2019ko uztailaren 12a

Nafarroako Gobernuak Orbaibarren eta N-121 errepidearen arteko behin-behineko pasabidea ireki du gaur

Halaber, larrialdi eta zerbitzu publikoetarako Tafalla eta Puiuren arteko pasabidea prestatuko du asteburu honetan
N-121 errepidearen egoera Puiu parean, El Maño Ostatuaren bidegurutzean.
N-121 errepidearen egoera Puiu parean, El Maño Ostatuaren bidegurutzean.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak, Obra Publikoetako Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, NA-5110 eta N-121 errepideak lotzen dituen behin-behineko pasabidea irekiko du ostiral honetako arratsaldeko lehen orduan. Horrek, ibilgailuak N-121 errepidearen eta Lergako gainaren artean igarotzea ahalbidetuko du, Makirriain eta Olleta herrietarako sarbidea erraztuz. Halaber, asteburu honetan bertan, behin-behineko lotura irekiko da errepide honetan (N-121, El Maño bidegurutzean), Tafalla eta Puiuren artean, baina bakarrik zerbitzu publikoko larrialdietako ibigailuetarako.

Asteburu honetan irekiko den behin-betiko loturan, ibilgailuen joan-etorriak txandaka eginen dira semaforoen laguntzaz, eta atzo bi herrien artean abiarazi zen autobus zerbitzu berezia kenduko da, izan ere, zerbitzu hori Tafallaren eta Iruñearen arteko ohiko lineak beteko du, bidaiariak garraiatzeko zerbitzu guztiak jatorrizko egoerara bihurtuz.

Asteburu honetan bertan, eremu osoko errepideen seinaleztapena hobetuko da, kartel, kono eta baliza-sistema berrien bitartez.

Astearteaz geroztik jakinarazi denez, Iparraldetik Tafallara edo Tafallatik Iparraldera abiatu behar duten ibilgailuek Nafarroako Autobidea (AP-15) erabili beharko dute, eta horren harira, N-121 errepideak Puiu aldean izandako kalteak konpontzen diren bitartean, aldi batez kendu dituzte Imarkoaingo bide-sariak, eta ondorioz, Iruñearen eta Tafallaren arteko joan-etorriak doakoan dira AP-15 autobidean barna.

Jakina denez, N-121 errepideak Puiu aldean hilabete bat beharko du gutxienez ibilgailuen ohiko joan-etorriak berreskuratzeko, Zuzendaritza Nagusiko teknikarien lehendabiziko estimazioen arabera.

Gaur, ostiralez, eskaera igorri zaio Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Santsoainerako (Lerga) sarbidea prestatzeko aukera erraztuko lukeen behin-behineko pasabidea eraikitzeko baimena eman dezan, eta horrela, datorren astean, ibilgailu arinak herrira sartzen eta herritik ateratzen ahalko dira. Gogoratu behar da Santsoainerako sarrerak eta irteerak (NA-5163) egiteko erabiltzen zen zubiaren hiru begietako bi uholdeek suntsitu zituztela, eta ondorioz, zubi berri bat eraiki behar dela.

Halaber, Obra Publikoetako Zuzendaritza Nagusiko eta Tafallako Errepideen Kontserbaziorako Zentroko pertsonalak, Erri Berri mantentze-lanetako enpresaren bitartez, lanean dihardute hondamendiaz geroztik kaltetuta gelditu diren bigarren mailako errepide-sareko beste puntu batzuetan, ahalik eta lasterren zerbitzuak berreskuratu ahal izateko.

Nafarroako Gobernuak publikoki nabarmendu nahi izan du Obra Publikoetako eta errepideen mantentze-lanez arduratzen diren enpresa esleipendunetako zein Audenasako teknikariek egindako lana, joan den asteleheneko euri-jasek kalteturiko eremuetako zirkulazioa segurtatzeko eta Erdialdeko errepide-sareko zirkulazio ahalik eta eperik laburrenean konpontzeko frogatu duten dedikazio eta profesionaltasunagatik.

Puiu eta Iruñearen arteko Sanferminetako zerbitzu berezia

Sanferminetako festen kariaz, asteazkenaz geroztik abian jarri den Puiu-Iruñea zerbitzu bereziari hiriburutik itzultzeko beste bi autobus gehituko zaizkio larunbatean eta igandean, uztailak 13 eta 14, eta 00:00etan eta 04:30etan irtengo dira.

Iruñea eta Tuteraren arteko trenbidea ireki da

Bestetik, Adifek atzo, ostegunez, 22:00etan, uholdeek azpiegituretan eragindako kalteak konpontzeko lanak bukatu ondoren, normalduta gelditu dira Tafalla eta Garinoainen arteko trenen joan-etorriak, Iruñearekiko tren-zerbitzuetan ere erabateko normaltasuna berreskuratu delarik.