Descárgate la app
Uxue Barkosek eta María Chivitek botereen eskualdatzea formalizatu dute Gobernu aldaketa dela eta
2019ko abuztuaren 5a
Uxue Barkosek eta María Chivitek botere eskualdaketa gauzatu dute, Gobernu aldaketaren aurrean
Uxue Barkosek eta María Chivitek bilera izan dute gaur goizean Nafarroako Jauregian, Gobernu aldaketaren aurrean botere eskualdaketa errazteko xedez. Azken horrek, oraindik bete gabe dauden Gobernuaren gaiei buruzko informazioa jaso du.
Uxue Barkosek Gobernu berriaren esanetara jarri ditu bere Gobernuko kideak, departamentu bakoitzeko gaiei buruz beharrezkoa izan daitekeen informazio guztia bideratzeko xedez.
Horrez gain, zenbait dokumentazio eman dio María Chiviteri, eta baita Lehendakari berria lanean berehala has dadin eta kabinetearen aurrekontu egikaritze egoerari buruz beharrezkoa den hainbat arloko informazioa ere.
Bileraren ondoren, biek ere topaketa izan dute komunikabideekin. Uxue Barkosek bi taldeen arteko giro atsegina eta “erabateko elkarlana” azpimarratu ditu, “nola bestela”, “aurreko Gobernuak eta hamargarren legealdiko honek edukiei dagokienez izanen duten erlazioa” kontuan izanik.
María Chivitek, bere aldetik, “ongi eginiko” botere eskualdaketaren “forma eta edukia” eskertu ditu, eta baita Barkosek “lehen unetik” izan duen jarrera erraztailea ere, normaltasun prozesuaren barruan.
Lehendakariaren eta Gobernu berriaren kargu jabetzea
María Chivite Nafarroako Lehendakari gisa izendatzeko joan den ostegunean eta ostiralean Nafarroako Parlamentuan izandako saioaren eta gaur egin den botere eskualdaketaren ondoren, bihar, asteartean, kargu jabetze ekitaldia eginen da, Nafarroako gobernuaren egoitzan, 11:30etik aurrera.
Halaber, aurreikuspenak betetzen badira, asteazkenean, abuztuaren 7an, 12:00etan, María Chivitek izendaturiko kontseilariak beraien karguez jabetuko dira, Nafarroako Jauregiko Tronuaren Aretoan eginen den ekitaldian