Nafarroa, aitzindaria da Europan laser puntarekin sortutako mapa zehatzetan

Nafarroa, aitzindaria da Europan laser puntarekin sortutako mapa zehatzetan

Kartografia Atalak Lidar teknologiarekin egindako mapa berriak mendi itxiko bideak ikusarazi eta altuerak zehazki neurtzeko aukera eskaintzen du, bestelako funtzioen artean

2019/10/09

Barrankan, Lizarragako ortoargazkia.

Nafarroa txorien begiradaz. Eta zuhaitzen, eraikinen eta gizakiak eraikitako bestelako azpiegituren azpian lurra ikusteko gai den begiradarekin. Horrela ikusi ahal izango dira mendiko ibilbideak eta edozein aldapa, zuhaitz edo eraikin zehaztasunez neurtzeko aukera ere izanen da.

Funtzionaltasun horietako batzuk modu askean eta doan eskura ditzakete herritar guztiek eta enpresek Nafarroako Gobernuaren Kartografia Atalak Lidar teknologiaren bitartez garatutako mapa-eredu berriak erabilita. Teknologia horrek distantziak neurtzen ditu laser jaurtiketen bidez.

Mapak puntu-hodeien bitartez egin dira 4.500 metroko altueran egindako hegaldietan lortutako milioika erregistrorekin. Horrela, lurreko erliebea erakusten dute zorua ez den edozein elementu artifizial eta/edo natural kenduta (MDT) eta lurreko azalera ere bai bertako gorputz natural edo gainean eraikitako eta guzti (MDS).

Modu horretan, mapei esker, zoruaren, behe, ertain eta goi landarediaren eta edozein motako eraikuntzaren arteko aldeak bereiztu daitezke. Teknologia berriaren bitartez, xehetasunez ikus daitezke mendi itxiko bide txikiak nahiz era guztietako bideak.

Mapak modu askean eta era profesionalean ikusteko eta erabiltzeko aukera eskaintzeaz gain, azpiko mapa moduan berrerabili daitezke, gaikako mapak egiteko bestelako informazioa gainean jartzeko.

Profesionalki eskaintzen dituen zerbitzuen artean, objektuen altuera neurtzeko kontsulta egin daiteke; alegia, eraikinen, zuhaitzen eta lurzoru bezala sailkatu gabeko beste edozein elementuren tamaina jakin daiteke. WCS kontsulta eskuragarria jarri da IDENAtik.

Halaber, Nafarroako beste bost geruza oso eta jarrai berri sartu dira profesionalki erabiltzeko, eta, lursailaren gaineko altueraz gain, Lursailaren Eredu Digitala, Azaleren Eredu Digitala, aldapa portzentaje eran eta orientazioa graduetan lortzeko aukera eskaintzen dute.

Mapak 50 zentimetroko ebazpenarekin eta 2 metroko sare-pasoarekin argitaratu dira, baina 25 zentimetroko bertsioa ere eska daiteke.

Mapen bidez, IDENAren web bisorean modu askean eskura daitezkeen marraduren bilduma sortu du Kartografia Atalak, eta lursailaren nahiz azaleren eredua agertzen da, koloretan, zuri-beltzean eta argiztapen antsiotropikoarekin, irudiari bi solek baino gehiagok sortutako argia emanaz, itzalak nabarmendu eta ahalik eta irtengune handiena lortze aldera.

Mapen bilduma horiek guztiak IDENAren web bisorearen bitartez kontsulta daitezke, erreminten atalean, dauden geruzen artean. Horrela, ‘Lurraren estaldura’ klikatu behar da eta, ondoren, ‘Erliebe-mapak’ azpikategoria.

Orobat, mapak doan eta online deskarga daitezke Nafarroako Kartotekaren eta Fototekaren (https://cartotecayfototeca.navarra.es ) eta Nafarroako Gobernuaren Kartografiaren FTP-ren (ftp://ftp.cartografia.navarra.es/) bitartez.

Nafarroa, aitzindaria Lidar teknologian

Nafarroa Europan lehena izan da Lidar teknologia berria erabiltzen Single Photon Lidar (SPL100) sentsorearekin. Horrela, lidar hegaldi batek gutxienez laser argiaren 14 sorta erregistratzea lortu da metro karratuko (orain arte, metro karratu bakoitzeko puntu bat jasotzen zen).

Hegaldi esperimentalak 2017an egin ziren, eta, informazio ugari erregistratu denez, 2018an zehar prozesuak garatu behar izan dira lidar puntuen sailkapena hobetzeko adimen artifizialeko (IA) teknikak erabilita.

Lurralde Kohesiorako Departamentuak eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak esku hartu dute lidar datuak erabiltzea eta hedatzea errazteko hainbat mapa (lursailekoak nahiz azalerakoak) eta zerbitzu eredurekin.