Descárgate la app
Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluko bokalak izendatzeko hautagaitzak aurkezteko epea urriaren 29a arte ireki da
2019ko urriaren 8a
Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluko bokalak izendatzeko hautagaitzak aurkezteko epea urriaren 29a arte ireki da
Eskubide Sozialetako Departamentuak Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluko bokalak bozkatzeko eta izendatzeko hautagaitzak aurkezteko epea urriaren 29a arte ireki du. Foru Agindua gaur NAOn argitaratu dute.
Nafarroako ondorengo lanbide elkargoetako baten hiru ordezkari aukeratuko dira: gizarte lana eta gizarte laguntzaileak, psikologoak, sendagileak, erizaintza eta beste hainbat. Halaber, gizarte zerbitzuetako ekimen pribatuko entitateek proposatuta bokal bana izendatuko da ondoko esku-hartze eremu bakoitzetik, hala nola, familia, adingabeak, desgaitasuna, hirugarren adina, inmigrazioa eta gizarte bazterketa.
Bi kasuetan hautagaitzak idatziz aurkeztu beharko dira, eskabidea Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira zuzenduta, eta, ahal dela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztuko da, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren lekuetako edozeinetan.
Idazkian, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Kontseiluko bokal izateko hautagaiaren izen-deiturak aipatuko dira, baita ordezkoaren datuak ere. Halaber, zein lanbide elkargoaren ordezkari den edo zer entitate ordezkatzen duen eta zein eskuhartze eremutan aurkezten den aipatu beharko da.
Aipatu epea iraganik hautagaitza nahikorik aurkezten ez bada, Eskubide Sozialetako kontseilari Mª Carmen Maeztuk libreki izendatuko ditu lanbide elkargoetako zein entitate pribatuetako ordezkariak. Lanbide elkargo batetik hiru hautagaitza baino gehiago aurkezten badira edo gizarte zerbitzuetako esku-hartze eremuetako batetik bat baino gehiago, 2019ko azaroaren 4an, astelehenarekin, 9:00tan Eskubide Sozialetako Departamentuko Idazkaritza Teknikoan (Gonzáles Tablas Kalea 7) eginen diren bozketen bitartez aukeratuko dira. Horren berri departamentuaren webgunean emanen da.