2019ko uztailaren 2a

Osasun Departamentuak Sanferminetako larrialdietarako Buztintxuri eta San Martineko ospitalez kanpoko zentroetara joatea gomendatu du

Jarduneko kontseilari Fernando Domínguez buru, jaietako osasun arretarako dispositibo berezia doitzeko bilkura teknikoa egin da gaur
NOG-ean goizean ospaturiko bilera eta Fernando Domínguez Osasun Kontseilariaren adierazpenak Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak gomendatu die Iruñeko eta Iruñerriko herritarrei, datozen Sanferminetan osasun-arreta behar izanez gero, dagokien osasun-zentrora joan daitezela, lanegunetan irekita egonen baitira 9:00etatik 13:00etara bitartean; eta ordutegi horretatik kanpo, ospitalez kanpoko larrialdi-guneetara joan daitezela, ahal den neurrian Nafarroako Ospitaleguneko (NOG) Larrialdietara jo gabe, benetan larriak diren kasuetara mugatzeko xedez.

Osasuneko jarduneko kontseilari Fernando Dominguez buru, Sanferminetako dispositibo berezia osatzen duten kideen arteko bilkura egin da gaur goizean. Bertan izan dira, Osasun Departamentuko arduradunekin batera (Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kudeatzailea, Nafarroako Ospitaleguneko kudeatzailea, eta Ospitaleko Larrialdi zerbitzuetako, Ospitalez Kanpoko Larrialdietako eta Lehen Mailako Arretako arduradunak, besteak beste), Barne Zuzendaritza Orokorreko, Komunikazioko eta Harreman Instituzionaletako Zuzendaritza Nagusiko, Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasun Saileko, DYAko, Gurutze Gorriko eta Zezen Plazako erizaindegiko ordezkariak.

Lehen mailako arreta-sareari dagokionez, Iruñeko eta Iruñerriko (Antsoain, Barañain, Berriozar, Burlata, Sarriguren, Atarrabia eta Zizur Nagusia) osasun-zentroak egunero irekita egonen dira, 08:00etatik 13:00etara bitartean. Asteburuan, osasun-zentroak itxira egonen dira.

Egun horietako ohiko osasun-arretak herritar bakoitzari dagokion osasun-zentroari eskatu beharko zaizkio.

Ospitalez kanpoko larrialdien arreta

Osasun-zentroen ordutegiz kanpo, Ospitalez Kanpoko Larrialdi Zerbitzuak zentro hauetan artatuko ditu larrialdiak:

Buztintxuri-Iruñea Iparraldea (Gipuzkoako Hiribidea, 39):

Helduentzako arreta, lanegun guztietan 13:00etatik 22:00etara bitartean, eta asteburuetan, hilaren 6, 7, 13 eta 14an, 08:00etatik 22:00etara bitartean.

San Martin doktorearen zentroa (San Fermin, 29):

Jaietan gertaturiko osasun arloko larrialdietarako erreferentziazko zentroa izanen da.

Jaietako egun guztietako 24 orduetan irekita egonen da helduen larrialdiak etengabe artatzeko, larunbateko (hilak 6) 08.00etatik asteleheneko (hilak 15) 08:00etara bitartean.

Pediatriako arreta 13:00etatik 20:00etara emanen da lanegunetan eta 08:00etatik 20:00etara asteburuetan.

Zentro horretan, Ospitalez Kanpoko Larrialdi Zerbitzua hiru medikuz, hiru erizainez eta bi administrariz indartuko da gaueko ordutegian.

Iruñeko eta Iruñerriko garraio-sare sanitarioari dagokionez, normalean bizi-euskarri aurreratuko (BEA) 3 anbulantziaz, oinarrizko bizi-euskarriko (OBE) 4 anbulantziaz eta Nafarroako Gobernuaren helikoptero medikalizatu batez osatuta dago, eta jaietan, OBEko anbulantziekin eta Gurutze Gorriko eta DYAko beste laguntza-ibilgailu batzuekin indartuko da.

Entzierroetarako zerbitzu berezia

Entzierroko zaurituak artatzeko zerbitzu berezia honela egongo da osatuta: arreta sanitarioko 9 postu hesietan, medikuekin, erizainekin eta sorosleekin, beste 8 laguntza-puntu, sorosleekin, eta zezen-plazako erizaindegia. Entzierroak 848 metroko ibilbidea du eta 50 metrotik 50 metrora gutxi gorabehera asistentzia-gune bana izango du. Arreta zerbitzu guztia SOS Nafarroa 112 zentroan koordinatuko dute.

Sorospen guneak leku hauetan egongo dira: Santo Domingoko aldaparen hasieran (Hezkuntza departamentuaren egoitzan), Nafarroako Museoko eskaileretan, Donejakue Plazan (Udaletxearen atzealdean), San Saturnino kaleko eskaileretan, Udaletxean (2), Mercaderesen (2), Xabierko jaitsieran (2) Espoz eta Mina zeharkalean, Telleria kalean, Ahumada Dukearen kalean, Labriteko jaitsieran, Amaya ("Telefonica" edo hegoaldeko kantoia), Hemingway pasealekuan (iparraldeko kantoia) eta Zezen Plazan (sorosleen postuan).

Garraio sanitarioari dagokionez, 15 anbulantzia medikalizatu ibiliko dira entzierroaren ibilbidean zehar. Horietako 2, Gazteluko plazan egongo dira laguntza gisa, SOS Nafarroako 112 Zentroa medio ibilbidean osasun-garraio gehien behar duen gunera eramateko.

Laguntza-zerbitzu horretan, gutxienez, 9 mediku, 9 erizain, 21 garraio-teknikari, 47 sorosle, 9 komunikazio-langile eta 8 postu-koordinatzaile arituko dira.

Gainera, Zezen Plazako erizaindegian kirurgia taldeko burua, Traumatologiako bi sendagile, Anestesiako hiru, Kirurgia Baskularreko bat, Kirurgia Orokorreko bi, eta hiru erizain izango ditu Erruki Etxeak.

Ibilbideko arreta Gurutze Gorriaren, DYAren eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko baliabide eta langile sanitarioekin eginen da. Horrela arreta-postuetan bertan emango dute laguntza eta dagokien sektoretik NOGera eramango dute zauritua. Bestalde, SOS Nafarroako 112 Koordinazio Zentroari informazioa emango diote denbora errealean artatutako pertsonen zauriei eta lesioei buruz.

SOS Nafarroako 112 Larrialdiak Kudeatzeko Zentroa arduratuko da laguntza sanitarioa antolatzeaz eta zauriak han-hemenkako osasun-zentroetara eramateaz, zauritu larrienak NOGera edo SOS Nafarroako 112 zentroak adierazten duen zentrora eramaten diren lehenak izan daitezen. Horretarako, aurreko urteetan ezarritako ohiturari jarraiki, hesietan bertan artatutako zauritu arinak, zauritu larriak ospitalera eraman ondoren eramango dira ospitalera.

Arreta txupinazoan

Uztailaren 6an, Txupinazoa dela eta, lehen laguntzak emateko lau postu jarriko dira Zapateria 40ko udal-eraikineko etxabeetan, Santo Domingoko aldapan (Hezkuntza Departamentuaren alboan), San Saturninoko atarian eta Sarasate Pasealekuan (Diputazioaren Jauregiaren aurrean). Gurutze Gorriarekin, DYArekin eta Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin lankidetzan paratutako postu horietan kolpe, kristalek eragindako ebaki eta beste patologia txiki batzuen ondoriozko osasun-beharrak artatuko dira, izan ere, halako asko gertatzen dira jaiak hasteko ekitaldi horretan sortutako jende-uholdearen ondorioz. Nolanahi ere, Zapateria 40ko postua Bizi Larrialdi Aurreratuetarako egokituta egonen da.

Dispositibo hau profesional sanitarioek artatuko dute eta BEAko anbulantzia 1, OBEko 5 anbulantzia eta laguntzeko beste 2 ibilgailu izango ditu.

Lehen arretako unitatea Vázquez de Mella ikastetxean

Horren guztiaren osagarri, uztailaren 5, 6, 7, 12, 13 eta 14rako, aurreko urteetan bezalaxe, jaietako patologia arinak artatzeko Lehen Arretako Unitatea prestatuko da Vazquez de Mella Ikastetxe Publikoan (Teobaldoen kalea, 2).

Puntu horretan, etengabeko arreta emango du Gurutze Gorriak uztailaren 5eko 20:00etatik asteleheneko (hilak 8) 08:00ak arte eta ostiraleko (hilak 12) 20:00etatik asteleheneko (hilak 15) 08:00ak arte. Bertan, lehen arreta eginen da eta, hala badagokio, larritasun handiagoko pazienteak San Martin Doktorea zentrora edo NOGera bideratuko dira.

Entzierroko zaurituei buruzko informazioa

Osasun Departamentuak prentsa-aretoa prestatu du zaurituak eraman ohi diren Nafarroako Ospitaleguneko Larrialdien eraikinean, eta bertatik entzierroko zaurituei buruzko informazio emango da egunero.

Kazetariek entzierroa prentsa-aretoan ikusten ahalko dute, hala nahi izanez gero, bertan jarriko den telebista-pantailaren bidez. Gainera, egunero bi unetan informazioa emanen da: lehenengo aldiz, 08:20an, goiz horretan izandako zaurituen lehen aurrerapenarekin, eta 08:40ko prentsaurrekoan, egun horretako zaurituei buruzko informazio guztia emateko eta aurreko egunetan ospitalizatutako zaurituen bilakaera azaltzeko.

Prentsa-aretoa izanen da Sanferminetako jaietan gerta daitezkeen osasun arloko informazio guztiak emateko erabiliko den esparrua.

8.000 identifikazio-eskumuturreko adingabeendako

Ondoz ondoko hirugarren urtez, Osasun Departamentuak, Iruñeko eta Iruñerriko osasun zentroen bitartez, 8.000 identifikazio-eskumuturreko banatuko ditu adingabeendako, gaztelaniaz eta euskaraz, helburu bikoitzarekin. Batetik, tresna baliagarria eskaini nahi zaie gurasoei haurrak aurkitzeko, Sanferminetan galtzen badira. Hori dela eta eskumuturrekoak eremu bat du gurasoen edo tutoreen eta adingabeen izena eta harremanetarako telefonoa errotuladore ezabaezin batekin idazteko.

Bigarrenik, helburua da herritarrek Lehen Mailako Arretako baliabideak (osasun zentroak eta ospitalez kanpoko larrialdi zerbitzuak) erabil ditzaten gogoratzea eta kontzientziatzea, eta haien ordutegien berri ematea. Hori dela eta, eskumuturrekoak QR kode bat du nahi duenak informazio hori eskura dezan, eta horrekin batera, esaldi hau idatzita dauka: “Sanferminetan ere, zure osasun zentroa. Buztintxuri eta San Martin Zentroa”.

Eskumuturrekoak alergia-kontrakoak dira eta astearte honetatik (uztailak 2) aurrera jasotzen ahalko dira Iruñeko eta Iruñerriko osasun zentroetan eta San Martin Doktorea eta Buztintxuriko larrialdi zentroetan.

Jarduera hori Osasun Departamentuak osasun-zerbitzu publikoen erabilera eraginkorragoa sustatzeko ateratako kanpainaren barruan kokatuta dago. "Arazoa beti berdina ez bada...irtenbidea ezta ere" goiburupean, eskuragarri dauden baliabideen erabilera egokia sustatu nahi da, herritarrek laguntzarik onena jaso dezaten eta osasun-sistemaren jarduera arinagoa eta eraginkorragoa izan dadin.

Halaber, ahal izanez gero, osasun-zentroetara beren kasa gomendatu zaie herritarrei, larrialdi-sareko anbulantziak lehentasunez kasurik larrienetarako uzteko.