2019ko abuztuaren 27a

Udal poligono eta lokalak sustatzeko 1,5 milioi euroko dirulaguntzak

Tokiko entitate eta sozietate publikoei zuzendutako deialdia da eta irailaren 15a bitartean aurkeztu daitezke eskaerak

Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak dirulaguntzen deialdia argitaratu du industriagune berriak sustatu, eta ekonomia jarduera berrietarako egun dauden udal poligonoak eta beren azpiegiturak egokitzeko.

Diru-laguntza guztira 1.460.309,47 eurokoa izango da bi ekitalditan, eta Nafarroako toki-erakundeek, haien sozietate publikoek eta Nasuvinsak irailaren 15era bitarte egin dezakete eskaera.

Deialdia astelehen honetan argitaratu da NAOn, eta horren bitartez Nafarroako Gobernuaren asmoa da Komunitateko toki-erakundeen eskaerari erantzuna ematea, jarduera ekonomikorako espazio berriak sustatu edo lehendik daudenak hobetzearren, izan industriaguneak edo udal-titulartasuneko lokalak, lehendik dauden enpresei ere azpiegitura hobeak eskaintze aldera. Abeltzaintza jardueretarako espazioak ez dira diruz lagunduko.

Diru-laguntzak norgehiagoka eran emango dira, eta irailaren 15era bitarte eskatu ahal izango dira Nafarroako Gobernuaren web orrialdean jarritako fitxaren bitartez.

Foru Exekutiboak gastua bi ekitalditan banatzeko konpromisoa hartu du; modu horretan, 660.30,47 euro jarriko dira 2019ko Aurrekontuaren kontura eta beste 800.000 euro 2020rako jarritako gastuen partidaren kontura.

Diru-laguntza lortu ahal izango da ondorengo gastuetarako: poligonoak garatzeko lursailak erostea, obra-proiektuak idaztea, partzelak urbanizatzeko lanak egitea, eraikin berriak eraikitzea eta obren zuzendaritza fakultatiboa burutzea. Poligono berrien sustapenerako edo udal-eraikinak prestatzeko, gastuen %30eko diru-laguntza emango da. Lehendik dauden poligonoetan azpiegiturak konpontzeko edo berriak prestatzeko, inbertsioaren %50eko diru-laguntza emango da.