Descárgate la app
Osasun Eskolak paziente kronikoei, adinekoei eta gurasoei zuzendutako 19 tailer eskainiko ditu 2019ko bigarren seihilekoan
2019ko irailaren 4a
Osasun Eskolak paziente kronikoei, adinekoei eta gurasoei zuzendutako 19 tailer eskainiko ditu 2019ko bigarren seihilekoan
Pazienteen Eskola, Adinekoen Eskola eta Gurasoen Eskola barne hartzen dituen Osasun Eskolak, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko (NOPLOI) Osasuna Sustatzeko eta Osasuna Politika Guztietan Sustatzeko Ataletik koordinatuta, 19 tailer antolatu ditu guztira 2019ko bigarren seihilekorako. Horietan, 160 plaza eskainiko zaizkie gaixotasun kronikoak dituzten pertsonei, 160 plaza adinekoei eta beste 60 plaza gurasoei. Tailerrak Iruñean, Auritzen, Lizarran, Erriberrin, Zizur Nagusian, Burlatan, San Martin Unxen, Leitzan, Liedenan, Erronkarin, Tuteran eta San Adrianen eginen dira. Horiez gain, “¿A dónde vamos?” dokumentalari buruzko 3 zine-forum antolatuko dira Murchanten, Elizondon eta Vianan.
Dagoeneko 5 urte daramatzan proiektu honek hainbat osasun-arazo izan edo bizitzako une jakin batzuetan dauden pertsonen osasuna eta autozainketa hobetzeko tailerrak eskaintzen ditu. Edizio honetan n esta edición se van a realizar 8 talleres de Pazienteen Eskolak 8 tailer eskainiko ditu, beste 8 Adinekoen Eskolak eta 3 tailer Gurasoen Eskolak, hauetako bat San Adriango enplegu sozial babestuko langileendako. Jarduera hauek tokian tokiko Osasun Zentroekin, Gizarte Zerbitzuekin, Udalekin eta Elkarteekin batera antolatu dira..
Osasun Eskolak ezaguerak eta esperientziak partekatzeko gunea eskaini nahi du, pertsonen osasuna eta bizi-kalitatea zein senitartekoena hobetzen laguntzeko. Tailerrek arras balorazio ona jaso dute aurreko edizioetan parte hartu dutenen artean. Bertaratutakoen esanetan, tailerrek “eritasunari aurre egiten, beste ikuspuntu batzuk kontuan hartzen, ulermena lantzen, nork bere burua zaintzen eta emozioak kudeatzen laguntzen dute, besteak beste”.
Hiru eskolen webguneetan ekimen horiek azaltzen dituzten bideoak ikus daitezke, horietan parte hartu nahi dutenek bakoitzaren nondik norakoak ezagutzeko aukera izan dezaten. Pazienteen Eskolaren webgunean, halaber, tailer hauen aurreko edizioetan parte hartu duten zenbait pertsonaren testigantzak ikusten ahal dira.
Tailer hauetan 20na pertsonak parte hartzen ahalko dute. Horietarik, 16 tailer arratsaldez eta 3 goizez eginen dira. Lehendabizikoa irailaren bukaera hasiko da eta azken saioak azaroaren bukerararako programatuta daude.
Tailerren egutegia, iraupena eta non egingo diren, horiei buruzko informazio guztiarekin eta izena emateko inprimakiekin batera, www.escueladesalud.navarra.es webgunean eskuratzen ahal dira. Izen ematea webgunearen bidez zein 848 42 34 50 telefonora deituz egiten ahal da, 08:00etatik 15:00etara bitartean.
Saioak hainbat osasun eskolatan parte hartu duten irakasleek emango dituzte, alegia, horretarako prestakuntza hartu duten esparru soziosanitarioko profesionalek, baita gaixotasun kronikoak dituzten pertsonek, adinekoek eta saio hauek garatzeko gaitasuna duten gurasoek ere. Lan metodologiaren barnean hitzaldiak, eztabaidak, kasuen azterketak eta ariketak antolatuko dira, talde txikietan nahiz handietan.
Pazienteen Eskola
Eritasun kronikoak dituzten pertsonen osasuna eta ongizatea hobetu eta eritasunen bat duten pertsonen zaintzaileei laguntza eta prestakuntza ematea da Pazienteen Eskolaren helburu nagusia.
Diabetesa, iktusa, giltzurruneko gutxiegitasuna, BGBK, fibromialgia, esklerosi anizkoitza, parkinsonen gaixotasuna, artritisa, etab. duten pertsonei zuzendutako “Nola onartu eritasun kronikoa” tailerra Iruñean eginen da azaroan. Alzheimerren gaixotasuna eta bestelako dementziak dituzten pertsonen zaintzaileei zuzendutako “Besteak zaintzea, norbera zaintzea” tailerrak hiru saio izanen ditu: Iruñean (urria), Auritzen (urria) eta Lizarran (azaroa). “Eritasun baskularrekin bizitzen ikastea” tailerra Zizur Nagusian antolatuko da (azaroa). “Elikadura eta ariketa fisikoa 2. motako diabetesean” tailerrak bi saio izanen ditu; bata Iruñean (urria-azaroa) eta bestea Erriberrin (urria-azaroa), eta “Elikadura osasungarria eritasun kronikoetan” tailerra Iruñean izanen da (urria).
Adinekoen Eskola
Bestetik, Adinekoen Eskolak “Zahartzaroan ere osasuntsu” deritzon ikastaroa eskainiko du Burlatan (urria), Iruñean (urria), San Martin Unx (urria), Leitzan (urria) eta Liedenan (azaroa). Ekimen hau zahartzaroan ere ahalik eta bizi-kalitaterik onenaz gozatzeko baliabideak eta gaitasunak garatu nahi dituzten 60 urtetik gorako adinekoei zuzenduta dago. Lau zati ditu, zahartzeko prozesua, zainketa fisikoa, adimenaren zein emozioen zainketa eta harremanen nahiz ingurunearen zainketa aztertzeko.
Halaber, “Afektibitatea eta sexualitatea”deritzon tailerraren 3 edizio antolatu dira: bat Erronkarin (iraila), beste bat Iruñean (urria) eta azkena Burlatan (urria). Parte-hartzaileek beraien informazioak berrantolatu eta berraztertzea da 3 orduko saioa duen ikastaro honen xedea, adin honetako sexualitateari eragiten dien gizarte-testuinguruko faktoreak aztertu eta horiei aurre egiteko jarrerak gara ditzaten.
Adinekoen Eskolak seihileko honetarako proposaturiko jardueren osagarri gisa, 3 zine-forum saio eginen dira Murchanten, Elizondon eta Vianan. Zine-forum honek Marian Gerrikabeitiak zuzenduriko “A dónde vamos” dokumentalaren proiekzioa du oinarri. 60 urtetik goitiko pertsonei zein publiko orokorrari zuzendutako ekimen honen bitartez, adinekoek zahartzarora iristean duten eginkizun garrantzitsu bezain aberasgarriari buruzko gogoeta eta gizarte sentsibilizazioa bultzatu nahi da.
Gurasoen Eskola
Azkenik, Gurasoen Eskolak 3 eta 6 urte bitarteko haurren gurasoei zuzendutako 2 tailer antolatuko ditu Iruñean (azaroa) eta Tuteran (urria/azaroa).
Gainera, tailer honen beste edizio bat eginen da San Adrianen eremu horretako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren eskariz, herri horretako enplegu sozial babestuaren arloan lan egiten dutenendako.
Babes eta hezkuntza arloko zereginetan gurasoei laguntza ematea da eskola honen helburua. Horretarako, eztabaida, esperientzien trukea nahiz prestakuntza errazteko moduko saioak eskaintzen ditu. Gurasoei seme-alabak autonomiaz, segurtasunez eta autokonfiantzaz hezi eta zaintzeko gaitasunak eta bitartekoak garatzen laguntzea da ekimen honen xedea, gurasotasun positiboa oinarritzat harturik.