2019ko uztailaren 30a

180.000 euro 7 udaletxeetako suhiltzaile boluntarioen taldeak diruz-laguntzeko

Diru-laguntzek gastu arruntak eta inbertsioak finantzatzea dute xede
Beaumont, jarduneko kontseilaria, Barne Zuzendaritza Orokorreko arduradun 
eta maiatzean hitzarmena sinatu zuten udaleko ordezkariekin.
camera_alt Beaumont, jarduneko kontseilaria, Barne Zuzendaritza Orokorreko arduradun eta maiatzean hitzarmena sinatu zuten udaleko ordezkariekin.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Jarduneko Lehendakaritza, Funtzio Publikoa, Barnea eta Justiziako Departamentuak 180.000 euro eman dizkie Agoitz, Bera, Goizueta, Leitza, Izaba, Lesaka eta Luzaideko udalei suhiltzaile bolondresak finantzatzeko. Guztiek Nafarroako Gobernuarekin elkarlanerako hitzarmena sinatu zuten 2016ko maiatzean.

Nafarroako Aldizkari Ofizialean gaur argitaraturiko laguntzen banaketari esker, funtzionamenduari atxikitako gastu arruntak finantzatuko dira, ohikoak zein ezohikoak, baita inbertsioak ere.

Martxoan argitaraturiko deialdian, talde hauen gastuak mugatuta zeuden eta ezin ziren 2019an justifikatutakoen % 10etik gorakoak izan.

180.552.29 euroko laguntza hauetan, 159.000 euro gastu arruntetara bideratuko dira (105.863,56 euro ohiko gastuetarako eta 53.136,44 euro ezohiko gastuetarako), eta 21.552,27 euro inbertsioetara, eta honela banatu dira:

  • Agoizko Udala: 16.971,42 euro (13.636 euro ohiko gastuetarako, 450,42 euro ezohiko gastuetarako eta 2.885 euro inbertsioetarako.)
  • Berako Udala: 34.562,78 euro (14.570,21 euro ohiko gastuetarako, 17.312,58 euro ezohiko gastuetarako eta 2.679,99 euro inbertsioetarako).
  • Goizuetako Udala: 32.553,69 euro (16.040 euro ohiko gastuetarako, 8.535,02 euro ezohiko gastuetarako eta 7.978,67 euro inbertsioetarako).
  • Izabako Udala: 20.364,12 euro (13.364,12 euro ohiko gastuetarako eta 7.000 euro ezohiko gastuetarako).
  • Leitzako Udala: 21.328,44 euro (9.499,20 euro ohiko gastuetarako, 9.694,49 euro ezohiko gastuetarako eta 2.134,75 euro inbertsioetarako).
  • Lesakako Udala: 19.791,84 euro (12.567 euro ohiko gastuetarako eta 7.224,84 euro ezohiko gastuetarako).
  • Luzaideko Udala: 29.106,12 euro (26.187,03 euro ohiko gastuetarako, 2.919,09 euro ezohiko gastuetarako eta 5.873,86 euro inbertsioetarako).

Esparru hitzarmena

Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Barne eta Justiziako jarduneko kontseilari María José Beaumontek lankidetzan jarduteko esparru hitzarmena sinatu zuen 2016ko maiatzean Agoitz, Bera, Goizueta, Izaba, Leitza, Lesaka eta Luzaideko alkateekin.

Horren bitartez, Barneko Zuzendaritza Nagusiak bere gain hartu zuen ekonomikoki laguntzeko konpromisoa (dirulaguntzen nahiz ondasunen lagapenen bitartez), babes zibileko sisteman integratzeko aukera erraztuz, eta suhiltzaile boluntarioen eragiketa-prozedurei, gutxieneko zuzkidurei, formakuntzari, prebentzio eta dibulgazioko jardueretan parte partzeari eta ezbeharretan esku hartzeari buruzko ekintza koordinaturako gidalerroak finkatuz. Bestetik, udalek beren gain hartu zuten Babes Zibilari loturiko zerbitzuen antolaketa eta mantenimendua segurtatzeko konpromisoa, boluntario taldeak kudeatuz eta Barne Departamentuak ezarritako gidalerroak aintzat hartuz.

Egun 133 boluntario daude Nafarroan, parke hauetan zehar sakabanatuta: 31 Goizuetan, 24 Luzaiden, 21 Lesakan, 20 Leitzan, 13 Agoitzen eta 12na Beran eta Izaban. Hiriko zein basoko suteei aurre egiteko eta bilaketa nahiz erreskate lanetarako ekipamenduak eta baliabideak dituzte, eta ondorioz, aldian-aldian, prestakuntza hartu eta maniobrak egin ohi dituzte Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko profesionalen laguntzaz eta jarraipenaz.

2018an, guztira 245 aldiz mobilizatu ziren, batez ere Goizuetako taldea (102 aldiz), anbulantziaz egindako 41 joan-etorri barne harturik. Gainera, 50 mobilizazio erregistratu ziren Beran, 35 Luzaiden, 30 Lesakan, 18 Leitzan, 7 Agoitzen eta 3 Izaban.