2019ko uztailaren 4a

Ollo kontseilariak Nafarroako 80 urteen desobiratzeen liburu katalogoa aurkeztu du

Biktimen familiakideek zein oroimen elkarteek parte hartu dute argazkiak eta testuak eskainiz
Ana Ollo kontseilaria Nafarroako desobiratzeen liburua aurkeztu du. Irudi galeria

Herrritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako jarduneko kontseilari Ana Ollo Hualdek aurkeztu du ostegun honetan “Lur Azpian - Bajo Tierra. Exhumaciones en Navarra, 1939-2019 – Desobiratzeak Nafarroan, 1939-2019” izenburuko liburua, 36ko Gerraren bukaeratik gaurdaino Foru Komunitatean egin diren memoriaren aldeko ekintzak bilduz hainbat egileren artean taxututako lana.

Herrritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako jarduneko kontseilari Ana Ollo Hualdek aurkeztu du ostegun honetan “Lur Azpian - Bajo Tierra. Exhumaciones en Navarra, 1939-2019 – Desobiratzeak Nafarroan, 1939-2019” izenburuko liburua, 36ko Gerraren bukaeratik gaurdaino Foru Komunitatean egin diren memoriaren aldeko ekintzak bilduz hainbat egileren artean taxututako lana.

Lana Memoriaren Nafarroako Institutuko zuzendari José Miguel Gastónek eta unitate horretako Memoriaren ataleko buru César Layanak koordinatu dute, eta kontseilariarekin batera izan dira aurkezpenean.

Nafarroako Gobernuak editatutako liburuak Jimi Jiménez, Lourdes Herrasti, Francisco Etxeberria eta José Miguel Gastónen testuak bildu ditu, Clemente Bernard, Unai Beroiz, Patxi Cascante, Lourdes Herrasti, Hedy Herrero, José Luis Larrión, Juan Mari Ondikol, Iñaki Porto eta Joaquín Roaren argazkiekin batera.

Liburuak hiru atal ditu, berezita baina bata bestearekin lotuta, gerra zibila bukatu bezain laster hasi eta gaurdaino tinko mantendu den konpromisoa erakutsiz. Familiek ekin zioten gorpuak hilobietatik ateratzeari, eta zeregin hori arras trinkoa izan zen 1978tik 1980ra bitartean. Senitartekoen elkarteek eman zioten jarraipena 2003az geroztik, eta hauexek bultzatuta, Nafarroako Gobernuak hartu zuen lekukoa 2015ean.

Lehenengo zatian, jarraipena eman zaio martxoan aurkeztu eta Jimi Jimenez protagonista duen desobiratze goiztiarrei buruzko erakusketarekin hasitako lanari. Gerra ondoko lehendabiziko urteez geroztik senitartekoen ekimenez eta erregimenean zeuden lege-zirrikituez baliatuta egin ziren zenbait desobiratzeren testigantzak jaso dira. Demokrazia finkatu ahala, 1978an, izugarri gora egin zuen desobiratzeen kopuruak hainbat herritako ehunka familiaren parte-hartzeaz. Mugimendu hartako protagonisten eskuzabaltasuna eta konpromisoa nabarmendu behar dira.

Liburuaren bigarren zatian, XXI. mendearen hasieran osatu gabe zeuden exhumazioei emandako bultzada aztertu da. Metodologia zientifikoaren erabilera da bigarren garai honetako berritasun nagusia, Aranzadi Zientzia Elkarteak bultzatutako lan zorrotz eta konprometutik abiatuta. Hainbat elkartek bultzatu zituzten; bereziki AFFNA36k, baita Txinparta eta Memoriaren Bideak elkarteek ere, besteak beste, eta zenbait udalek ere hartu zuten parte; hala nola, Bera, Berriozar edota Egueseko udalek. Horrela, hamarkada oso batean, 1936ko kolpe militarraren ondoriozko errepresioaren biktima izan ziren 122 pertsonaren gorpuzkiak aurkitu eta lurpetik ateratzea lortu zen. Horrez gain, informazio mordoa lortu zen balizko kokapenei buruz eta senitartekoek eraildakoen gorpuzkiak bilatzeko duten eskubidea nafar gizartean errotzen hasi zen, erakundeek gizartearen ordezkariak diren aldetik bukatu gabeko lan honetan hartu beharreko inplikaziozko jarrera irmoarekin batera.

Hirugarren zatian, Nafarroako Gobernuak 2016az geroztik bultzatu duen desobiratze programa aztertu da, 2015ean sortutako parlamentuaren gehiengoaren akordio programatikoaren agindua aintzakotzat hartuz. Programa Aranzadi Zientzia Elkartearekin sinaturiko urteroko hitzarmenaren bitartez garatu da. Azken hiru urteotan, 50 hobi inguru arakatu dira; esku-hartze horietatik, 30ek ez dute emaitzarik lortu informazioaren zehaztasunik ezaren ondorioz edo lurzoruan 80 urtetan gertaturiko eraldaketaren eraginez. 2015-2019 epealdian, 20 desobiratzen egin eta 85 gorpuzki-multzo berreskuratu dira. Halaber, aldez aurreko ikerketek eta ADN bankuan egindako analisiek –200dik gora espediente irekiak ditu– 24 pertsonaren identifikazioa erraztu dute gaurdaino, horien gorpuzkiak senitartekoei eman zaizkielarik. Esparru honetan, berritasunagatik eta etorkizuneko proiekzioaren garrantziagatik, zenbait eskolaren bisitak antolatu dira desobiratzeetara Memoria duten Eskolak programaren barnean. Programa honi esker, ikasleek gaurko ikuspegitik iraganera begiratzeko aukera izan dute, izan ere, iragan ilun hori ez da inolaz ere ahantzi behar, balio demokratikoetan eta giza-eskubideen errespetuan oinarritutako etorkizuna eraiki nahi baldin badugu.

Memoria, bizikidetzarako tresna

Aurkezpenean, liburuaren hitzaurrea aipatuz, Ana Ollok argi utzi du “memoriaren aldeko bide guztiek abiapuntu berbera dutela: borondatea. Gogoratzeko borondatea, ez ahazteko borondatea, izan ere, desmemoriak zuzenbidean oinarritutako bizikidetza eraikitzea eragozten du”.

Horrekin batera gogoratu du, memoriaren aldeko ondarearen barnean, “ekintzarik ezagunenak eta garrantzitsuenak, 36ko kolpe militarraren ondorioz Nafarroan erail zituzten 3.000 pertsona baino gehiagoren desobiratzeak izan direla. Gehienak epaiketaz kanpoko exekuzioen bitartez hil eta hobi klandestinoetan lurperatu zituzten, edo amildegietara igorri, aurkakoa deuseztatu eta horren memoria eta existitu izanaren oroimena ezabatzeko xedez”, ziurtatu du.

Kontseilariak gogora ekarri du desobiratzeen goraldiaren hasiera, diktadorearen heriotzaren ondoren gertaturikoa, “senitartekoen elkarte mugimendu sendoak hobiak bilatzeko hasi eta mende honen hasieraraino luzatu den ahalegin nekaezinaren ondorioz. Borondate hori da 2015az geroztik Nafarroako Gobernuaren memoriaren aldeko politika publikoak bultzatu dituena”, adierazi du.

Testuinguru honetan sortua da katalogo-liburu hau argitaratzeko asmoa, “beste aurrerapauso bat baita jorratu nahian gabiltzan memoriaren bidean barna, argitu beharreko iraganeko kontu ilun asko tarteko direla”, adierazi du kontseilariak, “memoriak bakebidezko eta zuzenbidezko bizikidetza eraikitzeko tresna gisa” duen balioa nabarmenduz.