Descárgate la app
Down sindromea duten hogei langile trebatzen ari dira, beraien enpleguari eusteko eta hobetzeko
2019ko uztailaren 16a
Down sindromea duten hogei langile trebatzen ari dira, beraien enpleguari eusteko eta hobetzeko
Down-en sindromea duten langileek formazio ikastaroa egin dute.
Down sindromea duten 25 eta 44 urte arteko 18 langilek (10 emakume eta 8 gizon) 342 orduko prestakuntza ikastaroa egin dute, beraien lanpostuetan jarraitzeko edo horiei eusteko. Servicio Navarro de Empleo-Nafar Lansareak (SNE-NL) eta Down Sindromea Elkarteak bultzatu duten ikastaroa, lan arloko autonomia eta independentzia garatzera eta laneko trebezia berriak eskuratzera egon da zuzendurik. Gaur egun, pertsona horietatik gehienek biltegiko laguntzaile, kutxazain edo ostalaritzako langile gisa egiten dute lan.
Urtarriletik ekainera, eta laneko ordutegitik kanpo, egin den programak hainbat helburu izan ditu: laneko zenbait profil aurrera eramateko beharrezkoak diren trebezien eta jarreren garapena eta finkapena, laneratzea eta gizarteratzea erraztuko duten gaitasunen hobekuntza eta hobekuntza pertsonala eta soziala. Horrez gain, laneko trebezien garapena ere bilatu da herritar langile helduaren rolaren barruan eta, amaitzeko, baita gizarte eta lan ingurunean behar bezala aritzea eta enplegagarritasunaren hobekuntza ere.
Une honetan pertsona horiek lan egiten duten enpresak hauek dira: Telepizza, Carrefour, El Corte Inglés, Peluquería Maiss, BTQ Nespresso, El Corte Inglés, Veterinaria Burlada, Bikain Innovation, UNAV, Viscofán, Telepizza, Sedena S.L., Sedena S.L., San Fermin Ikastola, Tasubinsa, Fagor Ederlan Tafalla eta Intersport Irabia
Ikastaroaren edukia
Ikastaroaren edukiak hiru prestakuntza modulu izan ditu: “Oinarrizko Trebezia Soziolaboralak”, “Arazoen Ebazpena eta Emozioen Kudeaketa” eta “Laneko Jarraipena eta Enplegagarritasunerako Estrategiak”.
Lehenengo modulua “Oinarrizko Trebezia Soziolaboralak”, lanpostu batean beharrezkoak diren laneko oinarrizko jokabideetan zentratu da, autonomia pertsonalean, gizarte eta harreman arloko trebezietan eta lan munduko bizikidetzarako eta komunikaziorako estrategien garapenean.
“Arazoen Ebazpena eta Emozioen Kudeaketa” hurrengo moduluaren helburua, erabakiak hartzeko orduan emozioak kudeatzea eta horretarako entrenatzea izan da eta, gainera, autoestimua eta arazoen ebazpena ere landu dira.
Amaitzeko, “Laneko Jarraipena eta Enplegagarritasunerako Estrategiak” hirugarren moduluaren helburua, zenbait soslai profesionalen berezko egitekoak entrenatzea izan da: teknologia berrien (ordenagailuak, Internet, posta elektronikoa edo sare sozialak) erabilera eta zenbait soslai profesional gauzatzea, biltegiko laguntzaile, edo administrazioko edo arloko langile, besteak beste.
Modulu horretan, prestakuntza banakakoa izan da, pertsona bakoitzak bere lanpostuan dituen beharrei egokiturikoa.