2019ko irailaren 30a

1936ko kolpe militarreko 16 biktimen gorpuzkinak aurkitu dira Ollakarizketan

Gaur eta bihar 150 ikaslek desobiratzea bisitatuko dute garaiko gertuko lekukoek lagundurik
Aranzadiko langileak ikasle eta agintariei desobiratzearen xehetasunak 
azaltzen Ollakarizketan.
Aranzadiko langileak ikasle eta agintariei desobiratzearen xehetasunak azaltzen Ollakarizketan.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, 1936ko kolpe militarreko 16 biktimen gorpuzkiak berreskuratu ditu. Aranzadi Zientzia Elkarteko talde teknikoa ari da gorpuzkiak hobitik ateratzen. Horiek  Iruzkun izeneko lekuan aurkitu dituzte, Txulapain bailaran, Iruñetik 12 kilometroetara.

Kasu honetan, aurkikuntza erraztu duen hasierako informazioa Félix Echalecu izeneko herritarrak eman zuen, hobia egitera behartu eta exekuzioen lekukoa izan baitzen. “Egun hartan, 17 gizon ekarri zituzten eskuak lotuta, binaka, eta bildotsak balira bezala sartu zituzten lehendabiziko borda… Pistoladun batek tiroa ematen zien bihotzean eta lurrera erortzen ziren; eskuinean, beste pistoladun batek ematen zien grazia-tiroa. Ez zait ahaztuko bizi naizen artean”, esan zuen.

Hobiaren inguruetan, Sartagudako biktimen senitartekoak bildu ziren 1979 gorpuzkiak lurrazpitik atera eta berreskuratzeko. Nafarroako Memoriaren Institutuko Funts Dokumentalak lan haietan egindako argazkiei esker eta erakundeak berreskuratutako Jimeno Jurio Funsari esker, ehorzketaren kokapen zehatza aurkitu ahal izan da.

Azken asteotan egindako bilaketa eta miaketa lanen laguntzaz, gaur 9 gorpuzki atera ahal izan dituzte Aranzadiko teknikariek, Nafarroako Gobernuak zientzia elkarte honekin sinatua duen hitzarmenaren barnean. Bihar, gainerako 7 gorpuzkiak ateratzeari ekingo diote.

Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok bisitatu du gaur goizean indusketak egiten ari diren eremua, Bakearen, Lankidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusi Martín Zabalzarekin eta Nafarroako Memoriaren Institutuko zuzendari Josemi Gastónekin batera.

Kontseilariak Sartagudako biktimen senitartekoek egindako lana eskertu du, “duela 40 urte zuen senitarteakoak desobiratu baitzenituzten hementxe bertan. Eskerrak eman nahi nizkieke, halaber, memoriaren aldeko elkarteei hainbat hamarkadatan egindako lanagatik”. Horren harira, “memoria bistaratzeko eta ahantzitakoa lurretik atera eta argitara ekartzeko” borondatea adierazi du. Azkenik, desobiratze hauek etorkizunarekin lotzearen garrantzia nabarmendu du. “Funtsezkoa da iragan hori etorkizunarekin lotzea, bereziki gazteei begira, izan ere, Memoria duten Eskolak Programari esker, duela 80 urte hemen zer gertatu zen bertatik bertara ezagutzeko aukera izan duzue”.

150 ikasleren bisita

Gaur eta bihar, Zizur BHI eta Berriozar BHI institutuetako 150 ikaslek gertu-gertutik ezagutzen ahalko dute duela 80 urte gertatu zena, desbiratzeekin loturiko pertsonen testigantzari esker. Horietako bat da Lucía Moreno, ingurua identifikatzen lagundu zuten argazkien emailea eta fusilatutako baten biloba. Honen aita izan zen 1979ko desobiratzeetan parte hartu zutenetako bat. Gertatutakoaren testigantza eman du, halaber, 1979ko desobiratzeetan parte hartu zuen Alargunen Herria Elkarteko lehendakari Máximo Martínezek eta fusilatutako baten biloba eta urte hartako desobiratzeetako partaide ere izan zen Carlos Urbiolak.

Horren harira, ohiturari jarraiki, Nafarroako Gobernuak gonbidapena luzatu dio hobi edo ehorzketei buruzko informazioa izan dezakeen edozein pertsonari, testigantza parteka dezala Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiarekin harremanetan jarriz, pazyconvivencia@navarra.es helbidean.