2019ko uztailaren 16a

Hasi da Lizarrako Erdi Aroko ikerlanen Nazioarteko Astea

Uztailaren 19a arte, XI eta XIV mendeetan sortutako Hiribilduen papera aztertuko dute nazio eta nazioarteko adituek
Herrera kontseilariak Lizarrako Erdi Aroko Ikerketen Astearen 46. edizioa 
ireki du.
Herrera kontseilariak Lizarrako Erdi Aroko Ikerketen Astearen 46. edizioa ireki du.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Lizarrako Erdi Aroko ikerlanen Nazioarteko Astearen 46. edizioa astearte honetan hasi eta ostirala bitartean ospatuko da, “Nekazarien hiria: hiribildu berriak, hiribildu txikiak, merkatu-hiribilduak” lemapean, Espainia, Frantzia, Italia, Erresuma Batua eta Portugaleko adituen parte hartzearekin.

Ana Herrera, Kultura, Kirola eta Gazteriako jarduneko kontseilariak jada finkatuta dagoen ekimenaren nazioarteko irizpidea nabarmendu du, baita egunotan ikerketa proiektu zein tesiak ikerlari gazteen esku jarri eta zabaltzeko egindako apustua ere.

Harekin batera parte hartu dute Lizarrako alkateak, Gonzalo Fuentes, eta Valladolideko Unibertsitateko Erdi Aroko Historiako irakasle eta katedradunak, Pascual Martínez Sopenak, astearen edizio honen koordinatzaile eta batzorde zientifikoko kideak.

Hala, lau egunetan zehar, XI eta XIV mendeen artean Europako hiribilduek agertzen dituzten gizarte, ekonomia, instituzio zein arlo politikoak aztertuko dira, askotariko migrazioekin lotzen da eta nukleo xume samarrak eta saiakuntza urbanistikoak ekarri zituen. Horiek gainera, azokak eta artisautza-jarduerak hartu zituzten, hedadura ezberdinetako eskualdeetan.

Armazoi kontzeptual horren pean, hitzaldi ezberdinetan honako gaiak jorratuko dituzte: ikuspegi kartografikoak, migrazio-mugimenduak, hiribilduen eta merkatuen arteko erlazioa, elizako jaunen eta nobleen hiribilduak, “lur berriak” eta “zentro txikiak”, azken horiek Nafarroan oinarritua.

Aldi berean, ikerlari berriek eta antzeko gaiaren inguruan doktorego-tesia garatzen ari diren doktoregai gazteek beren ikerlanen emaitzak aurkeztu ahal izango dituzte uztailaren 17an eta 18an arratsaldez egingo diren bi saiotan.

Astea ostiralean, uztailaren 19an, amaituko da, hiriak eskatuta egingo den jarduerarekin, Lizarrak izandako hiri-bilakaera herritarrengana hurbiltzeko, artxiboetan kontserbatzen den dokumentazio historikoa kontuan hartuta, bereziki, Udal Artxiboa. Jarduera horretaz arduratuko dira Lizarrerriko Ikerketa Guneko ordezkariak eta Muraria enpresako teknikariak.

Lizarrako Udalaz gain, edizio honetan honako hauek esku hartuko dute: “Lizarrako Donejakue Bideko Lagunak” Elkartea; Erdi Aroko Ikerlanen Espainiako Sozietatea; Lizarrerriko Ikerketa-Gunea; eta “la Caixa” Gizarte Ekintza, bertaratzeko beka-kopuru garrantzitsua jarriko baitu.

Astearen Batzorde Zientifikoa honako irakasle hauek osatzen dute: Eloísa Ramírez Vaquero, Nafarroako Unibertsitate Publikokoa; Julia Pavón Benito, Nafarroako Unibertsitatekoa; Pascual Martínez Sopena, Valladolideko Unibertsitatekoa, 2019ko edizioan koordinatzailea ere izango dena; Véronique Lamazou-Duplan, Université de Pau et des Pays de l’Adour Unibertsitatekoa; Juan José Larrea Conde, Euskal Herriko Unibertsitatekoa; eta Ana Rodríguez, Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusikoa.