2019ko uztailaren 26a

Ayerdi lehendakariordeak Sunsundegui enpresa egiten ari den handitze eta modernizatze plana ezagutu du

500 langile dituen Sakanako karrozeria enpresak 7 milioi euro inbertitu ditu proiektu honetan ekoizpena bikoizteko
Sunsundegui enpresak karrozeriadun autobusak egiten ditu
camera_alt Sunsundegui enpresak karrozeriadun autobusak egiten ditu  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko jarduneko lehendakariorde Manu Ayerdik aurten 75 urte bete eta 500 langile inguru dituen Sunsundegui enpresaren Altsasuko instalazioak bisitatu ditu gaur goizean. Berrikitan, enpresak instalazioak eguneratzeko plana abiarazi du.

Bisitan, lehendakariordearekin batera izan dira José Ignacio Murillo, Sunsundeguiko zuzendari nagusia, Javier Otazu, finantza-zuzendaria, eta Andrey Solntsev, merkataritza-zuzendaria.

Autobusak eta autokarrak karrozatzen diharduen enpresa honek 7 milioi euro inbertitu ditu instalazioak handitu eta hobetzeko, eta horri esker, urteko ekoizpena bikoizten ahalko du. Gainera, azken hilabeteotan, 150 pertsona baino gehiago kontratatu ditu.

Enpresa nazioartekotzea

Egun, enpresak aurrera jarraitzen du hedapen prozesuarekin. Berrikitan, 143 SC5 ibilgailu (eskualdeko, nahierako, eskolako zein distantzia laburreko ibilbideetarako diseinaturiko modelo moldakorra) hornituko dizkio Dubaiko errepide eta garraio arloko aginaritza nagusiari, eta luze gabe, SB3 modeloko beste 373 autobus (hiri barneko zein hiri arteko zerbitzuetako ibilbide labur eta ertainetarako diseinaturiko modeloa) fabrikatuko ditu operadore horrexendako.

Halaber, 150 SB3 unitate hornituko dizkio Irlandako National Transport Authority (NTA) garraio-erakunde publikoari, eta 120 SC5 ibilgailu Ipar Irlandako Translink enpresari.