Descárgate la app
Eguesibarko eta Biurrungo memoria berreskuratu du Landartek soinua zein dantzaren bidez
2019ko abuztuaren 30a
Landartek Eguesibarreko eta Biurruneko oroimena berreskuratu du soinuaren eta dantzaren bitartez
Landartek, Nafarroako Gobernuaren artearen eta landatartasunaren programak Eguesibarren eta Biurrunen hirugarren edizioaren barnean egindako sorkuntza artistikoak aurkeztuko ditu asteburu honetan.
Lehendabizi, abuztuaren 31n, Altzuzako Jorge Oteiza Museo Fundazioan, Iosu Zapata artistak Eguesibarren landutako “Irrintzi” lanaren azken emanaldia eginen da. Bertan, irratsaio bat ematen dute zuzenean streaming bidez, FMko 108.0 dialean, eta Zapatak hainbat bideo aurkeztuko ditu ibarreko herrietan barna uztailean eguzki-plakez elikatutako bizi-triziklo baten gaineko estudio batean bildu dituen soinuekin eta dokumentu grafikoekin.
Lan honetan, artistak lekuaren oroimena berreskuratu nahi izan du bertako bizilagunekin egindako elkarrizketen bitartez, landakoa eta hirikoa kontrajarri. Ekitaldia 19:30etan hasiko da.
Gainera, programan zehar, honako hauek elkarrizketatuko dira: Ignacio Apezteguía Morentin, Kulturako zuzendari nagusia; Amaya Larraya, Eguesibarreko alkatea; eta Gregorio Díaz, Jorge Oteiza Museoko zuzendaria. Horiek guztiak partaide izanen dituen ekitaldiko gune batean, Jorge Oteiza artista izanen da hizpide.
Bestalde, igandean, irailak 1, Landarten parte hartu duten Biurruneko bizilagunek eta Fueradeleje dantza taldeak “Memoria en movimiento” antzezlana taularatuko dute. Arte eszenikoetako sormen lan honek dantza eta antzerkia uztartu ditu Landaren 2019ko ardatz bihurtu den oroimenaren inguruan.
Horrela, mugimenduaren eta antzezpenaren bitartez, liburuetan agertu ez baina lekuko historiaren osagai bihurtu diren pasadizoak, kantuak eta egoerak agertzen dituzte. Hartara, Fueradeleje taldeko Virginia Orozek eta Iñaki Fortunek eta Biurrunen bizi den Marisa Serrano antzezleak parte-hartzaileak gidatu dituzte 40 hamarkadan girotutako istorio batean, garai herrian izandako bizipenetan murgiltzeko.
50 pertsona baino gehiago tarteko dituen antzezpena herriko hainbat lekutan izanen da, 19:00etatik aurrera. Ibilbidea pilota-lekuan bukatuko da, eta bertan, dantzarien gorputzak mugimenduan irudikatzen dituen hormirudia osatuko dute.