2019ko urriaren 15a

Chivite Lehendakariak kooperatibagintzak gizarte ikuspegia duen enpresa jarduera bateragarri egiten duela baieztatu du

ANEL eta UCANek Nafarroako Kooperatibagintzaren inguruan antolatutako lehen Topaketaren itxiera ekitaldian izan da Baluarten
Lehendakaria eta topaketan parte hartu dutenen talde argazkia.
Lehendakaria eta topaketan parte hartu dutenen talde argazkia.  Deskargatu irudia Irudi galeria

“Gizartearekin konpromisoa duen eta gizarte ikuspegia duen enpresa jarduera bateragarria dela erakusten du kooperatibagintzak”, bermatu du gaur goizean María Chivite, Nafarroako Lehendakariak. Horrela, enpresa kudeaketa modu hori “beharrezkoa eta ezinbeztekoa” da “ohikoa, jasangarria eta gauzak egiteko elkartasun eredua oinarri” duen ekonomian, baieztatu du.

Baluarte jauregian egin ditu adierazpenok Lehendakariak, Nafarroako Gizarte-ekonomiako Enpresen Elkarteak (ANEL) eta Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Kooperatiben Batasunak (UCAN) Nafarroako Kooperatibismoari buruz antolatutako Lehen Topaketaren amaierako ekitaldian. Gogorarazi behar da, eskura ditugun azkeneko datuen arabera –2018ko abendukoak dira datuok– 503 kooperatiba daudela Nafarroan, eta 10.787 laguni ematen dietela lana.

Bestalde, zera aitortu du Maria Chivitek: “lurraldean errotutako eta bertako herritarrekin konprometitutako enpresak behar ditugu". Zentzu horretan, adierazi du “lurralde osoan kalitatezko enplegua sortzeko eta hedatzeko” modu “oso egokia” dela kooperatibismoa”. “Balio ikaragarria duen kohesio-elementua da”, gaineratu du.

Chivitez gain, Nafarroako Gobernuko beste ordezkari batzuk ere egon dira Kooperatibismoari buruzko Topaketaren amaierako ekitaldian, besteak beste, Jose Maria Aierdi bigarren lehendakariordea eta Lurralde Antolamendu, Paisaia, Etxebizitza eta Proiektu Estrategikoen kontseilaria; Bernardo Ciriza Lurralde-kohesiorako kontseilaria; Manu Ayerdi Ekonomia eta Enpresa Garapenerako kontseilaria; Carmen Maeztu Gizarte Eskubideen kontseilaria; eta Itziar Gomez Landa Garapen eta Ingurumeneko kontseilaria.

Kooperatibismoaren erronkak

Bere hitzaldian, kooperatibismoak gaur egun dituen erronkak ere aipatu ditu Nafarroako Lehendakariak; horien artean, belaunaldi arteko erreleboa eta ingurumenari dagokion jasangarritasuna nabarmendu ditu.

Gainera, sektore horren integrazioaz ere hitz egin du, “Nafarroan 20 milioi euro baino gehiago fakturatzen duten kooperatiben kopurua handitu dadin”. Maria Chiviteren esanetan, era horretan “banatzaile handien aurrean berdintasun-baldintzetan lehiatzeko beharrezko masa kritikoa” lortuko litzateke, "edo, gutxienez, gutxiagotasun-baldintzetan jokatuko ez duena”.

Chivitek eskaini duen hitzaldian, ziurtatu du “Gobernu honek oso argi" duela “Nafarroaren garapenerako ezinbestekoa” dela “beren ekarpena egiten duten eragile guztiak kontuan hartzea”. Ildo horretan, aitortu du kooperatibismoa dela “beste eragile bat, beste zutabe bat, lortu nahi dugun hazkunde-eredu horretan: eredu berritzailea, bidezkoa, jasangarria eta talentuari balioa emango diona”.

Azkenik, Enplegu Plan bat behar dela adierazi du Chivitek, “adostasun zabal baten emaitza" izango dena, eta “kalitatezko enplegu seguru, soldata-arrakalarik gabeko eta eskubidedunarekin konprometitzeko aukera emango diguna”.