Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak 13 milioi euro inbertituko ditu ETE industrialetan inbertitzen laguntzeko
2019ko irailaren 17a
Nafarroako Gobernuak 13 milioi euro bideratuko ditu ETE industrialetan inbertitzen laguntzeko
Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak, Eskualde Garapeneko Europako Funtsak batera finantzatuta, 13 milioi euro bideratuko ditu ETE industrialei laguntzeko beren posizio lehiakorra hobetzeko inbertsio produktiboko proiektuak egin ditzaten. Eskaerak aurkezteko epea bihar asteazkenean hasi eta abenduaren 31n amaituko da. Deialdia gaur NAOn argitaratu da.
Laguntzen helburua da industria-sektoreak duen pisua indartzea Foru Komunitateko produkzio-egituraren barnean, produkzio eta komertzializaziora bideratutako inbertsioak egiten laguntzeko, hazkunde ekonomikoa, produktu eta merkatuen dibertsifikazioa, prozesu eta teknologia berriak eta kostuen murrizketa lortze aldera.
Diru-laguntzak Nafarroako 2020 Industria Planeko helburuetan kokatzen dira; horren bitartez, Foru Gobernuaren asmoa da Komunitateko industria-sektorea indartzea, enplegua eta enpresen batez besteko tamaina gehituaz.
Diru-laguntza horiek eska ditzakete ondorengo jarduerak jorratzen dituzten enpresa txiki eta ertainek: manufaktura-industriak, lurrunaren eta aire egokituaren hornidura, hondakinen tratamendua eta ezabatzea, logistikako eta informazioaren eta komunikazioen arloko zerbitzuak, ingeniaritzako zerbitzu teknikoa eta aholkularitza teknikoa, ikerketa eta garapena nahiz diseinu espezializatuko jarduerak.
Diru-laguntza horiek jaso nahi dituzten enpresek izapidea telematikoki egin beharko dute. Horretarako, Gaitutako Helbide Elektronikoa (GHE) eduki beharko dute, jakinarazpen elektronikorako Nafarroako Gobernuak gaitutako prozeduretara harpidetuta egotearekin batera.
Laguntzak emateko prozedura norgehiagoka erabakiko da; alegia, aurkeztutako proiektuak alderatuko dira, horien hurrenkera egite aldera, balorazio-irizpideen arabera.
Aktibo ukigarrietan edo ukiezinetan inbertitzeko proiektuak diruz lagunduko dira, baldin eta haien helburua establezimendu berria sortzea, lehendik dagoena handitzea, produkzioa dibertsifikatzea edo fabrikazioaren prozesu orokorra aldatzea bada. Eskaerak ebaluatzeko eta laguntzaren intentsitatea kalkulatzeko irizpideen artean, kontuan hartuko dira, baita ere, fabrikazio aurreratuko sistemetako (4.0 Industria) inbertsio-kopurua eta berdintasun-planak izatea.
Proiektuak laguntzaren eskaera-egunaren eta emate-ebazpenean adierazitako azken egunaren artean gauzatu beharko dira, beranduenera ere 2020ko martxoak 31 baino lehen.