Descárgate la app
El vicepresidente Remírez se reúne con el embajador y el nuevo cónsul de Ecuador en Navarra
2019ko abuztuaren 22a
Remírez lehendakariordea Ekuadorreko enbaxadorearekin eta kontsul berriarekin bildu da
Lehen lehendakariorde eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilari Javier Remírezek Ekuadorreko enbaxadorea den Cristóbal Roldánekin eta Nafarroan kontsul berria den Álvaro Balibearekin bilera izan du gaur goizean. Azken horrek, bere zerbitzuak eskainiko ditu urrian, Iruñean.
Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilari Eduardo Santosek ere parte hartu du bileran. Baita Ekuadorreko ordezkaritzakoek ere, hala nola, Enbaxadoreko kantzelariorde José María Moránek, Nafarroako Ekuadortar eta Atzerritarren aldeko Elkarteko (Aproena) koordinatzaile Winston Erazok, eta elkarteko Atzerritarren teknikari Patricio Cerónek.
Remírez lehendakariordeari jakinarazi diotenez, kontsuletxe berriaren irekiera lagungarria izango da Nafarroan bizi diren eta Ekuadorretik etorri diren edo arbasoak bertakoak dituzten pertsonen kudeaketetarako (pasaporteak, ahalordeak, jaiotze partidak, etab.). Errioxako, Euskadiko eta Frantzia hegoaldeko herritarrei ere emango dizkie zerbitzuak.
Ekuadorreko ordezkaritzak, herrialde hartako pazienteen osasun arretari eta ikasleen trukaketari buruz aurrera daramatzan programak ere azaldu dizkio Remírez lehendakariordeari.
17.000 ekuadortar Nafarroan
2017an, Ekuadorretik etorritako 17.231 pertsona zeuden zenbaturik Nafarroan, baina, aurreikuspenen arabera, kopuru hori %3-4 altuagoa izango da gaur egun. Foru Komunitateko atzerriko kolektibo latino jendetsuena da. Izan ere, azken hamarkadan Komunitatera heldu den bost migratzailetik bat herrialde horretakoa da.
Ekuadorreko biztanleen %90a 45 urtetik beherakoa da. Langile ekuadortarrak dira Nafarroako atzerritarren afiliazio guztien artetik %16a, eta presentzia handia dute etxeko enpleguaren sektorean.