2019ko abuztuaren 29a

Nafarroako Gobernuak 5,6 milioi euro bideratuko ditu uztaileko uholdeetan kalteturiko Erdialdea berreskuratzeko

Leheneratzeko Batzordeak gaur egindako bilkuran nekazaritza sektoreari zein toki entitateei zuzendutako laguntzak eman ditu ezagutzera, baita azpiegiturak konpontzeko zenbait ekintza ere
Ezkerretik eskuinera José Luis Arasti, Javier Remírez, Bernardo Ciriza eta 
José Mª Aierdi bileraren momentuetako batean.
Ezkerretik eskuinera José Luis Arasti, Javier Remírez, Bernardo Ciriza eta José Mª Aierdi bileraren momentuetako batean.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Foru Exekutiboak 5,6 milioi euroko guztizko zenbatekoa duten neurriak aplikatuko ditu uztailaren 8ko euri-jasek Erdialdeko zenbait herritan eragindako kalteak arintzeko. Kopuru horretatik, 3,4 milioi nekazaritza eta abeltzaintzako konpentsazioei eta konponketarako laguntzei dagozkie; 0,89 milioi toki entitateen azpiegituretako kalteak konpontzeko erabiliko da; 0,62 milioi kalteturiko errepideetako bidezaintza egokia ezartzeko eta 0,7 Santsoainera iristeko zubi berri bat eraikitzeko.

Nafarroako Gobernuko bost departamenturen arduradunek osaturiko Erdialdea leheneratzeko Batzordea ostegun honetan bildu da Nafarroako Jauregian Lurralde Kohesioko kontseilari Bernardo Ciriza buru eta Javier Remírez eta José María Aierdi lehendakariordeak partaide zituela. Bertan izan dira, halaber, Gobernuaren Nafarroako ordezkari José Luis Arasti, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusi Ignacio Gil, Ingurumeneko zuzendari nagusi Pablo Muñoz, Landa Garapeneko zuzendari nagusi Fernando Santafé, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusi Izaskun Abril, Toki Administrazio eta Despopulazioko zuzendari nagusi Jesús María Rodríguez, Garraioko zuzendari nagusi Berta Miranda, Turismoko zuzendari nagusi Maitena Ezkutari, Barneko zuzendari nagusi Amparo López, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaile Óscar Martínez de Bujanda, Sustapen Enpresarialaren zerbitzuko zuzendari Juan Carlos Artázcoz, eta Antolamendu eta Turismo eta Merkataritzaren Sustapen Zerbitzuko zuzendari Margarita Cueli.

3,4 milioi euro nekazaritza arloko laguntzetarako

Landa Garapen eta Ingurumeneko Departamentuak esku artean darabiltzan kalkulu ekonomikoen arabera, 3.420.000 euroko inbertsio ekonomikoa egin beharko da nekazaritzan eta abeltzaintzan eragindako kalteak arintzeko, honela banatuta: 1,7 milioi toki entitateen nekazaritza azpiegiturak konpontzeko; 800.000 euro nekazaritza ustiategietan izandako galerak orekatzeko; 420.000 euro ureztatzaileen komunitateen nekazaritza azpiegiturak konpontzeko eta 500.000 euro uholdeek nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategietan kalteturiko elementuak konpontzeko. Kontuan izan behar da laguntza hauen zenbatekoak nekazaritza azpiegituretan izandako kalteen % 100 estaltzen duela toki entitateen kasuan zein ureztatzaileen komunitateen edo nekazaritza ustiategien kasuan.

Laguntza horiek Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak gai ditzakeenen osagarriak eta subsidiarioak izango dira.

Gehiago irakurri

Milioi bat inguru toki entitateendako laguntzetarako

Toki entitateei dagokienez, Batzordeak aintzat hartu du administrazio horiek egindako 890.593 euroko laguntza eskaerak berehala tramitera onartu izana, 2017-2019ko Tokiko Inbertsioen Planaren barne. Laguntzak aurreikusitako epearen barnean eskatu dituzte zazpi udalek (Erriberri, Oloritz, Orisoain, Pitillas, Puiu, Tafalla eta San Martin Unx) eta Mairagako Manlomunitateak.

Halaber, gogoratu behar da Nafarroako Gobernuak zenbait zerga salbuespen onartu zituela uztailaren 30ean horrelako fenomenoek kalteturiko pertsona fisiko eta juridikoendako, baita salbuespen horiek aplikatuak dituzten udalei egin beharreko ordainak ere. Salbuespenak arautzen dituen Foru Aginduaren arabera, lurralde kontribuzioaren zerga ordaintzetik salbuetsiko dira kalteturiko higiezinak, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga eta Eraikuntzan, Instalazio eta Obren gaineko Zerga barne, kalteari dagokion portzentajean. Nafarroako Gobernuak neurri honen bitartez jasotzeari utzi dioten zerga-sarrerak konpentsatuko dizkie toki entitateei.

Halaber, Nafarroako Zerga Ogasunak gogorarazten du, uholdeen ondorioz hondamen-eremutzat hartutakoari dagokionez, erabiltzaileek mahaigaineratutako zalantza fiskalak jasotzen dituen informazio ohar bat argitaratu dela Nafarroako Gobernuko web orrialdean.

Santsoainerako zubi berria

Santsoainerako sarbidea emanen duen zubi berriaren eraikuntza da aurreikusitako beste ekintzetako bat. Azpiegitu berriak bi errei izanen ditu noranzko bakoitzean, eta horrela, egungo zubiak duen 5,10 metroko zabaleraren ordez, zubi berriak 9,20 metroko zabalera izanen du. Hasieran 700.000 euro inguruko aurrekontua kalkulatu arren, ibai-ibilguan egin beharreko zimendatze-lanek, behin-behineko pasabidea kentzeko lanek eta ezarri beharreko desbideratzeek aurreikuspen hori gehituko dute seguru aski.

Halaber, Batzordearen bilkuran, uholdeek kalteturiko errepideetan egindako lanen berri eman dute, 625.659 euroko inbertsioa tarteko: N-121, Iruñea-Tutera; NA-8607, Tafallarako sarbidea; NA-5100, Garinoain-Uzkita; NA-5151, Soltxaga; NA-5152, Orisoain; NA-5161, Amatriain; NA-5310, Uxue; NA-5330, Pitillas-Santakara-Melida; NA-2420, Dorre-Esa; NA-5110, Puiu-Lerga; NA-5301, Erriberri-Beire; eta NA-5163, Santsoain.

102 laguntza eskaera Gobernuaren Ordezkaritzan

Bestalde, Gobernuaren Nafarroako ordezkari José Luis Arastik ezagutzera eman dio Batzordeari, Gobernu zentralari eremua “babes zibileko larrialdi batek larri kalteturiko” edo “hondamen-eremu” izendatzeko aukera emanen liokeen administrazio espedientearen egoera. Izendapen horren harira, Gobernu zentralak beste laguntza ekonomiko batzuk ere emanen lituzte, baina Ministroen Kontseilutik igarotzeko zain dago.

Halaber, Arastik adierazi du Gobernuaren Ordezkaritzak 102 laguntza eskaera jaso dituela: 75 espediente etxebizitzetan izandako kalteei dagozkie, 2 eskaera toki korporazioek egindakoak dira, 9 eskaera auzokideen komunitateek egindakoak eta 16 espediente establezimenduetan izandako kalteei loturikoak dira. Eskaera horiek guztiak larrialdi edo hondamendi izaerako egoerek eragindako zenbait beharretarako dirulaguntzak eta hauek banatzeko prozedura zehazten dituen martxoaren 18ko 307/2005 Errege Dekretuari (apirilaren 13ko 477/2007 Errege Dekretuak aldaturikoa) atxikita daude.

Errege Dekretu horretan aurreikusitako laguntzak bost motatakoak dira, nagusiki. Alde batetik, familia unitateei eta bizikidetza ekonomiko unitateei zuzendutakoak, kalte pertsonalak zein etxebizitzetan edo etxe barneko gauzetan izandako kalte materialak estaltzeko; bigarrenik, jabetza horizontaleko araubideari atxikitako jabeen komunitateei zuzendutakoak erabilera orokorreko elementu komunetan izandako kalte materialetarako; hirugarrenik, toki korporazioei zuzendutakoak, larrialdi egoeretan egindako ekintzen gastuak estaltzeko; laugarrenik, gehienez 50 langile dituzten merkataritza, industria zein zerbitzuetako establezimenduen titularrak diren pertsona fisiko edo juridikoendako laguntzak daude negozioaren lokaletan eta ondasunetan izandako kalteak estaltzeko; eta azkenik, dekretuak laguntzak aurreikusi ditu, larrialdian ondasunak edo zerbitzuak emateko agintari eskumendunaren manua jaso duten pertsona fisiko edo juridikoendako.

Gainera, dekretuak bete beharreko baldintzak eta laguntza horien gehienezko kopuruak finkatu ditu. Hartara, laguntzak 5.160 eta 15.120 euro bitartekoak dira ohiko etxebizitzan izandako kalteetarako; 2.580 eurorainokoak etxe barneko gauzarik oinarrizkoenetan izandako kalteetarako, eta 9.924 eurorainokoak auzokideen komunitateko erabilere orokorreko elementuetan izandako kalteetarako. Laguntzak 18.000 eurokoak dira kalte pertsonalen kasuan, 9.224 eurorainokoak industria, merkataritza eta zerbitzuetako establezimenduen kasuan, eta udalek egindako gastuen ehuneko 50 eta 100 bitartekoak larrialdi egoeren kasuan.

Eskaerak modu telematikoan edo Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzaren nahiz foru exekutiboaren edozein erregistrotan aurkeztu behar ziren hilabateko epean, larrialdia eragin zuen gertaera bukatu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Barne Ministerioak ebatziko ditu sei hilebeteko gehienezko epean.