Gobernuak Nafarroako 2030eko Agendako Garapen Jasangarriaren helburuei jarraipena egiteko Web Bisore berria aurkeztu du

Tresna berritzailea da, herritarrei irekia, aldizka eguneratzen da, eta 70 plan eta programari lotutako aurrerapenen adierazleak eskaintzen ditu
2019ko uztailaren 4a
videocam Nafarroako 2030eko Agendako Garapen Jasangarriaren helburuei jarraipena egiteko Web Bisore berria aurkeztu da collections Irudi galeria

Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako jarduneko lehendakariorde Miguel Laparrak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Tokiko Administrazioko jarduneko kontseilari Isabel Elizaldek, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 2030eko Agendan ezarritako Garapen Jasangarriaren Helburuak betetzeko Nafarroako datuak erakusten dituen Web Bisoreberria aurkeztu dute.

Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako jarduneko lehendakariorde Miguel Laparrak eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Tokiko Administrazioko jarduneko kontseilari Isabel Elizaldek, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 2030eko Agendan ezarritako Garapen Jasangarriaren Helburuak betetzeko Nafarroako datuak erakusten dituen Web Bisore berria aurkeztu dute.

Tresna berritzailea da, aldizka eguneratzen dena, eta Nafarroan Garapen Iraunkorraren helburuen jarraipenari buruzko informazio gardena eta irekia eskaintzen die herritarrei. Elizalde kontseilariak adierazitako moduan, “Gobernuko departamentuek Nazio Batuen aginte honetan izandako inplikazioa ere erakusten du, Agendaren ezarpenean 30 zuzendaritza nagusi edo erakunde autonomo inplikatu baitira eta 67 plan, programa edo estrategia identifikatu, 2030eko Agendako 72 helburu bilakatzen direnak eta 15 GIHrekin bat datozenak”.

Bisorearen bidez ezagutzera emango dira foru exekutiboa urtero egiten joango den aurrerapenen gaineko txostenak, helburuak lortzeko moduaren ingurukoak, hautatutako segimendu-adierazleen eta horien bilakaeraren bitartez.

“Agendak, definizioz, erreminta nabigagarria eskatzen du, bisorea, edozein herritarrek Nafarroan GIHen lorpenean izandako aurrerapena ezagutu dezan, grafikoen eta adierazleen bitartez”, baieztatu du Isabel Elizaldek.

Bete beharreko helburuen artean honako hauek aurkitzen dira: goseari amaiera ematea, elikadura-arloko segurtasuna lortzea, nutrizioa hobetzea edota nekazaritza iraunkorra sustatzea; guztiei energia eskuragarria, segurua, iraunkorra eta modernoa bermatzea; hiriak eta giza kokalekuak inklusiboak, seguruak, erresilienteak eta iraunkorrak izatea lortzea; eta basoak modu iraunkorrean kudeatzea, desertifikazioaren aurka borrokatzea, lurren degradazioa geraraztea eta alderantzikatzea eta biodibertsitatearen galerari aurre egitea, besteak beste.

Garapen Iraunkorraren 2030eko Agenda ezartzea Nafarroan

Laparra kontseilariak Nafarroa Garapen Iraunkorraren 2030 Agendara atxikitzearen esanahia azaldu du; hain zuzen ere, NBEko Gailurrak 2015ean onartutako ibilbide-orri unibertsala da, pobreziari amaiera ematea, desberdintasunaren eta injustiziaren aurka borrokatzea eta aldaketa klimatikoari aurre egitea helburu duena.

Ondorioz, edukia eta helburua pertsonen garapenean eta planetaren zaintzan oinarritzen dira, degradazioaren eta aldaketa klimatikoaren efektuen aurka babestuaz eta produkzio eta kontsumo arduratsua bultzatuaz, baliabide naturalen kudeaketa iraunkorra egitearekin batera, oraingo eta etorkizuneko belaunaldien premiak ase ahal izate aldera. Eta hori guztia instituzioen eta herritarren artean beharrezkoa den itunarekin, inor ere atzean ez uztearren.

Horretarako, Agendan Garapen Iraunkorraren 17 Helburu ezartzen dira (GIH), 2030ean lortu beharreko 169 helmugarekin, eta, horrela, pobreziaren kausak eta pertsona guztientzako garapenaren premia unibertsala jorratzen dira. GIH horiek unibertsalak dira, eta herrialde guztiei eragiten diete; garapen-maila alde batera utzita, izaera integratua eta zatiezina dute, eta garapen iraunkorraren hiru dimentsioak batzen dituzte: ekonomia, gizartea eta ingurumena.

Herrialde sinatzaile bakoitza bere garapen ekonomikoaren, sozialaren eta ingurumen-arlokoaren arduradun nagusia da, eta, horregatik, GIHak eta helmugak ezartzeko erantzukizuna du.

Europar Batasunak 2016an adostu zuen 2030 Agenda onartzea, eta Espainiako Gobernuak Maila Handiko Talde bat sortu zuen 2017an 2030 Agendarako, Espainiaren lekua eta Garapen Iraunkorraren Helburuak betetzeko beharrezko jarduerak koordinatze aldera. Horrela, aurrerapenaren lehen txosten boluntarioa jada egin du, Estatu mailako Ekintza Plana prestatu du, eta duela gutxi 2030eko Agendarako Goi Komisionatua sortu du.

Nafarroan, Foru Parlamentuak politika publikoak GIHekin eta horren helmugekin batzea bultzatzea erabaki zuen 2016an, eta, horretarako, Nafarroako Gobernuak Departamentu arteko Batzordea sortu zuen 2017an, Nafarroako GIHen egungo egoerari buruzko txostena egin duena, eta Garapen Iraunkorraren 2030eko Agendak eskatzen dituen erronkei aurre egiteko politikak, programak eta jarduerak zeintzuk diren zehazteko.

2019ko apirilean, Foru Exekutiboak beste akordio bat hartu zuen 2030eko Agendara atxikitzeko, eta "Nafarroako Gobernuaren eskumeneko politika publikoak Garapen Iraunkorraren 2030eko Agendarekin batzea" txostena ere onartu zuen.

Laparraren arabera, “txosten horretan Nafarroan GIHek duten egungo egoera jasotzen da, bakoitzaren eta horien helmugen analisia egiten da, eta bi orientazio jasotzen dira: barrukoa, Nafarroan egin beharreko politika publikoena, eta kanpokoa, garapenerako nazioarteko lankidetzaren politika”.

Saio berean, Garapen Iraunkorraren 2030eko Agenda politika publikoetan ezartzeko Ekintza Plana onartu zuen Nafarroako Gobernuak, eta, bertan, ondorengoak jasotzen dira: gobernantza mailako jarduerak; bisorearen bidezko jarraipen-sistema; lurraldekotu daitezkeen helmugak aurkitzea; Nafarroako departamentuen barne jabetzea aurrekontuen, bonu iraunkorren eta langileentzako prestakuntzaren bidez; eta, azkenik, agenda bera hedatzea.