Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak Nafarroako Plangintza Erregistroa eta hirigintza eta lurralde plangintzako instrumentuen aurkezpena arautuko ditu
2019ko urriaren 16a
Nafarroako Gobernuak Nafarroako Plangintza Erregistroa eta hirigintza eta lurralde plangintzako instrumentuen aurkezpena arautuko ditu
Nafarroako Gobernuak gaurko bileran foru-dekretu bat onartu du, Nafarroako Plangintza Erregistroa eta Foru Komunitateko hirigintza eta lurralde plangintzako instrumentuak aurkezteko formatua arautzeko. Araudi berria, seguruenik, 2020ko apirilean sartuko da indarrean.
Dekretuaren helburua da lege ezberdinetan jasotako arauak abian jartzea, herritarrei eskumeneko Administrazioen baitan dagoen lurralde eta hirigintza mailako informazioa eskuratzeko eskubidea bermatzearren, interes jakin bat egiaztatu beharrik gabe.
Publizitate hori errazteko, 2007az geroztik, Foru Komunitateak lurralde eta hirigintza mailako sare-informazioa Nafarroako Hirigintza Informazio Sistemaren bitartez eskuratzeko aukera eskaini du. 2016. urteaz geroztik, halaber, informazio horretara sar daiteke IDENAren (Nafarroako Datu Espazialen Azpiegitura) bisorean jarritako esteken bitartez.
Dena den, foru-dekretuan jasotzen denaren arabera, urte hauetan zehar egiaztatu da lurraldearen antolamenduko instrumentuen eta hirigintza-planen "heterogeneotasun handia", horiek egiteko irizpide oso ezberdinak erabili dira-eta. Ildo horretan, heterogeneotasun hori murriztu behar da, dokumentu teknikoen aurkezpena normalizatuaz eta aurkezteko formatuaren aldetik gutxieneko baldintzak eta baldintza bateratuak ezarriaz, izapidetzeko nahiz onartzeko edota ondoren Plangintza Erregistroan sartzeko.
Era horretan, “eskumeneko administrazio publikoek aipatu instrumentuen analisia eta tratamendua erraztea nahi da eta Erregistrora eta Hirigintzako Informazio Sistemara sartzeko modu automatizatuagoa eta eraginkorragoa izatea”. Horrekin kostu ekonomikoa jaisteaz gain, profesionalei eta herritarrei eskainitako informazioa telematikoak kalitate handiagoa izatea bermatuko da.
Halaber, ezinbestekotzat jotzen da dagozkion instrumentuak Plangintza Erregistroan inskribatzeko prozedura izatea. Zehazki, dekretuan zehazten dira aplikazio-eremua, inskribatzeko prozedura, eduki dokumentala eta aurkezpen-formatua edota publizitatea eta Erregistroan jasotako instrumentuetara sartzeko aukera.
Foru-dekretuaren edukia testua idatzi aurretik kontsultatu ahal izan zen Gobernu Irekiaren atarian, eta, jarraian, Nafarroako Kontseiluaren adostasuna jaso zuen.