2019ko abuztuaren 6a

María Chivite Navascués Nafarroako Lehendakariaren karguaz jabetu da gaur eguerdian

Hitzaldian, "aztarna aurrerakoi eta sozialeko Gobernua eta herritarrena" izango dela iragarri du
María Chivite Navascués , Nafarroako Lehendakari berria Irudi galeria

María Chivite Navascués , Nafarroako Lehendakari berria

María Chivite Navascués Nafarroako Lehendakariaren karguaz jabetu da gaur eguerdian, Nafarroako Parlamentuan egin den ekitaldian. Hitzaldian, Chivitek "aztarna aurrerakoi eta sozialeko Gobernua eta herritarrena" izango dela iragarri du.

Ekitaldia Nafarroako Parlamentuko lehendakaria den Unai Hualdek deitu du, Nafarroako Gobernuak eta Lehendakariak emandako 14/2004 Foru Legeko (abenduaren 3koa) 25. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta bertan izan dira Sustapen ministroa, José Luis Ábalos, eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako eta Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministroa, Luis Planas, Espainiako Gobernuaren ordezkari gisa.

Karguaz jabetzeko ekitaldia 11:30ean hasi da, eta Nafarroako Ereserkia eskaini du Trompetas y Timbales taldeak. Jarraian, Ganberako Mahaiko bigarren idazkari Maiorga Ramirezek Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakaria izendatzeko Errege Dekretua irakurri du.

Ondoren, Nafarroako Lehendakariak karguari zin egin dio Parlamentuko Lehendakariaren, Unai Hualderen, aurrean, honako formula hau erabiliaz:

“Hitzematen dut Nafarroako Foru Araubidea errespetatu, mantendu eta hobetuko dudala, Konstituzioari eta Legeei men eginen diedala eta Nafarroako Gobernuko Lehendakari karguari dagozkion betebeharrak leialki beteko ditudala”.

Hitzematearen ondoren, Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek, Luis Planas ministroak eta Foru Komunitateko Lehendakariak, María Chivite Navascuesek esku hartu dute, ordena horretan.

Chivite Lehendakariaren hitzaldia

Hitzaldian, Chivite Lehendakariak bere kargua "ohore eta erantzukizun" moduan definitu du, eta elkarbizitza "erronka handiena" izango dela nabarmendu du, Nafarroa komunitate plurala eta ezberdina delako; ondorioz, "pentsatzeko, sentitzeko, bizitzeko eta maitatzeko modu guztiak errespetatuko dituela" esan du.

Nafarroako Lehendakariak ziurtatu du “elkarbizitza ez duela ulertzen errespetua, bakea, memoria eta egia eta pluraltasuna (eta ez bazterketa) bezalako oinarrizko printzipiorik gabe”, eta elkartzeko deia egin du, “berdintasuna sortu ahal izateko eta gizarte zuzenago eta zoriontsuago bat lortzeko bidea egiteko aberastasunerako aukera ematen duen oparotasuna izate aldera”.

Modu horretan, Gobernua “herritarrena dela” azpimarratu ondoren, Chivitek elkarrizketa eta akordioa eskatu ditu, adostasunak lortzea “bereziki, gai sentikorrenetan eta gure lurraldearentzat funtsezkoak direnetan”. Akordioa sinatu dutenek aztarna “aurrerakoia eta soziala” ezarriko dutela baieztatu du, eta ahal den guztia egingo dutela “erabaki eta urrats bakoitza ahalik eta onenak izatearren, argudio, sen on eta kaudimen eta guzti”.

María Chivitek eskerrak eman dizkie irten den Gobernuari eta Uxue Barkosi, “prozesu honetan guztian eta botereak aldatzerakoan izandako jarrera egokiarengatik”; halaber, adierazi du “Nafarroak gaurtik aurrera Lehendakari bat duela bere eskura, autogobernuaren, berdintasunaren eta elkarbizitzaren aldeko apustu sendoarekin”.

Amaiera gisa, Gobernuko Lehendakariak agindu du “konfiantza eraikiko duela, elkarrizketa sakondu eta akordioak bilatuko dituela Nafarroa berritzaile, berdinago eta sozialagoan islatuko diren emaitzetara iristeko”.

Parlamentuko lehendakariaren eta Planas ministroaren hitzak

Bestalde, Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek, hasteko, Nafarroaren aniztasuna eta dibertsitatea nabarmendu ditu, Foru Komunitatearen aberastasunetariko bat bezala hartuta, “Estatuan gertatzen ari den ez bezala, Nafarroan gai izan baikara gobernagarritasunaren eta interes orokorraren aldeko akordio batera iristeko”.

Hualdek gogoratu du Gobernu berriak “hasieratik ez duela izango babesten duten indar politikoen artean aurrez adostutako neurriak aurrera ateratzeko beharrezko gehiengo osoa” eta, horregatik, Nafarroako Parlamentuak, “Nafarroako herritarren ordezkaritza-organoak, funtsezko protagonismoa izango duela”.

Horrez gain, elkarrizketa eta akordiorako deia egin du, “demokraziaren muina” bezala hartuta, eta esan du lan egin behar dela “Nafarroako gizartearen isla izateko, bakean bizi den gizartearena eta inolako zerikusirik ez duena zenbait ordezkari politikok ikusarazi nahi duten gizartearekin, politikak arduratsua izan behar duelako eta ikuskizunetik ihes egin behar duelako”.

Modu horretan, bi erakundeen arteko lankidetzarako deia egin ondoren, Hualdek aditzera eman du “herritarrengandik hurbileko politika egiteko moduaz arduratuko dela formetan nahiz funtsean”, gardentasunaren eta herritarren parte-hartzearen aldeko apustua berretsiaz.

Testuinguru horretan, Legegintzako lehendakariak erabat uste du “Gobernuak eta Parlamentuak elkarrekin lan egingo dutela genero-berdintasuna sustatzen duten politikak bultzatzeko”. “Nahi nuke Chivite andrea Foru Komunitateko hirugarren emakume lehendakaria izango dela nabarmenduko ez den eguna iristea”, “gertaera hori normalizatzen bada, benetako berdintasuna gure gizartera iritsi izanaren seinalea izango baita”.

Amaitzeko, Unai Hualde Maria Chiviteri zuzendu zaio Parlamentua Gobernuarekin batera lan egiteko prest dagoela erakusteko, “Nafarroa hobea, sozialagoa, pluralagoa, eskubide gehiago dituena eraikiaz, Nafarroako gizon-emakumeentzat onena bilatuaz, alderdien aurrez aurrekoetatik eta interesetatik urrun”.

Bestalde, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako eta Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministroa den Luis Planasek azpimarratu du Maria Chivite buru duen Nafarroako Gobernu berria "ikur ezberdineko lau indar politikoen arteko akordio adimentsuaren eta etorkizunekoaren emaitza dela, eta aniztasunean Nafarroako gizartearen eta Parlamentu honen errealitatea erakusten duela”; horrela, “zorionik beroena” adierazi dio Lehendakariari.

Halaber, Espainiako Gobernuaren "erabateko" jarrera agertu dio ministroak Lehendakariari "legegintzaldi honetan nafar guztiei interesatzen zaizkien gai guztiak elkarrekin eta bi administrazioen arteko lankidetzarekin jorratzeko ".

Planasentzat, "Gobernu berriaren eraketa ikur ezberdineko lau indar politikoen arteko akordio adimentsuaren eta etorkizunekoaren emaitza da, eta aniztasunean Nafarroako gizartearen errealitatea islatzen du". Inbestidura eztabaidan Chivitek bere hitzaldian gogoratzen zuen moduan, "herritarrek gizarte osoarentzat onena dakarten akordioak eta egiteko bide bat erakusten dutenak nahi dituela" berretsi du.

Modu horretan, "esker onak eman dizkio Uxue Barkos Lehendakari ohiari, "Gobernuaren aurrean azken urteetan egindako lanarengatik eta Gobernu berri honetarako azaldutako lankidetzarengatik".

Ekitaldiaren inguruko beste zenbait alderdi

Ekitaldirako musikaz Iruñako Orfeoia arduratu da, eta bi pieza jo ditu, Benito Lertxundiren Herribehera ezaguna, Lorenzo Ondarraren moldaketekin, eta Salvador Ruiz de Lunaren El Roncales, Jose Antonio Huarteren moldaketekin. Amaitzeko, Duguna Dantza Taldeak Agurra dantzatu du.

Ekitaldira gonbidatu dituzte Gobernu eta Parlamentu mugakideetako (Euskadi, Aragoi eta Errioxa) lehendakariak nahiz Merindade Nagusi eta 10.000 biztanletik gorako herrietako alkateak, hautatutako Lehendakariaren senide eta lagunez gain.

Halaber, bertan izan dira Foru Komunitateko lehen agintariak eta Nafarroako gizarteko estamentu zibiko, sozial, ekonomiko, hezkuntza eta kultural guztietako ordezkariak.

Zehazki, ekitaldira ofizialki gonbidatutakoen artean honako hauek egon dira, besteak beste: Uxue Barkos eta Juan Cruz Alli, Nafarroako Gobernuko lehendakari ohiak, Parlamentuko lehendakari ohiak, jarduneko Exekutiboa, Gobernuko delegatua, Bozeramaileen Mahaiko eta Batzordeko kideak, Ganberako parlamentariak, Nafarroako diputatuak eta senatariak, Europako diputatua, Nafarroako Kontseiluko lehendakariak, Kontuen Ganbera eta Nafarroako Arartekoa, bai eta gizarte, enpresa, sindikatu, unibertsitate eta lankidetzako erakundeak ere.