2019ko abuztuaren 28a

Nafar enpresei nazioartekotzeko zerbitzu espezializatuak kontratatzen laguntzeko deialdia argitaratu da

FEDER funtsek % 50 kofinantzaturiko dirulaguntza hauek lortzeko eskaerak irailaren 27ra arte aurkezten ahal dira

Nafarroako Gobernuak, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren bitartez, nazioartekotzeko prozesuan zerbitzu espezializatuak kontratatu edo kanpo merkatuetan hedatu nahi duten nafar enpresei zuzendutako laguntza deialdia argitaratu du. Eskaerak irailaren 27ra arte aurkezten ahal dira.

Deialdiak 450.000 euroko guztizko zenbatekoa du eta europar funtsek % 50 kofinantzatu dute FEDER Programaren bitartez. Eskaerak Nafarroako Gobernuak Interneten duen tramiteen katalogoko fitxa egokiaren bitartez aurkeztu beharko dira, asteazken honetan hasi eta irailaren 27ra bitartean.

Dirulaguntzak lortzen ahalko dituzte nazioarteko merkaturen batean finkatuta dauden enpresek, bai eta gutxienez fakturazioaren % 15 esportatu eta merkatu berrietan sartzeko asmoa dutenek ere. Azken hau aurreko deialdietan jasota ez zegoen berritasuna da.

Hedapena berria den kasuetan, enpresa onuradunak aldez aurreko jarduerarik gabe nazioartekotzeko estrategiaren argudioak zehaztu beharko ditu; hedapen bat baizik ez da lagunduko deialdi bakoitzeko eta ez dira diruz lagunduko merkatu berberetan egindako bigarren hedapenak.

Diruz laguntzen ahalko dira noizean behingo lanen inguruko gastuak, betiere ondoko helburuei atxikitakoak: aholkularitza juridiko eta finantzarioa, marketinari buruzko aholkularitza, helburu herrialdean agente bat hautatzea, jabetza intelektualari buruzko aholkularitza edota hedapena egin beharreko herrialderako bisitak, besteak beste.

Laguntzak lehia-konkurrentzia delako prozeduraren bidez banatuko dira, deialdiaren oinarrietan jasotako baremoaren arabera, proiektuen kalitateari eta enpresak berdintasunaren nahiz kalitatezko enpleguaren alde harturiko konpromisoari lehentasuna emanez.