2019ko irailaren 25a

Nafarroako Gobernuaren adierazpen instituzionala larrialdi klimatikoaren aurrean

Errealitate hau arintzeko eta horretara egokitzeko neurriak hartzearen aldeko konpromisoa agertu du

Astearte honetan, irailak 24, ospatzen den Klima Aldaketaren aurkako Nazioarteko Egunaren kariaz, Nafarroako Gobernuak honako adierazpen instituzional hau egin du:

“Klima-aldaketaren aurkako borroka gizateriak gainditu beharreko ingurumen arloko erronka handia da. ONUk jakinarazi duenez, hil ala biziko une honetan, klima-aldaketaren ondorioak maila globalekoak dira, egundo ez bezalako tamaina hartu dutelarik. Horren kariaz, premiazko neurriak hartzen ez badira, zailagoa eta nekezagoa izanen da etorkizunean horren ondorioetara egokitzea.

Foru Gobernuak aintzat hartu du egoeraren larritasuna eta erakundeetatik aurre egiteko beharra. Alde batetik, nafar gizarteari etsenplua emateko, izan ere, gurea ingurumenarekiko errespetuan eta kontzentziazioan ondutako gizartea da, energia berriztagarrien eta mugikortasun iraunkorraren alde dagoena eta arras zorrotza ingurumen arloko politikekin; baina horrekin batera, klima-aldaketaren aurka modu eraginkorragoan borrokatzeko neurriak erakundeetatik bultzatu behar direla jakinik, arintzearen arloan, eta batez ere, egokitzearenean.

Nafarroa aitzindaria izan da Europan klima-aldaketara egokitzeko ahaleginean. 2017an, egokitze-proiektu integratua abian jarri zuen Europako lehendabiziko eskualdea izan zen, Europako batzordeak onarturiko LIFE-NADAPTA proiektuaren bitartez. 2025era arte 15,6 milioiko inbertsioa izanen duen ekimen honek 53 neurri zehaztuak ditu sei arlo estrategikotan: ura, baskoak, nekazaritza eta abeltzaintza, osasuna, azpiegiturak eta lurralde antolamendua eta monitorizazioa.

Gainera, Nafarroan toki mailatik klima-aldaketaren erronka handiari aurre egiteko zeharkako ingurumen-estrategia integrala ezarri behar dela jakinik, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak 2018an onartu zen Klima Aldaketari buruzko 2017-2030-2050 Bide-Orriaren (KLINA) elaborazioa lideratu zuen.

KLINAk aintzakotzat hartu ditu Europar Batasunaren estrategian zein Parisko Akordioan (COP21) zehaztutako nazioarteko helburuak eta ONUren Garapen Iraunkorrerako Helburuak (GIH), eta isurpen gutxiko ekonomiaren zein lurralde iraunkor eta erresilientearen aldeko trantsizioa sustatzen du. Bide-Orriak epe labur, ertain eta luzeko helburuak finkatu ditu. Lehendabizi, nazioarteko erakundeek 2020an eta 2030an finkatutako helburuei erreparatu die, 2050erako Nafarroa eredu energetiko, ekonomiko eta sozial iraunkor berri batera orienta dadin.

Lana konplexua da eta helburuak asmo handikoak, bereziki kontuan hartzen badugu berotegi-efektuko gas isurpenen igoera estu-estu lotuta dagoela susperraldi ekonomikoarekin eta klima-aldaketaren aurkako borrokan laguntzen ez duen sistemaren inertzia bati eratzuten diola. Horren kariaz, bide-orri honek alertan egoten lagun behar digu, egokitzearen aldeko jarrera aktiboarekin, egoera honetara ekarri gaituzten inertzien etengabeko hobekuntza eta zuzenketa errazteko, betiere zeharkako ikuspegiaz eta planetaren aldeko konpromisoetan eta erantzukizun solidarioaren oinarrituta.

Aldi berean, toki erakundeak klima-aldaketaren aurkako borrokaren eragile garrantzitsuak dira. Horren harira, Nafarroako Klima eta Energiaren aldeko Alkateen Itunak 73 udal bildu ditu konpromiso horien inguruan, hots, nafar biztanleriaren % 63 baino gehiago. Klima eta energiaren aldeko udal konpromisoari jarraiki, lehenik eta behin, % 40 murriztu beharko dituzte hemendik 2030era arte udalerriko berotegi-efektuko gas isurpenak, bereziki energia-eraginkortasunaren hobekuntzaren eta energia-iturri berriztagarrien erabilera gero eta handiagoaren bitartez. Bigarren helburua toki entitateen erresilientzia handitzea da, klima-aldaketaren ondorioetara egokituz.

Berrikitan hasitako legealdiak ez du baztertu klima-aldaketarekiko konpromisoa eta akordio programatikoan bildu da 2030eko Agenda eta honi atxikitako Garapen Iraunkorrerako Helburuak zeharka eta modu integralean bultzatzeko asmoa, hori izanen baita erakunde guztiak maila gorenean bildu eta gizarte bezala planteatu zaizkigun erronka guztiei erantzun egokia eta koherentea emateko esparru politikoa.

Nafarroako Gobernuak aurreikusi duenez, Klima-Aldaketa eta Trantsizio Energetikoari buruzko Foru Legea onartuko du, etorkizuneko erronkei aurre egiteko eta Horizonte Berdearen aldeko planteamendua sustatzeko nahitaezko tresna izan dadin, Klima-Aldaketa eta Trantsizio Energetikoari buruzko Lege aurreproiektua, Energia eta Klimari buruzko 2021-2030eko Plan Nazional Integratua eta Bidezko Trantsiziorako Estrategia giltzarri dituen Estatu mailako Energia eta Klimari buruzko Esparru Estrategikoarekin bat etorriz.

Datozen lau urteetako ekintza politikoa gidatuko duen Akordio Programatikoan ere, Administrazioak kontrataturiko produktu, ondasun eta zerbitzuen karbono-arrastoa derrigorrez neurtzeko betebeharra pixkanaka-pixkanaka sartzeko neurriak bildu dira, eta horiekin batera, Pizgarri Berdearen Plana sortu eta energia berriztagarriak, autokontsumo energetikoa eta sektore horri loturiko enpleguaren sorkuntza sustatzea aurreikusi da, baita Nafarroako Mugikortasun Iraunkorraren Plan Zuzentzailea onartzea ere.

Halaber, Gobernuak lanean dihardu Nafarroa trantsizio energetikoaren arloko erreferentziako lurraldea izan dadin, eta testuinguru honetan, Nafarroako Agentzia Energetikoaren sorrera bultzatzea planteatu du.

Urari buruzko Esparru Zuzentarauaren printzipioak jarraituko dira ur-kontsumo moderatu eta iraunkorren alde, uholde-arriskuei aurre egiteko planen idazketa sustatuko da eta ekonomia zirkularraren aldeko aurrerapausoak emanen dira. Zero hondakinetara iristea da Nafarroako Gobernuaren helburua, luze gabe ingurumen-eragina duten jarduerak arautzeko Foru Legea onartzeaz gain.

Gainera, Bioaniztasunaren aldeko 2030eko Nafarroako Estrategia eta Natura 2000 Sarea bultzatuko dira, nekazaritza-jarduera hobekiago integratzeko lan egingo da eta gizarte zein herritarren parte-hartzea indartuko da, ingurumen arloko jarduerak eta informazioa eta boluntariotza sustatuz eta ingurumen-iraunkortasuna hezkuntzako eta prestakuntzako etapa guztietan txertatuz.

Adierazpen honen bitartez, Nafarroako Gobernuak bat egin nahi du klima-aldaketaz kezkatuta dauden erakundeekin eta kolektibo sozial eta akademikoekin, klimaren inpaktuari buruzko ikuspegia galdu gabe lan egiteko asmo irmoa duela berretsiz.

Adierazpen honen xedea da klima-aldaketaren aurkako borroka Nafarroako Gobernuaren helburu nagusitzat eta bere Departamentuetako ekintzen zeharkako helburutzat finkatzea”.