Nafarroak desgaitasunaren baremo berria ezartzeko bi lan taldeetan parte hartuko du

Nafarroak desgaitasunaren baremo berria ezartzeko bi lan taldeetan parte hartuko du

Foru Komunitateko balorazio taldeek ekarpen garrantzitsuak egin dizkiote 2009tik ezarri nahi duten irizpide berriari

2019/10/10
Maeztu kontseilaria, Lurralde Kontzeiluaren osoko bilkurako ordezkariekin batera.

Nafarroako Gobernuak 2009tik  Estatuan ezarri nahi duten desgaitasunaren baremo berria abian jartzeko bi lan taldeetan parte hartuko du. Foru Komunitateko balorazio taldeek ekarpen garrantzitsuak egin dizkiote irizpide berri horri.

Eskubide Sozialetako kontseilariak Gizarte Zerbitzuen eta Pertsonen Autonomiarako Sistemaren Lurralde Kontseiluaren (Osasun, Kontsumo eta Gizarte Ongizateko Ministerioarena) osoko bilkuran parte hartu du gaur, Madrilen, komunitate autonomoetako Eskubide Sozialetako kontseilaritzen ordezkaritzarekin eratua, eta, han horren berri eman du.

Bileran zehar, desgaitasunaren baremo berriaren inguruan adostutako neurrien eta beste gai batzuen gaineko informazioa eman dute.

Hartutako akordioen artean, bi lantalde eratu dira. Lehena, pilotaje eta prestakuntzakoa, Balearrrak, Madril, Gaztela eta Leon, Valentzia eta Nafarroako komunitate autonomoek eta Imsersok Ceutan eta Melillan dituen bi lurralde-zuzendaritzek osatua, Imsersoren koordinazioarekin. Baremo berriari eta aplikazio informatikoari buruzko prestakuntza-jardunaldiak antolatuko ditu, pilotajea egitearekin batera, balorazio-sistema berria aplikatzeko beharko den denbora kalkulatzearren.

Beste taldeak egokitutako baremo berriaren araudiari buruzko gaiak jorratuko ditu, une honetan arautzen duen dekretua berrikustetik abiatu eta eredua aplikatzerakoan eraginkorragoak izateko lanak eginaz. Modu horretan, desgaitasun eta mendekotasuneko egoeren artean korrelazioak ezartzeko aukerak aztertzeaz arduratuko da eta desgaitasuna baloratzeko taldeak (EVO) osatzeaz.

Nafarroak baremo berriari egingo dion ekarpena

Baremoaren bitartez, desgaitasun-maila onartzen, aitortzen eta kalifikatzen da, eta baremo hori egokitzeko prozesua 2009az geroztik garatzen ari dira egungoa, 1999. urtean onartua, Osasunaren Mundu Erakundeak ezarritako nazioarteko sailkapenera egokitze aldera.

“Baremo berriarekin –Maeztu kontseilariak azaldu du- desgaitasunaren inguruko ikuspegia aldatzen da; izan ere, pertsonen sailkapena izatetik, pertsonen osasunaren ezaugarrien sailkapena izatera igarotzen da, eta testuingurua hartzen du kontuan, hots, norbanakoaren egoera, bizimodua nahiz ingurumen-efektuak”. Horrez gain, “ikuspegi horrek aldaketa soziala ekarri du mundu osoko pertsona ezinduentzat”, gehitu du.

Halaber, kontseilariak ondorengoa aitortu du: “beharrezkoa da baremo berria izatea, unibertsala, pertsona guztiak, zein herrialdetan edo komunitate autonomotan bizi diren kontuan izan gabe, irizpide beraren arabera baloratzeko. Beraz, hori baremo berriari esker egin ahal izango da, konplexuagoa delako eta egungoak baino aldagai gehiago hartzen dituelako”.

Baremo berria lantzen duela 10 urte hasi ziren. 2009. urtean, Desgaitasunaren Politika Integraletarako Diputatuen Kongresuko Batzordeak ondorengoa eskatu zion Gobernuari Legez besteko Proposamenaren bitartez: “baremo berriak onartzeko beharrezko neurriak bultzatzea, desgaitasuna funtzionamenduaren eta desgaitasunaren nazioarteko sailkapenaren (CIF) arabera baloratzearren. Proposamena aho batez onartu zuten.

Nafarroan, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako (ANADP) Balorazio Atalean, zehazki, lan handia eta aktiboa egin dute baremo berria osatzen.

2013an, egungo baremoa egokitzeko lehen proposamen teknikoa egiten parte hartu zuten; baita, proposamen tekniko berria eta gaur egungo baremoa konparatzeko lehen azterketan ere.

2015. urtean, Lantaldeen ondorioak aintzat hartuta, beste proposamen tekniko bat egiten hasi ziren, eta horren inguruko pilotajea egin zen zenbait komunitate autonomo boluntariotan, tartean Nafarroan.

2018. urteaz geroztik, ANADPeko Balorazio Atalaren buru den Javier Zugastik koordinatutako taldea desgaitasuna eta mendekotasuna baloratzeko prozesuen administrazio-lanak sinplifikatzeko lanean ari da, desgaitasun-egoera onartzeko eta desgaitasun-maila aitortzeko eta kalifikatzeko prozedura bakarra ezartzearren. Koordinazio-lanak egiteko ardura Nafarroari eman zioten, bi prozedurak ezagutzeagatik eta Nafarroako Foru Erkidegoan bi prozeduren eta taldeen artean koordinazioa izateagatik.

Urte hauetan zehar, Nafarroako balorazio-taldeak baremo berriaren eta hori ezartzearen inguruan prestakuntza ugari eskaini ditu beste komunitate autonomoetan.

Lurralde Kontseiluaren gai-zerrendako beste gai batzuk

Lurralde Kontseiluak beste gai batzuk ere sartu ditu gaurko bileran; hala nola, Alzheimerraren eta bestelako dementzien 2019-2023 Plan Nazionala onartzea.

Era berean, Gizarte Zerbitzuetako Batzorde Delegatuak (komunitate autonomo guztietako arduradunek hartzen dute parte bertan) hartutako erabakien berri eman du, haurtzaroari buruzko autonomia arteko lankidetzari dagokionean, zehazki familia-harrerarekin eta adingabea barnetegian hartzearen ingurukoak.

Nazioarteko adopzioa ere kontseiluaren agendan aurkitzen da; besteak beste, nazioarteko adopzioan bitartekaritza-lanak egiteko kontratu-eredua eta gai horretan bizi duten egoera partikularra Vietnam, Nigeria eta Haiti herrialdeetan.

Azkenik, GIBak eragindako infekzioa duten pertsonak adinekoen eta/edo desgaitasuna duten pertsonen egoitza-zentroetan sartzeari buruzko aitorpen instituzionala onartzea aurreikusten da.