Descárgate la app
5,8 milioi, glukosa sentsore bidez monitorizatzeko gailuak O-NOZendako kontratatzeko
2019ko uztailaren 24a
5,8 milioi, glukosa sentsore bidez monitorizatzeko gailuak O-NOZendako kontratatzeko
Jarduneko Nafarroako Gobernuak gaurko bilkuran onartutako erabakiaren arabera, baimena eman dio Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari, glukosa flash-free style deritzen sentsoreen bidez monitorizatzeko gailuen horniketa kontrata dezan Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko (O-NOZ) zenbait zentrotarako.
Gailu hauek Nafarroako Ospitalegunearendako, Lehen Mailako Arretarendakjo eta Tutera eta Lizarrako osasun-eremuendako izanen dira.
Baimena nahitaezkoa da urte anitzeko gastua den aldetik. Hartara aurreikusitako 5.871.514 euroetatik, 374.442 euro 2019ko ekitaldiaren kontura izanen dira, 2,3 milioi 2020koaren kontura eta gainerako 2,4 milioiak 2021ekoaren kontura.
Bizi-kalitatea hobetzea
Gailu hauek gluzemia neurtzeko tira erreaktiboen ordezko alternatiba dira 1. motako mellitus diabetesa (1MD) diagnostikatua izan eta intsulina bidezko terapia intentsiboa (eguneroko dosien nahiz intsulina-punparen bitartez) egiten duten pazienteendako, baldin eta odolen dagoen glukosa monitorizatzeko egunean gutxienez sei aldiz atzamarretan ziztadak egin behar badituzte. Helburua bizi-kalitatea hobetu eta eritasuna kontrolatzea da, osasun arloko emaitzen mesedetan.
Horren harira nabarmendu behar da, 2019an eta 2020an pixkanaka-pixkanaka glukosa monitorizatzeko programan biztanle-talde berriak sartuko direnez gero, aurreikusitako kontsumoa gehitu dela.
Ondorioz, beharrekoa da iazko urrian 4 eta 18 urte bitarteko pazienteekin (140) hasitako banaketarekin jarraitzea. Programan sartu ondoren 18 urte betetzen dituztenek ere gailuaz baliatzen jarraitzeko aukera izanen dute.
140 paziente horiez gain, gailua 1MD diagnostikatua duten beste 1.837 pertsona ingururi emanen zaiela kalkulatu da (hainbat intsulina dosi hartzen duten pazienteak, ikusmeneko desgaitasuna edo mugapen funtzional larriak dituzten pazienteak, hipogluzemia errepikagarriak dituzten pazienteak eta haurdun dauden pazienteak).
Prestakuntza programa eta koordinazioa
Prozeduraren barnean, lehenbizikoz, endokrinoek artatu beharreko biztanleak identifikatu eta gailuak esleitzen dizkiete. Horrekin batera, pazienteendako eta hauen senitartekoendako prestakuntza programa ginen da, NOGeko Endokrinologia Zerbitzuak agintzen duenean. Osasun-eremuen lankidetzaz, hezkuntza programari dagozkion edukiak, formatuak (banakakoa zein taldekakoa) eta saioen egutegia finkatuko dira.
Lehen Mailako Arretaren eta Ospitaleko Arretaren arteko koordinazio plana eta Lehen Mailako Arretako profesionalendako prestakuntza programa aurreikusi dira, honako alderdi hauek barne hartuz: gailuaren hasiera nahiz bukaerari buruzko txostena, baimen informatuari buruzko agiriaren elaborazioa, aurtengo maiatzean lehetsitako biztanleen artean gailuak banatzen hastea, eta banatu beharreko gailuen erosketa bideratzea dagokien zerbitzuen bitartez, adingabeendako erabilitako eskemaren harira.
Gailuak jasotzeko uneari dagokienez, lehendabizi, Endokrinologia zerbitzuetako prestakuntza egiten denean jasoko da (5 gailu 2 hilabetetarako), eta ondorengoak Lehen Mailako Arretako taldeek bideratuko dituzte. Azkenik, tira eta gailuen erabilerari buruzko jarraipena eginen da.