2019ko ekainaren 28a

Nafarroako Gobernuak natura-ingurunean arreta handiz jokatzea gomendatzen du tenperatura altuak direla-eta

Zerealak 12:00etatik 19:00etara ez biltzea eskatu du, izokina arrantzatzea aldi baterako debekatu du, eta herritarrei sen ona izatea eskatu die landara ateratzen badira

Foru Komunitaterako gutxienez datozen 72 ordutarako iragarritako tenperatura altuen aurrean, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko Departamentuaren bitartez, arretaz jokatzea gomendatzen du natura-ingurunean, suteak izateko arrisku handia dagoelako; era horretan, zereala eguneko ordu nagusietan (12:00etatik 19:00etara) ez biltzeko eskatu du, izokina larunbat honetatik, ekainaren 29tik aurrera, arrantzatzea galaraztearekin batera, eta herritarrei sen ona izateko eskatu die asteburuan landara ateratzen badira (ezin da surik piztu eta ezin dira zigarrokinak bota edo landa-ingurunea arriskuan jar dezakeen bestelako ekintzarik egin).

Zerealik ez biltzea eguneko erdiko orduetan

Nafarroako Gobernuak landako sektore profesionalari egindako lehen gomendioa da eguneko erdiko orduetan zerealik ez biltzea; hots, 12:00etatik 19:00etara bitartean, ohikoagoak izaten baitira uzta-makinek edo lasto fardo-makinek eragindako suteak, orraziak lurreko harrien kontra sortutako txinpartak medio.

Sute horien bitartez, uzta eta makineria bera gal daiteke edota baso-suteak eragin. Gogoratu behar da suteak izateko arriskurik handiena baldintza hauetan egoten dela: menditik hurbil dauden partzelak eta 30º C-tik gorako tenperaturetan egindako landa-lanak; %30etik beherako hezetasuna eta haize moderatutik gogorretara bitartekoak.

Horrez gain, goizean eta 19:00etatik aurrera egingo diren uzta-bilketa edo fardo-lanetan, ondorengoak gomendatzen dira:

  • Ingurunean pasaldi bat egitea, haizearen norabidearen aurkako partzelaren alde batean hasita.
  • Uzta biltzen jarraitzea haizearen norabideko zerrenda perpendikularretan. Haize nagusien norabidean aurrera ez egitea.
  • Area duen traktore bat izatea, uzta biltzeko lanak zaintzeko, suaren perimetrazioa egin ahal izate aldera, sute bateko lehen neurri moduan.
  • Partzela baso-ingurunetik gertu egonez gero, uzta biltzen hastea zuhaitzetatik gertu dagoen zonan.

Neurri bereziko gomendio horiek datozen orduetan landa-lurzoruan egingo diren era guztietako lanetarako balio dute. Jarduera horiek arautzen dituen 222 / 2016 Foru Aginduko 10.5 artikuluan ezartzen denaren arabera, lurzoru ez urbanizagarrian egingo diren lan-mota guztietan, suteak sortzeko arriskua dagoenetan (sastrakak kentzea, erradialak, soldadurak, e.a.), komeni da makineria artean sua jotzekoa eta gutxienez 15 litroko edukierako 2 motxila izatea.

Bestelako gomendioak herritar guztientzat

Era berean, Nafarroako Gobernuak herritar guztiei gogoratu nahi die indarrean daudela udan nekazaritza-lurretan eta basoetan sua erabiltzearen inguruan aurreikusten diren murrizketak, suteak saihesteko prebentzio-neurri gisa. Beste debeku batzuen artean, ezin da surik egin aisiarako helburuetarako (barbakoak) hegoaldean, ezta horretarako prestatutako lekuetan ere; ezin da eremu geografiko horretako basoko pistetan erregai-motorreko ibilgailuekin zirkulatu; eta ezin dira uztondoak edo basoko hondakinak erre edo surik egin lehorreko laboreen nekazaritza-lurretan.

Nafarroako Gobernuak behin eta berriz dio ez direla zigarrokinak, pospoloak edo su-arriskua eragin dezaketen bestelako objektuak bota behar landa-ingurunean. Era berean, ez dira hondakinak utzi behar horretarako jarritako zonetatik kanpo.

Baso-inguruneetan igaro behar duten pertsonei, Nafarroako Gobernuak gogorarazi nahi die komeni dela ingurunea ondo ezagutzea eta motordun ibilgailuekin baimenduta dagoen lekuetan ez zirkulatzea, beharrezkoa ez bada, ihes-hodiaren eta sasi lehorren arteko kontaktuak sutea eragin baitezake.

Halaber, ibiltariei eskatzen die zirkuitutik ez ateratzeko eta ibilgailuak aparkatzeko jarritako lekuetan edo batere larrerik edo sasirik gabeko zonetan uzteko.

Basoren bat sutan ikusiz gero, ahalik eta azkarren abisatu behar da My112 gailu mugikorretarako aplikazioa erabiliaz, edo, horren lekuan, 112-SOS Nafarroa larrialdietako telefonora deituta. Horrela, lekua eta itzaltzeko taldeak bertara joan ahal izateko biderik egokienak adierazi behar dira.

Azkenik, herritar bat sute batetik hurbil aurkitzen bada, Nafarroako Gobernuak aholkatzen dio alboetatik eta zona baxuenetatik urruntzen ahalegintzeko, argi-gunera edo zuhaitzik eta sasirik gabeko zona batera joateko, eta beti haizearen norabidearen aurkako norabidean ibiltzeko.

Izokina arrantzatzea aldi baterako galarazita

Azkenik, Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko Departamentuak aldi baterako debekatu du arrantza egitea Bidasoa ibaiko izokin-zatian, larunbat honetatik, ekainaren 29tik, aurrera, uraren tenperatura altuak direla-eta. Aurreikuspen hori jada jasota dago Debekualdien inguruan indarrean den Foru Aginduan, uraren tenperatura 19º C-tik gorakoa denean Beran Bidasoako uraren kalitate-estazioan (www.agua.navarra.es gunean kontsultatu), edo espezien integritatea arriskuan jar dezaketen kontrako baldintza hidrologikoak gertatzen direnean.

Ura espezientzako arriskurik gabeko baldintzetan aurkitzen dela egiaztatutakoan, Ingurumenak arrantzaren aldi baterako debekua kenduko du, eta informazio hori Nafarroako Gobernuaren arrantzako web orrialdean kontsultatu ahal izango da, https://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Pesca/.