2019ko irailaren 27a

Nafar Lansarek hileroko 300-360 euro arteko diru-laguntzak emanen ditu familia eta lana bateragarri egitea behar duten autonomoentzat

Laguntza berriari lurralde eta genero berdintasunaren aldeko neurriak gehitu zaizkio eta datozen egunetan eskaerak egiteko epea irekiko da 75.000 euro erabilgarriekin

Eskubide Sozialen Departamentuari atxikitako Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak autonomoei familia eta lana bateragarria egiten laguntzeko deialdi berri bat zabalduko du datozen egunotan.

Dirulaguntza hileko 300 eta 360 euro bitartekoa izanen da, etxean haien ordez lan egin edo zainketak egingo dituzten langabeak kontratatzeko. Lan Autonomoa sustatzeko ildo honek 75.000 euro ditu.

Deialdian bi dirulaguntza mota aurreikusi dira:

  • Autonomoa lanpostuan ordezkatzeko kontratazioa, 7 urtez beheitiko adingabeen edota odolkidetasunaren edo ezkontza-ahaidetasunaren bigarren mailarainoko senitartekoen zainketan diharduen bitartean.
  • Etxean 7 urtez beheitiko adingabeak (seme-alabak, harrerakoak edota tutoretzapekoak) zaintzeko kontratazioa

Lehenengo kasuan, Nafar Lansareren laguntza, Langile Automoaren Estatutuan sartu berri diren Gizarte Segurantzaren kuotaren gaineko hobariekin bateragarria izanen da. Autonomoak araubide berezian jarraitu beharko du, baina jarduera etenda.

Dirulaguntza ordainketa bakarrean abonatuko da, gutxienez 3 hilabete eta gehienbez 12 hilabete izan behar dituen kontratu baterako. Oinarrizko laguntza 300 eurokoa izanen da eta % 10 (30 euro) gehituko da, autonomoak 5.000 biztanle baino gutxiago dituen herri batean lan egiten badu edo kontrataturikoa emakumea bada. Bi baldintzak betez gero, laguntza % 20 (60 euro) gehituko da.

Hortaz, gutxieneko laguntza hileko 900 eurokoa izan daiteke hiru hilabeteko lanaldi osoko kontratu baterako, baita hileko 4.320 eurokoa ere, landa-eremuko emakume bati 12 hilabeteko kontratua edo ordezkapena eginez gero.

Deialdia datozen egunotan argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta interesdunek informazio gehiago eskuratzen ahalko dute www.empleo.navarra.es webguneko Laguntzak eta Dirulaguntzak atalean dagokion tramitearen fitxan.

2019an, laguntzak eskatzen ahalko dira oinarriak NAOn argitaratu ondoko egunetik urriaren 31ra bitartean egindako kontratuetarako. Azaroaren 1az geroko kontratuetarako eskaerak ondorengo urtean aurkezten ahalko dira, NAOk horretarako baimena argitaratu bezain laster.

Nafar Lansarek familia eta lana bateragarria egiteko 2010az geroztik ematen zituen laguntzak birformulatu ditu, ia aurrekontu-gauzatzerik izan ez zuen deialdi haren arrakasta eskasaren eraginez. Gurasotasun edo harreraren ondoriozko lanaldi osoko ordezkapenak sustatzea baizik ez zuen helburu, 1.530 eta 1.885 euro bitarteko laguntza publikoarekin.

Hobekuntza hau Enpleguaren aldeko Politika Aktiboen 2020rako Akordioan eta Nafarroako Lan Autonomoaren Planean aurreikusita dago.

Horren diseinuan, Nafar Lansarek kontuan hartu du Koine Aequalitasek egindako azterlana, izan ere, lanpostuan ordezkatzeko zein adigabeak edo desgaitasuna duten pertsonak zaintzeko laguntzak handitu behar zirela ohartarazi zuen. Nafar Lansarek genero zein lurralde etenari aurre egiteko laguntzak ere indartu ditu.