Descárgate la app
Ayerdi kontseilaria Julia Hillenbrand Lufthansa Groupeko Espainia eta Portugaleko zuzendari nagusi berriarekin bildu da
2019ko urriaren 14a
Ayerdi kontseilaria Julia Hillenbrand Lufthansa Groupeko Espainia eta Portugaleko zuzendari nagusi berriarekin bildu da
Manu Ayerdi, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilaria, Julia Hillenbrand, Lufthansako Groupek Espainia eta Portugalen duen zuzendari nagusi berriarekin bildu da Nafarroako Jauregian gaur goizean. Bertan airelineako ordezkariak Iruña eta Frankfurt lotzeko helgadiak mantentzeko asmoa agertu du. Gainera, Lufthansak Nafarroako hiriburuan duen operatiboaren ezaugarriak ezagutu ditu eta 2020ko udako ordutegiaren hasierarekin eta aurreikusitako eskaerak berreskuratzearekin eguneroko hegaldien eskaintza igotzeko interesa agertu du.
Kontseilariak eskerrak eman dizkio Hillenbranderi, Lufthansak 2017az geroztik Nafarroan egin duen apustuarengatik, eta Iruñea-Fránkfort hegaldiak neguan egunero egotea eskatu dio. “Pozik gaude 2020ko apiriletik aurrera eguneroko hegaldiak egoteagatik, eta urte osoan zehar horrela izatea espero dugu”, esan du.
Laster bi urte beteko ditu ibilbide horrek, eta, AENAren datuen arabera, urtean batez beste 40.000 bidaiarik erabili dute. Alemaniako konpainiak Espainiarako eta Portugalerako duen arduradunaren arabera, “harrera on honek eta ibilbidearen okupazioaren batez besteko altuak hegaldi honen alde apustu egiten jarraitzera gonbidatzen gaituzte, era horretan Iruñearen eta munduko beste leku batzuen artean konexio hobeak eskaintzen jarrai ahal izate aldera”.
Nafarroako Gobernua zein Lufthansa gustura daude linearen funtzionamenduarekin, eta batera lanean ari dira hori finkatzeko eta hegaldiak maizago jartzeko.
Bilera instituzionalean, halaber, Sodenaren zuzendari kudeatzaileak, Pilar Irigoienek Sodenako proiektuen zuzendariak, Amaya Manriquek, eta Lufthansa Group-ek Iparralderako duen arduradunak, Gloria Garbayok hartu dute parte.
Topaketa enpresekin
Ondoren, Lufthansa Group-eko zuzendari nagusia, Hillenbrand, Iruñea-Frankfurt ibilbidea erabili ohi duten enpresa nafarren ordezkariekin bildu da. Horrela, zuzenean ezagutu ditu Alemaniako konpainiarekin horiek egiten dituzten hegaldien inguruko iritziak, eskaintzen duten zerbitzua hobetze aldera.
Azkenik, gaur Lufthansarekin egindako bileren txanda amaitzeko, sektore turistikoarekin bildu dira, eta bertan parte hartu du, baita ere, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak, Maitena Ezkutarik. Nabarmendu behar da Alemaniako turisten trafikoa %5 gehitu dela azken hilabeteetan, eta, horregatik, Nafarroako Gobernua plan estrategikoa lantzen ari da herrialde horrekin. Ildo horretan, Ayerdi kontseilariak babesa eskatu dio Lufthansari Iruñea sustatzeko.
Neguko egungo hegaldiak
Neguko ordutegia abian jarriko da hilabete honen amaiera aldera, eta, orduan, Lufthansa ohiko eskaintzara itzuliko da; hau da, astean lau hegaldi Iruñea eta Fránkfort artean (astelehena, asteazkena, ostirala eta igandea).
Hegaldia 09:40an ateratzen da Alemaniako hiritik eta Nafarroako hiriburura 11:55ean iristen da. Itzultzeko bidaia, berriz, 12:40an ateratzen da Iruñetik eta Fránkforten 14:45ean hartzen du lurra. Hegaldi guztietan bezala, Lufthansak doako cateringa eskaintzen du hegazkinean, janari eta edari zerbitzuarekin maila guztietan.