2019ko uztailaren 5a

Nafarroako etxeek ere San Ferminak ospatuko dituzte

Beste autonomia erkidegoetako eta herrialdeetako 17 zentro eta etxe nafarretan ekitaldiak antolatu dituzte Iruñeko jaiak direla-eta

17 nafar zentrok, batzuk Foru Komunitatetik metro batzuetara daudenak, Logroño bezala, edo milaka kilometrotara aurkitzen direnak, Mendozakoak edo Bolivarkoak (Argentina) bezala, San Fermin jaiak ospatzeko ekitaldian programatu dituzte

Iruñeko jaiak garrantzi handieneko ospakizunak izaten dira Espainiako eskualde ezberdinetan eta beste herrialdeetan dauden Nafarroako zentro edo etxeetan. Nafarroako Gobernuak lankidetza-harremanak ditu erakunde horiekin, eta laguntza ekonomikoak ematen ditu jarduera kulturalak eta sozialak antolatzen laguntzeko edo funtzionamendu-gastuak eta inbertsioak ordaintzeko.

Zentro horietan, “Sanferminak” ospatzeko, jarduera artistikoak ez ezik, izaera sozialeko, erlijiosoko eta jai-giroko ekitaldi tradizionalak ere egiten dira.

Aurten, 2019an, Nafarroako zentroek, besteak beste, ondorengo ekitaldiak sustatu dituzte:

BARAKALDO

Hilaren 6an, 12:00etan, Txupinazioa botako dute Galindoko kaitik, eta herri-bazkaria egingo da. Uztailaren 7an, 11:30ean Nafarroako Meza egongo da, Voces del Ebro jota taldeak abestua; ondoren, aperitiboa eskainiko da, eta auzoko kaleetan barrena ibiliko dira jotariekin. 15:00etan, senidetasun-bazkaria egingo da jota taldeak girotuta.

BARTZELONA

Bartzelonako Nafarren Etxeak Maragall pasealekuko 375ean duen egoitzako terrazatik botako du jaiei hasiera emateko txupinazoa uztailaren 6an, larunbatean, 12:00etan. Minutu batzuk lehenago, ohorezko zapi gorria jarriko zaie Sebastián Lasuen de la Fuenteri, zuzendaritza-batzordeko kidea eta bazkidea denari duela 20 urte baino gehiagotik hona, eta Domingo Arribas, Fernando Pindado Sánchez eta Miriam Veguillas Rodríguezi.

Bertaratuei herri aperitiboa emango zaie txaranga batek girotuta.

Arratsaldean, 17:00etan, San Ferminetako esku-pilotako XL. Txapelketako finalak jokatuko dira Etxeko pilotalekuan.

Igandean, uztailaren 7an, 12:30ean, Sant Marçel parrokian, Nafarroako Meza emango da, etxeko Otxoteak abestua. Ondoren, senidetasun-bazkaria egingo da, eta 19:00etan etxeko Jota Eskolakoek emanaldia eskainiko dute.

Uztailaren 10ean, Habaneren kantaldia izango da Etxeko atarian; hilaren 11n, Otxote Mendikoren kontzertua egongo da, eta, ondoren, ogi-mamiak, txistorra eta Cena de Alforja deritzon afaria egingo dute. Hilaren 12an, musika-ekitaldia Matojos taldearekin, eta 13an rantxeren eta boleroen kontzertua.

Igandean, uztailaren 14an, haurren jaialdia egingo da: entzierro txikia, apar-jaia, pailazoak, jolasak eta haurrentzako opariak. 20:00etan, danborrada Aragoiko Etxearen danborren eskutik eta Gaixoa Ni.

BILBO

Uztailaren 6an, 12:00etan, txupinazoa botako dute Plaza Berriko Etxeko balkoitik, eta, ohitura den bezala, martxa hasiko da Iruña Kafetegira (Albia lorategiak), txistulariek lagunduta.

Hurrengo egunean, 7an, Enkarnazio elizan (Atxuri), Nafarroako Meza emango da “Tudela Canta” jota taldeak abestua. “Sama Siku” txaranga Alde Zaharreko kaleetan barrena ibiliko da San Ferminetako kalejirak jotzen. 15:00etan, ohorezko ardoa eskainiko da, eta senidetasun-bazkaria egingo da etxean, jotariek girotuta.

BURGOS

Uztailaren 6an, 12:00etan, Txupinazoa botako dute Etxeko egoitzan, eta, ondoren, txistorra dastatu ahal izango da.

Uztailaren 7an, 13:00ean, Nafarroako Meza emango da Mesedetakoaren Elizan, eta, ondoren, 15:00etan, senidetasun-bazkaria egingo da.

LOGROÑO

Logroñoko Nafar Etxeak bere egoitza sozialeko balkoitik botako du txupinazoa uztailaren 6an, larunbatean, 12:00etan, Portales kaleko 23an, eta, jarraian, brindis bat egingo da bertaratutako guztiekin. Uztailaren 7an, 12:00etan, Nafarroako Meza emango dute San Ferminen omenez Compañia de Maria ikastetxeko (La Esperanza) elizan, Voces Riberas jotariek abestua. Jarraian, ardoa zerbitzatuko zaie agintariei, bazkideei eta gonbidatuei, jotari horiek girotuta, eta bazkide berriei zapia jarriko zaie.

Uztailaren 11n, eta ostegunero El Espolon plazan egiten diren udako kontzertuen barruan, Logroñoko Udal Bandak Nafarroako abestiak eta San Ferminetako estanpak eskainiko ditu.

SANTANDER

Uztailaren 7an, 13:30ean, Nafarroako Meza izango da Santanderko Katedral Elizan, eta, bertan, Corellako Rondalla Centinelak hartuko du parte. Rondalla taldearekin kalejira egingo da, eta 13:15ean, bazkaria egingo da Silken Coliseum Hotelean.

MADRIL

Nafarroako Kultur Elkarteak antolatutako ekitaldien programari hasiera emango zaio Nafarren San Fermin Elizaren atarian (Eduardo Dato kalea, 10), eta txupinazoa botako da larunbatean, uztailaren 6an, 12:00etan. Jarraian, Nafarroako txistorra eta ardo gorria dastatu ahal izango dira, San Ferminetako musikak alaituta. Ondoren, bazkaria egingo da Pedro Larumberen jatetxean.

Uztailaren 7an, 20:00etan, Nafarren San Fermin Elizan bertan santuaren omeneko meza emango da, Lizarrako “Voces Navarras” taldeak abestuta. Jarraian erromeria herrikoia eta produktu nafarren dastatzea egingo dira.

Jai guztietan zehar, Madrilen kokatutako jatetxe nafarrek San Ferminetako menu berezia eskainiko dute.

SEVILLA

Doñanako kioskotik, Espinosa y Cárcel kaleko 16an, Sevillako Nafar Etxeak txupinazoa botako du uztailaren 6an, 12:00etan. Ondoren, Nafarroako calderetea, txistorra, pikillo piperrak eta ardoak dastatu ahal izango dira. Igandean, 7an, 12:00etan, San Ferminen aldeko meza egingo da Nuestra Señora de los Dolores elizan, Santuarentzako eskaintza eta eskaerekin.

VALENTZIA

Uztailaren 6an, larunbatean, 12:00etan, txupinazoa botako da Etxearen egoitzan. 13:00ean pintxo amateurren V. Txapelketa egingo da eta 15:00etan herri-bazkaria.

VALLADOLID

Uztailaren 6an, 12:00etan, txupinazoa botako dute Etxearen egoitzatik, eta pintxoak eta cava eskainiko dira. Ondoren, senidetasun-bazkaria egingo dute.

Uztailaren 7an, 12:30ean, Eukaristia egingo dute Aita Frantziskotarren elizan.

VITORIA-GASTEIZ

Gasteizko Nafar Etxeak Barrancal kalean duen egoitzaren ingurua alaituko du uztailaren 6ko 11:30etik aurrera “Biotzatarrak” txarangarekin. 12:00etan, txupinazoa botako dute Santo Domingo plazan, eta, jarraian, entzierro txikia egingo da Arasko zezentxoekin Zapatari kalean barrena.

Uztailaren 7an, 10:00etan, kalejira egingo da Zentroaren inguruetan. 11:00etan Nafarroako Meza egingo da Dominicas elizan, “Javier de los Navarros” Etxeko Abesbatzak abestuta. 12:00etan, ekitaldi instituzionala izango da, Aldabe Zentro Zibikoan, eta, jarraian, Nafarroako produktuen dastatzea egoitza sozialean. Uztailaren 9an, tortilla eta bakailaoaren lehiaketa egongo da, eta igandean, 14an, Iruñera ibilaldia; bertan, Jota Eskolak, Irabia Jota Eskolarekin batera, parte hartuko du goizeko 7:00etan zezen-plazan eskaintzen den musika-ikuskizunean.

ZARAGOZA

Zaragozako Nafar Etxeko bazkideak hilaren 6an, eguerdian bilduko dira “Pájaro Azul” tabernan (Doctor Cerrada kalea, 8), txupinazoa telebistaz ikusteko. 14:00etan, San Ferminetako bazkaria egingo da, eta Etxeak gozokiak eta cava gonbidatuko ditu.

Uztailaren 7an, arratsaldeko 20:00etan, San Ferminen aldeko meza emango da Basilica del Pilarreko Aldare Nagusian, lore-eskaintza egitearekin batera. Pilarreko Ama Birjinaren irudiak egun horretan Nafarroako armarria duen kapa eramango du soinean, Nafar Etxeen Federazio Nazionalak 2002an oparitutakoa.

BUENOS AIRES (ARGENTINA)

Uztailaren 5ean, 19:00etan, "San Ferminetako Kopa" Paleta Txapelketa jokatuko da.

Txupinazoa uztailaren 7an egingo da, 12:00etan, Erdigunearen inguruan (Moreno 3682) kalean dantza tipikoekin eta Erraldoien eta Kilikien irteerarekin. Ondoren, 13:00ean, bazkaria eskainiko da Nafar Zentroko aretoan.

ROSARIO (ARGENTINA)

Uztailaren 5ean, ostiralean, 20:00etan, Nafarroako musikaren kontzertua eskainiko du instrumentu-talde batek. Jarraian, Zentroko Escuelitako txistulariek abesti batzuk joko dituzte. Amaitzeko, 21:30ean, calderetea egongo da.

Uztailaren 6an, 13:00ean, Horizonte Español irrati-programa Iruñarekin harremanetan jarriko da telefono bidez; emanaldi horretan egongo da Zentroko lehendakaria, Raúl Amátriain.

Ordu berean, txupinazoa botako da, eta, jarraian, 14:00etan, bazkaria egingo da. Amaitzeko, Mus eta Burako txapelketak jokatuko dira, 16:00ak aldera.

21:00etan, Zentroan “La Jarana" peñaren afaria egingo da.

Uztailaren 7an, 11:00etan, kalejira eta San Ferminen omenezko prozesioa egingo dira, dantzari, erraldoi, kiliki eta txistulariekin María Auxiliadora elizara bitarte, eta, han, meza emango da.

Astelehenean, hilaren 8an, 21:30ean, “Jamonada” deiturikoa egingo dute Nafar Zentroan. 3:00etan, berriz, entzierroa ikusiko dute txokoan.

Asteartean, hilaren 9an, 16:00etan, txokolatea eta txurroak eskainiko dituzte, eta, gero, Zentroko Dantzariek eta Musikariek emanaldia eskainiko dute. Amaieran, Gaixoa Ni ospatuko da.

MENDOZA (ARGENTINA)

Uztailaren 6an, larunbatean, 20:30ean, txupinazoa botako da Nafarroako Zentroaren egoitzatik; Alma Navarra abesbatzak eta zentroko dantzari taldeak parte hartuko dute.

Igandean, hilaren 14an, 13:30ean, prozesioa egingo dute San Ferminen alde, eta Zentroko Abesbatzak eta dantzariek hartuko dute parte; ondoren, bazkaria egingo dute.

Aste osoan zehar, uztailaren 6tik 14ra, Nafar Zentroan San Fermini eta jaiei buruzko erakusketa ikusgai egongo da, eta gaiari buruzko hitzaldiak eta literatur tailerra eskainiko dira.

BOLÍVAR (ARGENTINA)

San Ferminen aldeko meza emango dute.

Afaria eta dantzaldia egongo dira, eta Zentroko Abesbatzak eta Dantzari taldeak hartuko dute parte.

Pantaila erraldoian entzierroak zuzenean ikusiko dituzte.

PARIS (FRANTZIA)

Parisko Nafar Etxean ekainaren 2an ospatu zuten San Fermin jaia barbakoarekin eta "Michel" taldeak girotutako erromeriarekin, gaiteroen musika, jotak eta San Ferminetako giro eta guzti.