Foru intereseko inbertsio izendatu da Magnesitas Navarras, SA enpresaren ekoizpenerarako lerro berriaren irekiera
Jarduneko Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, akordio bat onetsi du zeinaren bidez foru intereseko inbertsio izendatu duen Magnesitas Navarras, SAk Zubirin (Esteribarren) duen lantokian magnesio oxidoa ekoizteko hirugarren lerroa ezartzea.
Aurreikusitako inbertsioa 8 milioi eurotakoa da eta zonaldean 15 eta 20 lanpostu sortzea aurreikusi da, instalazio berrien muntaia eta eraikitzeak zeharka sor ditzaikeen gainerako lanpostuekin batera. Gainera, proiektu honek jada badiren 215 lanpostu mantentzen lagunduko du.
Proiektuak gainera enpresaren tamaina finkatuko du eta merkatuan goraka doazen produktuen eskaerei erantzuteko produktu berriak ezartzea ahalbidetuko du, eta bero-trukagailua ezarriz eta biomasa erregai alternatibo gisa erabiltzeko probekin jarraituz energia efizientzia hobetzeko arloak ezarriko ditu.
Exekutiboak nabarmendu duenez, proiektuak Espezializazio Adimenduneko Nafarroako Estrategian S3n ezarritako hainbat erronkarekin bat egiten du: elikagai katearen lotura, ekonomia zirkularraren bultzada, enpresaren tamaina ertaina handitzea eta eskualdeko garapen ekonomikoa.
Gogoratu behar da Exekutiboak foru intereseko inbertsio bezala deklara ditzakeela Nafarroako garapen ekonomiko, sozial edo lurralderako garrantzi berezia duten proiektuak. Izendapen hori lortzen duten ekimenek lehentasunezko eta premiazko bultzada izaten dute ondoren, Nafarroako administrazio publiko guztiekin egin beharreko izapide ezberdinetan. Era horretan, esate baterako, erdira murrizten dira jarduera ezartzeko, hirigintza-plangintza egiteko edo gauzatzeko, irekitzeko edo funtzionamendurako lizentziak izapidetzeko aurreikusitako epe arrunta.