Descárgate la app
Diabetesarentzako botiken beharra gutxitzen du dieta mediterraneoak Osasunbidea eta Nafarroako Unibertsitateko ikerlariek ondorioztatu dutenez
2019ko uztailaren 18a
Diabetesarentzako botiken beharra gutxitzen du dieta mediterraneoak Osasunbidea eta Nafarroako Unibertsitateko ikerlariek ondorioztatu dutenez
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko eta Nafarroako Unibertsitateko Medikuntza Fakultateko ikerlariek, Miguel Ángel Martínez González irakasleak gidaturik egindako ikerketan, dieta mediterraneoak, oliba olioan aberatsa denak, diabetesa duten gaixoek botikak hartzea epe luzean %22an murriztu dezaketeela ondorioztatu dute.
Ikerketaren emaitzak Dieta Mediterraneoaren Prebentziorako azterketan (PREDIMED) sartzen dira, eta duela gutxi Diabetes Care aldizkarian argitaratu dira, diabetes arloan medikuntzako argitalpenik ospetsuenean.
Diabetesa kopuru epidemikoetara iritsi da gaur egun, eta mundu osoan 450 milioi pertsona baino gehiagok du, osasun publikoaren arazo larrienen buruan dagoelarik. Espainian, 10 pertsona heldutatik batek 2 motako diabetesa du.
Entsegu klinikoa eskala handian
Emaitzak tamaina handiko entsegu klinikoari esker lortu dira. Bertan, Espainia osoko osasun-zentroek hartu dute parte eta bereziki Nafarroako osasun-zentroek. Diabetesa duten 3.230 gaixo aztertu dira 3,2 urtetan.
Entseguan ezarritakoaren arabera, gaixoei ausaz esleitu zitzaizkien hiru dieta. Talde bati oliba-olio birjina estrako dieta mediterraneoa ezarri zitzaion eta beste bati fruitu lehor mistoekin osatutako dieta mediterraneoa. Bestalde, kontrol-taldea deitutakoari koipe gutxiko dieta agindu zitzaion.
Azterketaren arabera, oliba-olio birjina estrarekin aberastutako dieta mediterraneoa egin zutenek %22 inguru murriztu zuten diabetesaren aurkako botikak hartzeko beharra, ahozkoa nahiz injektagarria, kontrol-taldearekin alderatuta.
Azterketaren lehen egileak, Javier Basterra doktoreak, Tuterako Sofia Erregina Ospitaleko Endokrinologiako eta Nutrizioko espezialistak, eta Nafarroako Unibertsitateko Medikuntza Fakultateko ikerlari elkartuak, berretsi du beharbada hori gertatuko zela PREDIMEDen erabilitako patroi dietetikoaren konposizio orokorrean lortutako aldaketari esker. Basterrak, halaber, adierazi du hobekuntza ez dela gertatu kaloria gutxiago hartzeagatik, pisua galtzeagatik edota jarduera fisikoa gehitzeagatik, horren inguruan ez baita alderik egon hiru taldetan.
Bestalde, Fernando Arós doktoreak, Obesitatearen eta Nutrizioaren Fisiopatologia Sareko Ikerketa Biomedikoaren Zentroko (CIBERobn) ikertzaileak eta azterketaren senior autoreak, azaldu du dieta mediterraneoaren patroiarekin eta oliba-olio birjina estrarekin botika gutxiago behar izateak beharbada erakusten duela dieta horrekin kontrol gluzemiko hobea egin izana PREDIMEDen azterketaren segimenduan zehar.