2019ko irailaren 17a

Chivite Lehendakariak Nafarroako Gobernuak eskola publiko bikainaren alde egindako apustua azpimarratu du, ikasturte berriari hasiera emateko ekitaldian

Ekitaldia Plaza de la Cruz BHIn izan da, zeinek aurten 175. urteurrena ospatuko duen
Chivite Lehendakariak, Nafarroako armarria eman dio María Jesús 
Gastesi, Plaza de la Cruz BHI ikastetxeko zuzendariari ikasturte hasierako 
ekitaldi ofizialean.  
Chivite Lehendakariak, Nafarroako armarria eman dio María Jesús Gastesi, Plaza de la Cruz BHI ikastetxeko zuzendariari ikasturte hasierako ekitaldi ofizialean.    Deskargatu irudia Irudi galeria

Maria Chivite Nafarroako Lehendakariak Nafarroako Gobernuak eskola publiko bikainaren alde egindako apustu argia nabarmendu du, 2019-2020 ikasturteari hasiera emateko ekitaldi ofizialean. Hura gaur goizean egin da Iruñeko Plaza de la Cruz BHIan, bere 175. urteurrena dela eta.

Ikasturteari hasiera emateko ekitaldi ofizialean, honako hauek aritu dira María Chivite Nafarroako Lehendakariarekin batera: Nafarroako Parlamentuaren presidentea, Unai Hualde; Iruñeko alkatea, Enrique Maya; Hezkuntza kontseilaria, Carlos Gimeno; eta baita Unibertsitatea, Berrikuntza eta Eraldaketa kontseilaria ere, Juan Cruz Cigudosa. Agintari guztiek institutuko zuzendariarekin batera, María Jesús Gastesirekin, instalazio nagusiak bisitatu dituzte, besteak beste: liburutegia eta institutuko artxibo historikoaren materiala barne hartzen duten erakustokiak, museo aretoa, fisika eta kimikako laborategia, irakasle gela eta baita zuzendaritza bulegoa ere.

Lehendakariak ekitaldiari hasiera eman dio, Plaza de la Cruz BHI zorionduz eta 175 urte horietan zehar gizartean, hezkuntza bezalako eremu batean, zeregin garrantzitsua finkatu eta garatu dutenei eskerrak luzatuz.

Ikasturte honetan, guztira, 95.600 ikaslek ekin diote ikasturteari, 9.000 profesional baino gehiagorekin. Azken horiek, “berriz ere hezkuntza sistemaren arima eta hezkuntza erkidego osorako euskarri hoberena izango dira”, Lehendakariaren esanetan. Horrez gain, langile guztiei eskerrak eman dizkie, “horiei esker, ikasturtea etapa berri bati ekiteko konpromisoarekin eta ilusioarekin has daitekeelako, seme-alabak hezteak suposatzen duen erantzukizunarekin eta gizarte gisa planteatzen diren erronkei aurre eginez, besteak beste: digitalizazioa, hizkuntzak, heziketa afektiboa eta sexuala, balore demokratikoak eta herritartasun arloko heziketa”.

Eskola publiko bikaina lortzera daraman ildoarekin bat eginez, Lehendakariak azpimarratu duenez “heziketa funtsezko inbertsioa da aukera berdintasunean sinesten duen gobernu batentzat eta baita aholkulari sozial ezin hobea ere” eta ildo horretatik adierazi du “heziketaren kalitatea proiektu zabal eta anitz batean oinarrituta lortu behar da, eta hura, hein berean, gizarte zuzena, inklusiboa eta berdintasunezko gizartea lortzeko funtsa da”. “Gobernu honentzat lehentasunezkoa da eskola publiko guztietan bikaintasuna lortzea eta landa eremuari eta gizartean oztopoak dituzten zonaldetan kokatutako eremuei arreta berezia eskaintzea”, adierazi bezala.

Bere hitzaldian, María Chivite Nafarroako Lehendakariak iragarri duenez Nafarroako Gobernuak “hezkuntzaren aldeko hitzarmen soziala eta politikoa lortzeko lan egingo du, hezkuntza erkidegoaren sektore guztiekin jardunez”, “hezkuntza sistema egonkorra bermatzeko helburuarekin, zuzentasunean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean eta inklusibitatean oinarrituta, ikaskuntza, hezkuntza prestakuntza eta irakaskuntza guztien gaitasunak bereganatzeko prozesua hobetu ahal izateko”.

Azkenik, nabarmendu du etengabe aldatzen ari den inguru honetan gizarteak aurre egin beharreko erronken aurrean, hezkuntzak duen zeregina, izan ere “horrek etengabe ikasten egotera behartzen gaitu, birziklatzen, eta baita helburu berriak bilatzen ere”. Horrez gain, esan du “heziketarekin bakarrik iritsiko da gizarte eta ekonomia garapena, aukera berdintasuna eta Nafarrorako etorkizun oparoa ”.

Plaza de la Cruz BHI

Plaza de la Cruz Institutuak 2019-2020 ikasturte honetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko 1.100 ikasle baino gehiago izango ditu A eta G ereduetan eta baita 123 irakasle ere.

Eskola 1842. urtean sortu zen, Zaragozako Unibertsitateari atxikitako ikastetxe pribatu gisa, Foru Aldundiak eta Iruñeko Udalak sustatuta eta babestuta. 1845. urtean ofizial bilakatu zen Espainiako 13. institutu moduan. 150 urte baino gehiagoko historian zehar, eskola izenez eta kokapenez aldatu da; gaur egungo Herri Administrazioko Nafarroako Erakundeko eraikinean kokatu zen eta 1944an, berriz, gaur egungo eraikinera pasa zen, Kruz plazan. Bi zati simetrikoetan zatituta, maskulinoa eta femeninoa, Ximénez de Rada izena hartu zuen eskola maskulinorako eta Príncipe de Viana femeninorako, baina 1995ean, LOGSE ezarri zenean, bi eskola batu ziren eta gaur egungo Plaza de la Cruz BHI izena hartu zuen.