietarako Biltzarraren bitartez, exekutiboak koordinazio-lanak egin ditu Autonomia Erkidego ezberdinekin eta Espainiako Gobernuarekin berarekin.
Kontseilariak esan du Gobernua kezkatuta dagoela Erresuma Batuan bizi diren nafarren eskubideengatik. “Gaur egun, 1500 nafar baino gehiago bizi dira herrialde horretan, eta haien eskubideak bermatzeko lan egin behar dugu. Pertsona horiek, esan du, “ahalik eta inpakturik txikiena jasan behar dute eta haien eskubideak bermatu behar dira enpleguan, osasun-laguntzan, prestazio sozialetan edo hezkuntza-arlokoetan”.
Kontseilariak egun gakoa aipatu du; hau da, 2020ko abenduaren 31. Edonola ere, herritarrek izan ditzaketen kalte nagusiak esteka honetan kontsulta daitezke.
Unibertsitate-tituluei dagokienez, oraingoz homologatuak izaten jarraituko dute, baina, horien gainean akordiorik ez badago, hirugarren herrialdetakoen antzeko izapideak bete beharko dituzte. Horrez gain, honako hau adierazi du: Brexitaren efektu bat izango da “Erresuma Batuan ikasten duten komunitate-ikasleek tarifa askoz ere altuagoak aurkituko dituztela; hots, bikoiztuak edota hirukoiztuak ere bai”.
I+G+b sektoreari dagokionean, kontseilariak Europako proiektuen inguruan zalantza sortzen dela adierazi du; adibidez, INTIAk duen hamabikoan Erresuma Batuko bazkideekin.
Bestalde, exekutiboak abian jarritako neurriak ekarri ditu gogora Ayerdi kontseilariak, batik bat sektore ekonomikoan oinarritzen direnak eta "zalantza-egoera honetan" Nafarroako enpresei laguntzea helburu dutenak.
Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren titularrak, Manu Ayerdik, Nafarroako enpresek Erresuma Batura egiten dituzten esportazio-datuen berri eman du. 2018. urtearekin alderatuta, 2019ko urtarriletik uztailera esportazioak %25,4 gehitu dira. Esportazioen artean, nekazaritzako elikagaien sektoreak egindakoak nabarmentzen dira, 137 milioi eurora iritsi baita 2019ko uztailera bitarte; 2018. urtean, 206 milioi eurora heldu ziren.
Enpresen zerbitzura dauden erremintak
Nafarroako Gobernuak eskainitako neurrien artean honako hauek daude: Brexitaren Inpaktuaren autodiagnostikoa egiteko erreminta, Brexit Bonuak edo Sodenaren eta Elkargiren artean abian jarritako 10 milioi euroko finantzaketa-lerroa. “Brexitak zirkulatzaileen tentsioa sor dezake eta horrek arintasunean eragin dezake izapide ezberdinetan. Hori dela-eta, lerro hori birika antzeko bat izan daiteke enpresentzat”, adierazi du Ayerdik. Ondoren, Nafarroako Gobernuak jada gaitutako eta enpresen eskura jarraitzen duten erremintak zehaztu ditu:
- “Brexit inpaktua”: Online erreminta da, doakoa, eta www.brexitnavarra.com helbidetik sar daiteke bertara. Modu horretan, enpresek autodiagnostikoa egin ahal izango dute Brexitaren aurrean beren agerpen-maila (Erresuma Batuarekin merkataritza-harreman handiagoa edo txikiagoa dutenaren arabera) eta heldutasun-maila (Brexitari aurre egiteko duten prestakuntza handiagoaren edo txikiagoaren arabera) ezagutzeko. Diagnostiko hori egiten duten enpresek, gainera, txosten bat lortuko dute gomendio pertsonalizatuekin.
- Brexit Bonuak: Bonu horien bitartez diru-laguntza eskuratuko dute Brexitaren inpaktuaren gaineko diagnostikoa eginda daukaten enpresek beren aholkularitza-gastuetarako. Gastuak %50era finantzatuko dira, eta enpresa batek gehienez ere 3.500 euroko diru-laguntza jaso ahal izango du. 2019ko deialdia abuztuan itxi bazen ere, Nafarroako Gobernuak beste deialdi bat ireki nahi du urtarrilean. Diru-laguntza hori jasotzeko enpresek, diagnostiko bat edukitzeaz gain (‘Brexit Inpaktua’ tresnaren edo beste bide batetik lor daiteke), baldintza bat bete beharko dute; alegia, aurreko bi ekitalditan Erresuma Batuan filiala edukitzea edo hara esportatu izana.
- Finantzaketa-lerroa: Nafarroako Gobernuak, Sodena sozietate publikoaren bitartez, hitzarmena sinatu zuen Elkargirekin pasa den apirilean, 10 milioi euroko finantzaketa-lerroa abian jartzeko, Brexitak kalte ditzaketen enpresa nafarrei epe labur-ertainera laguntze aldera. Lerroa erabili ahal izango dute Erresuma Batuarekin inportazioko edo esportazioko harreman komertzial zuzenak dituzten enpresek nahiz haien hornitzaileen eta bezeroen sare osoak. Sodenak, ELKARGIren abalarekin, 50.000 € eta 500.000 € arteko maileguak berehala emango dizkie hitzarmenean ezarritako baldintzak betetzen dituzten enpresei.