2019ko irailaren 13a

Nafarroak Mineralen Europako Eguna ospatuko du, meategietara antolatu diren bisitekin, mineralekin eginen diren tailerrekin eta espezialistak bilduko dituzten jardunaldiekin

Ayerdi kontseilariak, meatzaritza sektoreko ordezkariekin batera, eguneroko jardunean baliabide mineralek duten erabilera ezagutarazteko helburua duen MinerÉTICA 2019 programa aurkeztu du
Manu Ayerdi Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak "Ezagutu MinerEtika" jardunaldiak aurkeztu ditu.  Irudi galeria

Manu Ayerdi Garapen Ekonomikoko eta Enpresarialeko kontseilariak, datorren asteartetik, irailaren 17tik, aurrera Iruñean ospatuko diren MinerÉTICA 2019 jardunaldien egitaraua aurkeztu du gaur goizean. Antolatu diren jardueren artean, Foru Komunitateko meategietara antolatu diren bisita gidatuak, mineralekin eginen diren tailerrak, erakusketak, eta Nafarroako Meatzaritzaren V. Topaketa biltzen dira. Jardunaldien xedea eguneroko jardunean baliabide mineralek duten erabilera ezagutaraztea eta meatzaritza sektoreak gure gizartean betetzen duen tokiari buruzko ezagutza handitzea da. Jardunaldiak, hilabete honetako 20tik 22ra eginen den Mineralen Europako Egunaren edo European Mineral Days-en ospakizunarekin bat etorriko dira.

Ayerdi kontseilariarekin batera Rita Martínez Asociación de Fabricantes de Áridos e Industria Minera Extractiva de Navarra (AFARIME) elkarteko idazkari teknikoa eta Javier Fermín Cemillán Agrupación Empresarial Minera Navarra (AEMINA) elkarteko idazkari nagusia egon dira aurkezpen ekitaldian. Horrez gain, Geolcali S.L.U.-k, Magnesitas Navarras S.A.-k eta LHOISTek ere hartu dute parte jardunaldien antolakuntzan.

“Ezagutu MinerÉTICA 2019” jardunaldien xedea, mineralen beharra eta etorkizun iraunkorrean duten garrantzia ezagutaraztea, aztertzea eta herritarrak horren inguruan kontzientziatzea eta sentsibilizatzea da. “Sarri askotan meatzaritzaren ondorio negatiboei buruz baino hitz egiten ez den arren, sektore horrek industria guztiak hornitzen ditu lehengaiz, gizarteak erabiltzen dituen produktu guztiak, elikagaiak eta zura izan ezik, azken finean, meategi batetik baitatoz”, azaldu du Ayerdi kontseilariak. Horrela, adierazi duenez, mineralak airesorgailuetan, panel fotovoltaikoetan, botiketan, baratzetarako ongarrietan, ordenagailuetan, etxebizitzak, ibilgailuak… egiteko materialetan, etab. daude. “Nafarroaren ekonomia eta lurralde mailako garapenari laguntzen diote, inolako zalantzarik gabe”, gehitu du kontseilariak.

Meatzaritzan lur azalean dauden substantziak eta mineralak era selektiboan biltzen dira, zibilizaziorako egokiak diren materialen beharrei erantzuteko xedez. Gizadian denbora gehien daraman jardueretako bat da. Nafarroan, lehenbiziko aztarnak neolitikokoak dira, eta aprobetxamenduaren lehenbiziko zeinuak Brontze Garaian agertzen dira, Lizarran dagoen Urbiolako haitzuloan.

Antzina-antzinatik, meatzaritza gure artean egon da, hainbat baliabide ustiatuz. Kobrera, berunera, zuzenduriko meatzaritzatik, XIV. mendetik XIX. mendera nagusitu ziren burdinoletara, ondoren Nafarroan oso garrantzitsuak izan ziren magnesiten eta potasen ustiapenera helduz. Magnesita ateratzeko jarduera gaur egun ere martxan dago, Magnesitas Navarras, S.A. enpresaren eskutik, Esteribar Haranean, eta Geoalcali potasa meategi berri baten irekiera izapidetzen ari da Zangoza inguruan.

Gaur egun, Foru Komunitatean nagusi den meatzaritza eraikuntzarekin eta obra zibilarekin erlazionaturik dago, kare-harrien eta harearen eta graba silizeoen ustiategiak, batez ere, idorrak, margak (zementua), buztinak (zeramikaren industria) igeltsua eta apaindurarako harkaitzak lortzeko. 2017an 6 tona mineral inguru ekoiztu ziren Nafarroan, horien artean 2.485.666 kare-harri eta 1.204.015 graba.

Jardunaldien egitaraua

MinerÉTICA jardunaldiaren barruan programatutako jarduerek lau bloke izanen dituzte: erakusketa, tailerrak, meatzaritza jardueretara bisitak eta Nafarroako meatzaritzaren V. Topaketa.

“Mineralak, ezinbestekoak etorkizun iraunkorrerako” erakusketa asteartean, irailaren 17an, inauguratuko da, industriako mineralek eguneroko bizimoduan duten presentziari buruzko hitzaldiarekin. Erakusketaren xedea mineralen garrantziari eta Nazio Batuek 2030erako ezarri dituzten Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzeko egiten duten ekarpenari buruz kontzientziatzea da. Mineralen tipologia eta eguneroko erabilerak ezagutzeko aukera ematen duen erakusketa, 2018an Geoalcaliren eskutik sorturiko ekimena da, Instituto Geológico y Minero de España erakundearen eta Magnesitas Navarras enpresaren laguntzarekin. Urriaren 4ra arte bisitatu ahal izanen da Iruñeko Ingurumen Heziketarako Museoan.

Horrez gain, Ingurumen Heziketarako Museoan mineralei buruzko tailerrak emanen dira, eta horietan mineralak eta horien propietateak bereizten eta zein produktutan erabiltzen diren ezagutzen ikasiko da. Tailerrak jende guztiari daude zuzendurik, irakasleei, zientzia dibulgatzaileei eta ikasleei, batez ere. Interesaturik dauden guztiek hitzordua adostu ahal izanen dute minas@navarra.es helbide elektronikora idatziz edo 848 42 64 67 telefono zenbakira deituz.

Bertze alde batetik, Geoalcali, Magnesitas Navarra S.A., eta LHOIST enpresek ate irekiko jardunaldiak eta beraien ustiategietara bisitak eskainiko dituzte, meatzaritzako jarduera barrutik ezagutu ahal izateko. Bisita guztiak doakoak izanen dira.

Geolcalik Zangozan dituen instalazioetara irailaren 19an eta 20an egin ahal izanen den bisitan Mina Muga proiektua eta meatzaritzako proiektu baten ustiapenaren etapak ezagutu ahal izanen dira. Azpimarratzekoa da irailaren 19an autobus zerbitzua egonen dela Iruñeko Ingurumen Heziketarako Museotik. Ostegunean eta ostiralean Eugiko meategia (Esteribar) eta zaharberrituriko guneak ere bisitatu ahal izanen dira. Bisitan zehar, ustiatzen ari den meategi bateko prozesuak eta meatzaritza jarduera jadanik amaiturik dagoen guneetan eginiko lehengoratze lanak azalduko dira. Amaitzeko, interesaturiko pertsonek, Tiebasen dagoen “La Morena” kare-harrizko harrobia bisitatzeko aukera izanen dute. Bisita irailaren 24an izanen da, eta autobus zerbitzua egonen da Iruñeko Ingurumen Heziketarako Museotik.

Nafarroako Meatzaritzaren V. topaketa

MinerÉTICA jardunaldiak, AEMINAk antolatu duen eta urriaren 2an Iruñeko Ingurumen Heziketarako Museoan eginen den “Nafarroako Meatzaritzaren V. Topaketarekin” amaituko dira. Topaketan, “Meatzaritza industria, garapen iraunkorrerako oinarrizkoa eta gizarte ekonomiaren bultzatzailea” gaiaren inguruko mahaingurua eginen da, meatzaritza sektoreko profesional azpimarragarrien partaidetzarekin.