2019ko abuztuaren 29a

Eskubide Sozialetako Departamentuak bazterketa egoera handian dauden pertsonentzako egoitza-zerbitzua kudeatzeko kontzertua sinatu du Nafarroako Mugarik Gabe elkartearekin

Esleipen honekin egonkortasuna emango zaio zerbitzuari, eta, horrez gain, lan eta kudeaketan ere hobekuntzak egonen dira
 Maeztu kontseilaria eta Pilar Marzo kontzertuaren sinaduran.
 Maeztu kontseilaria eta Pilar Marzo kontzertuaren sinaduran.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Eskubide Sozialetako kontseilari Mª Carmen Maeztuk eta  Nafarroako Mugarik Gabe elkarteko zuzendari nagusi Pilar Marzok kontzertu bat sinatu dute gaur goizean, zeinaren bidez, muturreko behar egoeran zein babesik gabe dauden pertsonentzako egoitza-zerbitzua kudeatzeko. 16 plaza bete ahal izanen dira gehienez eta zerbitzu hori esparru orokorreko Eskubide Sozialetako Karterak bermatutako prestazioa da.

Kontseilariak oso modu positiboan baloratu du kontzertua, izan ere, “lehentasuna ematen die profesionalen egonkortasunari, eta lan eta kudeaketa arloko zenbait hobekuntza aurreikusten ditu, aldi berean ematen duen zerbitzuaren kalitate teknikoa hobetuz”. Ildo horretan, hezkuntza arloko langileak indartzen dira, txanda bakoitzean bi profesionalen presentzia bermatuz.

Halaber, kudeaketa formula horren bitartez, hirugarren sektoreko erakundeak interes orokorreko eta gizarte helburuetako zerbitzuen prestazioan inplikatzea bultzatzen da. “Zerbitzu publikoak kudeatzen dituzten gizarte arloko erakundeekin kontzertu eredua zabaltzea izango da Departamentuaren jarduketa ildo nagusietakoa”, adierazi du Mª Carmen Maeztuk.

Zerbitzua ostatu erregimenean emango da, eta erabiltzaileei arreta integrala eskainiko zaie, pertsonen autonomiari eusteko edo hobetzeko xedez, gertueneko ingurunean integratzea eta parte hartzea errazteaz gain.

Sarbidea Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez egingo da soilik, aurretik muturreko behar eta gizarte arloko babes falta egoera baloratu ondoren. Hartzaileek 18 eta 65 urte artean izan beharko dituzte, muturreko behar eta gizarte arloko babes falta egoeran egon, eta familian gatazka larriak dituzten edo/eta familia euskarri egokirik ez duten pertsonak direla egiaztatu, Gizarte Eskubideetako kontseilariaren ekainaren 15eko 197/2015 Foru Aginduan dagoeneko ezarririk dagoen baremoaren arabera.

Sinaturiko kontratuak 2019 – 2022 epealdia jasotzen du, eta kontzertua 9 urteko indarraldira heldu arte luzatzea aurreikusten du. Aurrekontu osoa 4.543.226,60 eurokoa da.