2019ko irailaren 19a

Remírez kontseilariak "elkarrizketaren aldeko borondatea" adierazi die sindikatuei legealdi honetan antolatutako Funtzio Publikoko Mahai Orokorraren lehendabiziko bileran

Funtzio Publikoak jakinarazi die sindikatuei 2019ko Lan Eskaintza Publikoak (LEP) 725 lanpostu izanen dituela, eta gradu-osagarria administrazioarekiko kontratua duten aldi bateko langile guztiei ordaintzeko aukera aztertzen ari dela, Foru Administrazioko 8.000 langile ingururen mesedetan

Sindikatuen ordezkariak eta Foru Administrazioaren artean izandako 
bileraren hasiera.

Sindikatuen ordezkariak eta Foru Administrazioaren artean izandako bileraren hasiera.

  Deskargatu irudia
Irudi galeria

Nafarroako Gobernua, legealdi honetan lehendabiziko aldiz, Funtzio Publikoko Mahai Orokorreko partaide diren sindikatuen ordezkariekin bildu da gaur goizean. Foru Exekutiboaren izenean, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilari Javier Remírezek eta Funtzio Publikoko zuzendari nagusi Amaia Goñik parte hartu dute. Bilera Nafarroako Jauregiko Joaquín Elizondo Aretoan egin da. Remírez kontseilariak "elkarrizketaren eta legealdian eragile sindikalekin konponbide adostuak eta negoziatuak bilatzearen aldeko jarrera" agertu du.

2019ko Lan Eskaintza Publikoak (LEP)

Nafarroako Gobernuak jakinarazi die sindikatuen ordezkariei 2019ko Lan Eskaintza Publikoak (LEP) 725 lanpostu izanen dituela. Hauxe da egin daitekeen eskaintzarik handiena, langileen ordezkatze-tasa osoari dagokiona

Gradu-osagarria

Ekin beharreko lehentasunezko gaien artean zegoen gradu-osagarria. Funtzio Publikoko kontseilariak zein zuzendari nagusiak beren gain hartu dute, urtea bukatu baino lehen aldi bateko langileei ere gradu-osagarria ordaintzea aztertu eta konponbidea emateko konpromisoa. Horren harira, Gobernuak adierazi du bere asmoa gaurko bileran sindikatuen proposamenak entzutea zela, luze gabe "osagarri horren ordainketan langile finkoak eta aldi-batekoak parekatu eta diskriminazioa saihesteko konponbidea" erraztuko lukeen proposamena aurkezteko xedez.

Foru Exekutiboak jakinarazi duenez, Nafarroako epaitegi batek irakasle bati buruz emandako epaia beteko du, eta graduaren kobrantza lan-araubideko kontratua duten administrazioko aldi bateko langile guztiei hedatzeko aukera aztertzen ari da. Foru Administrazioak 8.000 langile inguru ditu. Horrela, epaitegietara jo behar izatea saihestuko litzateke. Epaiaren aurretik, administrazioarekiko kontratua zuten aldi bateko langileek ez zuten gradua kobratzen.

Gradua Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuan bildutako ordainsari osagarria da, eta funtzionario publikoek jasotzen dute sei urte eta zazpi hilabete betetzen dituzten bakoitzean, baina ez administrazioarekiko aldi bateko kontratua duten langileek.

Bestelako gaiak

Gainera, presazko bestelako gaien artean, jaiotze, adopzio edo harreragatiko baimenak profitatzeko aukera ere aztertu da, gai horri buruzko Estatuko araudian izandako aldaketaren ondoren.

Bilerako gai-zerrendaren barnean, negoziazio kolektiboaren plangintzaz eta antolaketaz ere mintzatu dira. Gainera, langile publikoendako 2020rako lan-egutegiaren proposamena aurkeztu zaie sindikatuen ordezkariei.