2019ko uztailaren 19a

Nafarroako Ogasunak ez dizkie Sozietateen eta BEZaren aitorpenen atzerapenengatik errekarguak erreklamatuko uholdeengatik kaltetuak izan direnei

Egutegi fiskalarekin bete ezin ahal izateko ezinbesteko egoera dutela adierazi beharko dute kaltetutako pertsonek aitorpenen epeak amaitu baino lehenago

Erdialdean uholdeak eragindako kalteengatik egutegi fiskalak ezarritako datak (Uztailaren 25ean Sozietateen aitorpena eta abuztuaren 5ean BEZaren gainekoa) bete ezingo duten herritarrei beraien egoeraren berri eman dezaten gomendatu du Ogasunak. Hala, jarduneko Nafarroako Gobernuari atzo Tafalla eta Erriberriko alkateekin egindako bileran jasotako eskaerari erantzuna eman dio.

Egoera hau BEZaren autolikidazioei, Sozietateen gaineko Zergari eta konturatu atxikipenei dagokie, nagusiki. Kalteturiko pertsonek eskaera bidez jakinarazi beharko dute autolikidazioak ezin izango dituztela dagokien epean aurkeztu, ezinbesteak bultzatuta, kasu bakoitzari buruzko arrazoi zehatzak emanez.

Alternatiba gisa, Nafarroako Zerga Ogasunak proposatu die kaltetuei autolikidazioak epearen barnean aurkez ditzatela, une horretako datu erabilgarrien bitartez. Ondoren, aitorpen osagarria edo ordezkagarria aurkezten ahalko dute, eta eskaera bidez argudiatu ezinbesteko arrazoiak uholdeek eragindako kalteekin lotuta daudela.

Ogasunak, jakinarazpen horien harira, dagozkion neurriak hartuko ditu, kalteturiko zergadunei epez kanpo aurkezteagatiko errekargurik ez erreklamatzeko. Errekargu horiek automatikoki jartzen dira, ezarritako egutegia betetzen ez baldin bada.

Zergadunarentzako arreta Tafallan

Hain zuzen, Tafallako Zergadunarentzako Arreta Bulegoak kalte larriak jasan zituen uztailaren 8an, Cidacos ibaiak gainezka egin zuenean. Une honetan, Nafarroako Zerga Ogasuna lokal berri bat prestatzen ari da eta jendearendako irekita egonen da ondorengo egunetan.

Bien bitartean gogoratu die zergadunei arreta modu presentzialean hartzen ahal dutela Iruñeko bulego nagusietan (Eskirotz kaleko 16 eta 20 bis) eta Lizarrako Zergadunarentzako Arreta Bulegoan (Koroatze Plaza, 2), baita telefonoz (948 50 51 52) eta posta elektronikoaren bidez ere (htn@navarra.es).

Gainera, herri berean, kaltetuek Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko Erregistro Nagusia erabiltzen ahalko dute Nafarroako Behereko Etorbideko 14an, baita beste administrazioen erregistroak ere.