Descárgate la app
Nafarroako Urrezko Dominarako hautagaitzak aurkezteko epea ireki da
2019ko uztailaren 29a
Nafarroako Urrezko Dominarako hautagaitzak aurkezteko epea ireki da
Nafarroako Urrezko Domina jasotzeko hautagaitzen aurkezpenean herritarrek parte hartzeko aukera emanen du Gobernuak. Gaur, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu den jarduneko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Olloren Foru Legeak dioenaren arabera, hautagaitzen aurkezpen epea astelehen honetan, hilak 29, hasi eta urriaren 15a arte iraunen du.
Dominaren emate prozesuan hiritarren parte-hartzea bermatzea da deialdi honen xedea, izan ere, hauxe da Nafarroako Gobernuak ematen duen ohorezko saririk handiena, gizartea hobetzearen, balio demokratikoak sendotzearen nahiz Foru Komunitatearen kanpoko proiekzio bultzatzearen alde lan egin duten pertsonak, erakundeak eta entitateak aldarrikatzea xede duena.
Hautagaiak aurkezten ahalko dituzte erakundeek, entitateek, elkarteek eta edozein pertsona fisiko edo juridikok. Baztertuta geldituko dira norberarendako edo legez ordezkatutako erakundeendako golardoa eskatzen duten proposamenak.
Hautagaiak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektroniko Nagusian, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Nagusian (Karlos III.aren Hiribidea, 2 - 31002 Iruñea) edota Administrazio Publikoekiko Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako edozein beste lekutan aurkeztu beharko dira.
Epaimahaia eta balorazio-irizpideak
Hautagaiak baloratzeko epaimahaiko buru izanen da Nafarroako Gobernuaren herritarrekiko eta erakundeekiko harremanen eskuduntza duen Departamentuko kontseilari titularra, eta bertako kide izanen dira industria, gizarte-politika, aurrekontu, lehendakaritza, komunikazio, hezkuntza, osasun eta kultura arloetako eskuduntzak dituzten zuzendaritza nagusien arduradunak.
Epaimahaiak, aurkeztutakoen artetik, gehienez hiru hautagai aukeratuko ditu, hurrengo irizpideei lehentasuna emanez: hiritarren taldeak horrela hartutako ereduzko jokaera pertsonal edo kolektiboa; gizartearen balio demokratikoen sustapena; herritarren onurarako elkartasuna eta lanaren aldeko ekintzen bultzada; gizarte, kultura, enpresa eta bestelako jarduera esparruetatik gizarte solidarioagoa eta bidezkoagoa osatzeko egindako ibilbideak; emakumeek gizarteari egindako ekarpenak aintzat hartzen dituzten generoren araberako parekotasunak; heziketa, osasuna, ingurumena eta aurrerabide sozialen sustapena; eta Nafarroako kanpoko irudiaren bultzada.
Epaimahaiak aukeratutako hautagaiak Gobernuari aurkeztuko dizkio, eta Nafarroako Lehendakariaren zein Gobernuko beste edozein kideren ekimenez, haietako bat aukeratuko du, bere ematea onartuz, Dominaren hartzaileak aurretik adostuta.