Nafarroako Gobernuak hondamendi egoera aldarrikatu du Erdialdeko 14 udalerritan eta Estatuari eskatu dio babes zibileko larrialdi batek bortizki kalteturiko eremutzat jo ditzala

Nafarroako Gobernuak hondamendi egoera aldarrikatu du Erdialdeko 14 udalerritan eta Estatuari eskatu dio babes zibileko larrialdi batek bortizki kalteturiko eremutzat jo ditzala

Gainera, herritarrei eta nekazaritza sektoreari eskatu die kalteen erreklamazioak aurkez ditzatela aseguru konpainien aurrean

2019/07/11
Nafarroako Erdialdean izan diren uholdeen harira Gobernuak hartutako neurriak

Nafarroako Gobernuak gaur egin duen ezohiko bilkuran, hondamendi egoera aldarrikatu du foru araudiaren arabera, printzipioz joan den astelehen iluntzeko euri-jasek kalteturiko Erdialdeko 14 udalerri hauendako: Barasoain, Beire, Ezprogi, Garinoain, Leotz, Lerga, Murillo el Cuende, Erriberri, Orisoain, Pitillas, Puiu, Zare, San Martin Unx eta Tafalla. 

Nafarroako Gobernuak gaur egin duen ezohiko Bilkuran, hondamendi egoera aldarrikatu du foru araudiaren arabera, printzipioz joan den astelehen iluntzeko euri-jasek kalteturiko Erdialdeko 14 udalerri hauendako: Barasoain, Beire, Ezprogi, Garinoain, Leotz, Lerga, Murillo el Cuende, Erriberri, Orisoain, Pitillas, Puiu, Zare, San Martin Unx eta Tafalla.

Halaber, Foru Exekutiboak erabaki du Gobernu Zentralari herri horiek guztiak larrialdi batek bortizki kalteturiko eremutzat jotzeko eskatuko diola, entitate horiendako eta bertako bizilagunendako laguntzak onartzea ahalbidetzen duen oinarrizko araudiaren harira.

Nafarroako Gobernuak, gaur goizeko Erabakian, publikoki eskertu du larrialdiaren hasieraz geroztik nahiz geroko berreraikuntza lanetan Nafarroako Suhiltzaileek, poliziek, Ingurumeneko Basozaingoak, babes zibilak eta udal zerbitzuek egindako lan handia, baita boluntarioek, kaltetutako herrietako bizilagunek eta horietara joan direnek eguneroko bizimodura itzultzen laguntzeko eskaini duten eta eskaintzen ari diren laguntza guztia.

Herritarrendako gomendioak

Oro har, Nafarroako Gobernuak gomendatu die herritar guztiei, baita merkataritza, nekazaritza eta industriako sektore profesionalari ere, uholdeek jabego nahiz ondasunetan eragindako kalteen erreklamazioak aurkez ditzatela dagozkien aseguru konpainien aurrean. Lehendabiziko pauso hau nahitaezkoa da dagozkien ordainez eta erakunde publikoek onar ditzaketen laguntza osagarriez profitatu ahal izateko.

Aseguru konpainietan jasotako arretarekin ados ez dauden herritarrek aldez aurreko hitzordua eskatzen ahal dute Nafarroako Gobernuko Kontsumo eta Arbitraje Bulegoan, 848 427 733 eta 848 427 758 telefonoen bitartez, horri buruzko aholkularitza lortzeko. Gobernuak Tafallan ezarri duen Kontsumitzailearendako Arreta Puntuan ere (Nafarroa plaza, 5), arreta presentziala emanen da bihar, ostiralez, 09:30etatik 13:00etara bitartean. Eta datorren astean hasita, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:00etara bitartean.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak, navarra.es / nafarroa.eus webgunearen bitartez, nekazariei eta abeltzainei zuzendutako aplikazio bana eseki du, nekazaritza ustiategiei atxikitako ondasunetan eta ureztatzeko azpiegituretan izandako kalteei buruzko komunikazioa errazteko. Tafallako Eskualdeko Nekazaritzako Bulegoa ere (Nafarroa Behereko Etorbidea, 14) egunero irekita egonen da, 08:00etatik 14:30etara bitartean, sektoreari arreta presentziala emateko (telefonoa: 948-703931).

Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko Departamentuak aplikazio espezifikoak aktibatuko ditu ostiral honetan, kalteturiko toki erakundeek Toki Inbertsioen Planari atxikitako nekazaritza-azpiegitura zein ekipamendu publikoetan izandako kalteen berri emateko aukera izan dezaten. Jarduketarik premiazkoena, kalteturiko araztegiak NILSA sozietate publikoarekin batera konpondu eta berriz ere abian jartzea, gaur bertan bukatu da Puiuri zerbitzua ematen dion araztegiaren konponketarekin, hauxe izan baitzen kalterik handienak jaso zituena.

Errepide loturak

Nafarroako Gobernuak Obra Publikoetako Zuzendaritza Nagusitik asteleheneko uholdeek kalteturiko errepideen bidezko komunikazioak konpontzeko egiten ari diren azterlan eta akordioen berri ere jaso du.

Asteartean aurreratu zenez, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Autobidearen (AP-15) Imarkoaingo bide-saria aldi batez kentzea erabaki du N-121 autobidea konpontzeko lanak bukatu arte, izan ere, autobidea da iparraldetik hegoalderako trafikoarendako alternbatiba zuzen bakarra Iruñea eta Tafallaren arteko tartean. Bide-saria hilaren 9an kendu zen eta neurria 1 eta 2 motatako ibilgailu arin eta pisuei aplikatzen zaie.

Bide-saria kentzeko erabakia Audenasa enpresa esleipendunarekin 2000. urtean sinaturiko akordioaren harira hartu da, adjudikazioaren oreka ekonomiko-finantzarioa bermatzen baitu. Gobernuak baimena eman dio Garapen Ekonomikoko kontseilariari, ondorengo asteetan Audenasarekiko hitzarmena sina dezan, dagokion kalteordaina kitatzeko modua zehazteko.

Gainera, Obra Publikoetan, soluziorik egokiena aztertzen ari dira N-121 errepidearen normaltasuna berreskuratzeko, baina Puiu aldean txikituta gelditu den errepide hau konpontzeko lanen iraupena gutxienez hilabete batekoa izanen da kasurik onenean.

Bigarren mailako errepide sarean sorturiko arazoei ere irtenbiderik egokienak emateko lanean dihardute, bereziki Santsoain (Lerga) herrirako sarbidean, horko zubia arras hondatuta gelditu baita.

Puiu eta Tafallaren arteko autobus zerbitzu berezia

Halaber, Nafarroako Gobernuak eta Tafallako autobus-zerbitzuaren adjudikazioa duen Conda konpainiak Puiu eta Tafalla Artaxoan barna lotzeko autobus zerbitzu berezia gaur bertan abian jartzea erabaki dute, Garinoain eta Barasoain herriei ere zerbitzua emanez, bai eta Puiu Iruñearekin lotzeko linea bat ere, asteazkenetik joan-etorrietan diharduetan.

Puiu-Tafalla zerbitzu berezia egun-egunero ibiliko da, astelehenetik igandera, eta 08:00etan irtengo da Puiutik eta 12:30etan Tafallatik. Gainera, astelehenetik ostiralera, arratsaldeko zerbitzua ere izanen da, eta 17:00etan irtengo da Puiutik eta 19:30etan Tafallatik.

Puiutik Nafarroako hiribururaino bost zerbitzu ere izanen dira lanegunetan, eta horiei buruzko xehetasunak esteka honetan kontsultatzen ahal dira.

Garraio publikoa normalizatzeko lanei bukaera emateko xedez, Nafarroako Gobernua etengabe harremanetan dago Erdialdeko trenbidearen konponketa lanak zertan diren ezagutzeko, izan ere, lan horiek bukatu arte, ezinezkoa izanen da Iruñea eta Tuteraren arteko tren zerbitzuak berriz ere abian jartzea, baita Madrilekin eta Bartzelonarekin lotzen dutenak ere. Aurreikuspenen arabera, trenen joan-etorriak 24 orduko epean normalduta egon litezke, baina abiadura mugatuko litzateke uholdeek gehien kaltetu dituzten tokietan.

Dolumin instituzionala Zeru Cañadaren senitartekoendako

Lehendakariak bilkuran jakinarazi duenez, atzo, asteazkenez, dolumina helarazi zien Gobernuaren izenean, Morionesen (Ezprogi) autoan zebilela astelehenean uholdeek harrapatuta hil zen Zeru Cañadaren senitartekoei.

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012 eta 012*
Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 15:00ak artean
Helbide elektronikoa: navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere