Descárgate la app
Chivite Lehendakariak eskerrak eman dizkio a Staša Zajović-i, oroimenaren eta belaunaldien arteko giza eskubideen transmisioaren alde egin duen lanarengatik
2019ko irailaren 21a
Chivite Lehendakariak eskerrak eman dizkio a Staša Zajović-i, oroimenaren eta belaunaldien arteko giza eskubideen transmisioaren alde egin duen lanarengatik
Nafarroako Gobernuak ekitaldi instituzionala egin du gaur Tuteran, Bakearen Nazioarteko eguna dela eta. Bertan, Staša Zajović-ek eginiko lana aintzatetsi du, bakearen aldeko konpromisoarengatik eta aktibismoarengatik, Belgradeko Beltzezko Emakumeak erakundearen sortzaileetakoa eta koordinatzailea izateagatik, gerraren, militarismoaren, gorrotoaren, bazterketaren eta indarkeriaren aurkako indarkeriarik gabeko protestak bultzatzeagatik eta hezkuntza arloan emakumeekin erlazionaturiko giza eskubideei buruz eginiko lanarengatik. Saritua Mª Concepción Martín Sánchezek, Madrilgo Beltzezko Emakumeak erakundearen sortzaileetako batek, aurkeztu du.
Ekitaldia Castel Ruiz Jauregian egin da, eta bertan egon dira Javier Remírez Gobernuko Lehenbiziko Lehendakariordea; Alejandro Toquero Tuterako alkatea; Eduardo Santos Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilaria, Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria eta Itziar Gómez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria.
Bere esku-hartzean, María Chivitek eskertu egin du, bertze ezer baino lehen, sarituak eta Jugoslaviako gerraren biktima izaniko emakumez osaturiko bere erakundeak oroimenaren eta belaunaldien arteko giza eskubideen transmisioaren alde egiten duten lana. Guztiak aipatzean “erresistenteak” direla esan du, eta beraien presentzia “gerraren aurkako eta bakearen aldeko sinbolo unibertsala izateaz gain, oroimenaren sinbolo ere badela” gehitu du.
Horrela, gogorarazi duenez, Stašak ez zuen amore eman inpotentziaren eta ezerk konponbiderik ez zuela zirudien sentsazioaren aurrean “lanean jarraitzen du egunero, egiaren eta justiziaren eskutik baino egin ezin daitekeen adiskidetzearen bide zaila erakusteko”. “Omenaldi honen bitartez –adierazi du– Nafarroako herritarrek, funtsean eta forman eredugarria den lana aintzatesteaz gain, bakearen alde lan egiten duten eragileekin harreman berriak ezartzeko asmoa ere badute”.
Izan ere, sarituriko pertsonei dagokienez, Lehendakariak adierazi duenez, guztiek badute ezaugarri komun bat, “bakoitza, berez, erresistentziaren, memoriaren eta erabakigarritasunaren kontakizuna, islatu nahiko genukeen eredu indartsua, izatea, alegia”. Hori dela eta –amaitzeko esan duenez–, Nafarroako Gobernua, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, giza eskubideen edozein urraketa salatzera eta indarkeriaren erabilerari zilegitasuna kentzera zuzenduriko zeharkako zenbait ekintzatan ari da lanean.
Ekitaldiari hasiera emateko, Iñaki Jarautak zuzenduriko Tuterako Fernando Remacha abesbatzak Nafarroako Ereserkia abestu du. Abesbatza behin baino gehiagotan jardun da ekitaldian. Ondoren Alejandro Toquero Tuterako alkateak hartu du hitza, eta amaitzeko Martín Sánchez Madrilgo Beltzezko Emakumeak erakundearen sortzaileetako batek.
Staša Zajović
1953an Montenegron jaiotako Staša Zajović aktibista feminista, bakezalea eta LGBT Mugimenduko kidea, 1991n, Jugoslaviako gerraren hasieran, sorturiko Belgradeko Beltzezko Emakumeak (Women in Black) erakundearen sortzaileetakoa eta koordinatzailea da. Women’s Peace Network, The International Network of Women’s Solidarity against War, Network of Conscientious Objectors and Anti militarism in Serbia, The Coalition for a Secular State… erakundeetan ere hartzen du parte.
Belgraden, Jugoslavia ohiak jasan zuen gerran, 1991tik 1997ra, astero, gerraren, Serbiako errejimenaren politikaren, nazionalismoaren, militarismoaren eta gorroto, bazterketa eta indarkeria mota guztien aurka, indarkeriarik gabeko protesta gisa antolatu ziren “Beltzezko Emakumeen” bijilia isilen buruetako bat izan zen.
Emakumeekin erlazionaturiko giza eskubideei buruzko hezkuntza arloko jarduera ugari antolatu ditu: emakumeen bake politikak, etnien eta kulturen arteko elkartasun politikak, emakumeak eta boterea, emakumeak eta antimilitarismoa.
Saiakera asko idatzi ditu, artikuluak toki, lurralde eta nazioarte mailako komunikabideetan, aldizkarietan eta mota guztietako argitalpenetan.
“Bala guztiak gauak harrapa ditzala”
Ekitaldi instituzionalaz gain, Nafarroako Gobernuak kontzertu bat antolatu du, bakean oinarrituriko kultura bultzatzearekin duen konpromisoa erakusteko eta bere arazoei eta desadostasunei, elkarrizketan, errespetuan eta denen arteko konponbideen bilaketan oinarriturik aurre eginen dien indarkeriarik gabeko gizarte anitza eta demokratikoa sustatzeko.
Paco Damas gonbidaturiko kantautorea, Bakearen aldeko musikari izendatu zuen Cultura de Paz Fundazioak 2010ean, eta Bakearen aldeko Enbaxadore Spmuda Internacional erakundeak.
Jaeneko musikariak sei disko argitaratu ditu (“Once canciones de amor y una reina”, “Los versos del Quijote”, “Animal de fondo”, “Tristes guerras”, “Que a todas las balas se les haga de noche” eta “Paco Damas canta a Las Sinsombrero”) eta mila kontzertu baino gehiago eman ditu Espainian, Latinoamerikan eta Marokon, musikaren munduan egin duen hogei urte baino gehiagoko ibilbidean.
Gizarte justiziarekin, elkartasunarekin, bakearen kulturarekin, berdintasunarekin… konpromisoa duen abeslariak, bere diskoen eta kontzertuen bitartez hezkuntza alorrerako eta gizarte orokorrerako proposamen didaktikoak planteatzen ditu.
“Que a todas las balas se les haga de noche – Poetas en Paz” kontzertuak herritarren partaidetza zuzena izanen du, eta beraiek irakurriko dituzte Paco Damasek ekitaldi horretarako aukeratuko dituen poemak. Kantautorearekin batera Pepe Dougan (pianoa), Adri Parker (gitarra akustikoak eta elektrikoak) eta Jairo Samuel (perkusioak) musikariak egonen dira agertokian.
Kontzertua irailaren 22an izanen da, 19:00etan, Baluarteko Ganbera Aretoan. Sarrera librea da, baina gonbidapenak Baluarteko txarteldegietan hartu beharko dira aurretik.