Descárgate la app
La Pamplonesaren emanaldia Bartzelonako Nafarren Etxean
2019ko uztailaren 1a
La Pamplonesaren emanaldia Bartzelonako Nafarren Etxean
La Pamplonesa, bere kamerako taldearekin, Bartzelonako Nafarren Etxean aritu da larunbat honetan, Nafarroako Gobernuak antolaturik, beste Autonomia Komunitate batzuetako nafarren etxeetatik egiten den birari jarraipena emanez.
Musika taldearen mendeurrena izan da ehun pertsona baino gehiagoren aurrean gauzatutako ekitaldiaren gai nagusia. Bertan egon dira Ana Ollo jarduneko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria eta Koldo Larrea Bartzelonako Nafarren Etxeko presidentea.
Topaketak Kataluniako erakundeetako presentzia ere izan du: Pere Martínez i Ammetller Kataluniako Generalitateko Bertze Lurralde eta Kultura batzuetako Erakundeekin eta Kolektiboekin Harremanetarako zuzendari nagusia eta Fernando Pindado Bartzelonako Udaleko Partaidetza komisionatua. José Andrés Palacios La Pamplonesako presidentea ere bertan egon da.
Ekitaldian, Ollo kontseilariaz gain, Koldo Larrea Bartzelonako Nafarren Etxeko presidenteak eta José Andrés Palacios La Pamplonesako presidenteak ere hartu dute parte.
Irekiera ekitaldian, Ollo kontseilariak balioa eman nahi izan dio La Pamplonesa bertan egoteari, hainbat belaunalditako Sanferminetako soinu atmosferaren sortzailea dela gogoraraziz. Kaleetan eta auditorioetan ehun urtez izan duen presentziari, kontseilariak egokitzapenerako gaitasuna gehitu nahi izan dio, musika herrikoitik hasi eta errepertorio eta eskaintza berrietara, beti ere, interpretazio maila bikaina erakutsiz.
Kontseilariak Nafarroako herrietako jaiak bisitatzera gonbidatu ditu bertaratu diren guztiak, eta, amaitzeko, urte osoan zehar Kataluniako hiriburuko Nafarren Etxeak Nafarroako kultura hedatzeko egiten duen lana eskertu du.
La Pamplonesako kamera taldeak Nafarroako jaietako zenbait lan klasiko interpretatu ditu, Manuel Turrillasek idatziriko “Viva Pamplona, Gora Iruña”, “Clarín de Fiestas”, eta “Pamplona, Feria del Toro”, Miguel Astráinen “Vals de Astráin”, Silvano Cervantesen “La pilindros” jota eta Pablo Lunak idatziriko izen bereko zartzuelaren zati bat den “El Asombro de Damasco”.
Musika-festa interpretazioen ondoren, Nafarroako produktuen dastatzeak eman dio hasiera ekitaldiari.
Gasteiz eta Zaragoza
Nafarroako etxeetatik eta zentroetatik egiten diren ekitaldien birak puntu eta jarraia eginen dute aste honetan, asteazkenean Gasteiz eta ostegunean Zaragoza bisitatu ondoren.
Uztaileko eta abuztuko geldialdiaren ondoren, bisitei irailean eta urrian ekinen zaie berriro, Valentziako, Barakaldoko eta Arrasateko etxeak bisitatuz.