Descárgate la app
Nafarroako Gobernuaren eraikinen kontsumo energetikoari buruz informatzen duen webgunea aurkeztu dute
2019ko uztailaren 4a
Nafarroako Gobernuaren eraikinen kontsumo energetikoari buruz informatzen duen webgunea aurkeztu dute
Nafar herritarrek foru Gobernuaren eraikin publikoen kontsumo energetikoak neurtzen eta bistaratzen ahalko dituzte hemendik aurrera, Estatuan aitzindaria den ekimen bati esker.
Garapen Ekonomikoko jarduneko lehendakariorde Manu Ayerdik aurkeztu du ostegun honetan Energia Ataria, jende guztiarendako eskuragarria den webguneko infografien bitartez foru Komunitateko eraikin publikoen kontsumo energetikoari buruzko datu zehatzak biltzen dituena. Horren laguntzaz, bertatik bertara ezagutu eta zenbatzen ahalko dira energia-eraginkortasunean, klima-aldaketarako egokitzapenean nahiz iturri berriztagarrien horniketaren alde abiarazitako neurrien kudeaketa eta emaitzak, besteak beste.
Telefono mugikorrean, ordenagailuan nahiz beste edozein gailu digitaletan herritarrek klik bakar batez erabiltzen ahal duten informazio eta kudeaketa sistena honek eraikin publikoen kontsumo energetikoak, hauen bilakaerak eta beste erreferentzia batzuekiko konparazioak biltzen ditu, eta horrela, instalazio horietan abiarazitako neurriak ezagutzeko aukera ematen du, bereziki energia berriztagarriak txertatu eta inguratzaileak nahiz berokuntza-sareak berritzeari dagokionez.
Nafarroa honelako aplikazio bat duen lehendabiziko autonomia-erkidego bihurtu duen Energia Atariaren aurkezpenean izan dira, Ayerdi lehendakariordeaz gain, Nafarroako Energia Planaren ataleko buru Martin Ibarra; tresna inplementatzeaz arduratu den Nasuvinsa sozietate publikoko teknikari Yael Lorea; eta InerGy patentearen kudeatzaile David Pon.
Ayerdik nabarmendu duenez, “energia eta honen kudeaketa ez dira inondik ere gauza etereoak, baizik eta, oraingoa bezalako tresna aitzindariei esker, horiei buruzko emaitzak ikusten, neurtzen eta haztatzen ahalko dira eraikin publikoetan, eta ekintza hau funstezkoa da herritarrek kontzientzia hartu eta politika energetikoak balora ditzaten”. Halaber, ekimen hau foru Exekutiboak kontsumoa aurreztu eta murrizteko, iturri berriztagarriak txertatzeko, eraikuntza iraunkorra edo pasiboa sustatzeko eta eraikitako hiriaren birgaikuntza energetikoa bultzatzeko abiarazi dituen polikekin lotu du. “Politika hauen bitartez, konpromiso aktiboa hartu behar dugu egungo garapenerako giltzarrizkoak diren helburu globalen alde; hala nola, dagoeneko buru-belarri murgilduta gauden nahitaezko trantsizio energetikoa edo klima-aldaketarako ezinbesteko moldaketa”, argitu du Ayerdik.
Tresna abian eta publiko guztiarendako erabilgarri dago jadanik eta esteka honetan kontsultatzen ahal da.
Estekan eraikin publiko guztien kontsumoari buruzko datuak eskuratzen ahalko dira, bereziki bost eraikin pilotu hauei dagozkienak: Nafarroako Ospitaleguneko (NOG) Virgen del Camino ospitalea; Musika Goi Kontserbatorioa Mendebaldean; Garapen Ekonomikoko Departamentuaren egoitza, Tomas Caballero Parkean; Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren eraikina, Iruñeko Leire kalean, eta Lodosako Osasun Zentroa. Geroztik, estaldura xehetu hori hedatuz joango da foru Administrazioari atxikitako berrogeita hamar bat eraikin publikoak barne hartu arte.
Gardentasuna eta kontuak ematea
Atari berri honi esker, herritarrek modu argi eta ulerterrazean bistaratu eta ezagutzen ahalko dute izaera teknikoaren ondorioz komunikatzeko zailtasunak dituen funtsezko informazio energetikoa. “Hauxe da erakusleihorik onena gure eraikinen portaera energetikoa ikusteko eta gardentasuna nahiz Gobernuari dagokion kontuak emateko ardura indartzeko, energia arloan dituen zailtasun bereziak gaindituz”, ziurtatu du Ayerdi lehendakariordeak.
Horren harira, atari berria arras lagungarria izanen da “herritarrak aurrezki energetikoari buruz eta energiaren senezko erabilerari buruz sentsibilizatzeko, bai etxean bai ekipamendu publikoetan ere, Nafarroako Gobernuak abian duen trantsizio energetikorako estrategian ere herritarren inplikazioa sustatuz”, adierazi du Garapen Ekonomikokon titularrak.
Informazio eta azterketarako aplikazio hau Nasuvinsak erabiltzen dituen eraikinen Energiari buruzko Informazio Sistemako (EIS) datuez elikatuko da, eta horren inplementazioa LIFE IP Nadapta proiektu europarreko C6.3 ekintzaren barruan egin da, neurri eta inbertsioen definizioa errazteko, eta ondare publikoa klima-aldaketara nahiz Nafarroako Gobernuaren energia-eraginkortasuneko agendara egokitzeari dagokion jarraipena ahalbidetzeko xedez. Energia kudeaketaren arloan, foru Exekutiboko departamentuek egindako lana bateratzea du helburu, eraikinen portaera energetikoari buruzko ikuspegi orokorra emanez.
Kontsumoen kontrola eta inbertsioen planifikazioa
Bestalde, Martin Ibarrak ekimen hau hark koordinatzen duen Nafarroako Energia Planari (PEN 2030) atxiki eta berariaz nabarmendu du horren aplikazioak ondare publikoaren kontsumoak kontrolatzeko, horniketak kudeatzeko nahiz egungo eta geroko energia-eraginkortasunaren aldeko inbertsioak eta neurriak planifikatzeko izanen duen garrantzia.
Adibide gisa, Atari honetan bildutako azken datuen arabera, Nafarroako Gobernuaren eraikin publiko guztien artean, urteko 156 GWh-ko kontsumo energetikoa metatzen dute, eta azken hamabi hilabeteotan % 1 murriztu dute. Tresnak Nafarroako Gobernuaren gainerako eraikin eta ekipamenduen datuekin konparatzeko aukera ematen du, eta guztien artean 13.055 etxetako kontsumo energetikoa suposatuko lukete, eta urteko 20na euroko gastua herritar bakoitzarendako.
Osasun zentroak dira, alde handiz, energia gehien kontsumitzen duten eraikinak. Nafarroako eraikin publikoen artean, kontsumoari buruzko lehen postuetan daude Nafarroako Ospitaleguneko (NOG) ospitaleak, Tuterako Reina Sofía ospitalea, Ubarmin Klinika Zentroa, Txantreako San Frantzisko Xabier zentroa eta Lizarrako García Orcoyen ospitalea; guztien artean, urtean 77 GWh kontsumitzen dituzte, kontsumo osoaren erdia, gutxi gorabehera.