2019ko ekainaren 28a

Errenta Kanpaina aitortzaile kopuruaren eta diru-bilketaren errekorrarekin bukatu da ekonomiaren hobekuntzaren ondorioz

489.912 pertsonak 343.923 aitorpen aurkeztu ditute. % 58,6k “itzultzeko” emaitza izan du eta % 35ek “ordaintzeko”. Guztizko zerga-bilketa % 8,2 gehitu da aurreko urtearekin alderatuta, 1.442 milioi eurotik gora kokatuz, lan-errenten kopuruan nahiz zenbatekoan izandako igoeraren ondorioz
#Nafarroa-ko 2018 Errenta kanpainaren balantzea Irudi galeria

Nafarroako Zerga Ogasunak 343.923 PFEZ aitorpen tramitatu ditu apirilaren 4tik ekainaren 24ra bitartean 2018ko Errenta Kanpainaren barnean. Aitorpen kopuru hori 489.912 zergaduni dagokie, eta gehiena, % 58,6 “itzultzeko” atera da. Aitorpenen % 35ek “ordaintzeko” emaitza izan du eta gainerakoak, % 6,4k, “zero”. “Itzultzeko” emaitza duten aitorpenen % 95 ordainduta dago jadanik. Guztira, 154,8 milioi euro itzuli dira dagoeneko.

Nafarroako Zerga Ogasunak 343.923 PFEZ aitorpen tramitatu ditu apirilaren 4tik ekainaren 24ra bitartean 2018ko Errenta Kanpainaren barnean. Aitorpen kopuru hori 489.912 zergaduni dagokie, eta gehiena, % 58,6 “itzultzeko” atera da. Aitorpenen % 35ek “ordaintzeko” emaitza izan du eta gainerakoak, % 6,4k, “zero”. “Itzultzeko” emaitza duten aitorpenen % 95 ordainduta dago jadanik. Guztira, 154,8 milioi euro itzuli dira dagoeneko.

2018ko Kanpainak serie historiko osoa hobetu du, bai adierazpen kopuruan (aurreko urtean baino 3.637 gehiago), baita aitortzaile kopuruan ere (1.677 gehiago), eta gehikuntza horiek estu-estu lotuta daude biztanleriaren jarduera-tasaren igoerarekin eta lan-errendimenduen hobekuntzarekin.

Ogasun eta Finantza Politikako jarduneko kontseilari Mikel Aranburuk “positiboki” baloratu du “Kanpaina erabateko normaltasunean garatu izana” eta “ekonomiaren hobekuntzak PFEZ zergaren bilketari ekarri dion gorakada, zerga-karga areagotu beharrik gabe, izan ere, hauxe da diru-kutxa publikoen sarrera iturri nagusia”.

1.442 milioiko diru-bilketa PFEZean, % 8,2 gehiago

2018en, PFEZak 1.442 milioi euroko guztizko saldoa izan du, aurreko urteko diru-bilketa baino 109 milioi euro (% 8,2) handiagoa, izan ere, 2017ko bilketa 1.332 milioikoa izan zen. Hauxe da serie historiko osoan izandako PFEZaren zerga-bilketarik handiena. Jakina denez, zenbateko horren zatirik handiena urtean zehar sartzen da atxikipenen bitartez, eta Errenta Kanpainan, kuota diferentzialaren arabera doitzen da. Bukatu berri den kanpaina honetan, “itzultzeko” emaitza duten aitorpenei 167,7 milioi euroko guztizko ordainketa egin behar zaie, eta “ordaintzeko “ emaitza dutenek 207,4 milioiko diru-sarrera egin behar dute. Ondorioz, 2018ko Kanpainaren saldo partziala 39,7 milioi eurokoa da.

Errenta Bulegoko zuzendari Marta Huartek guztizko saldoan izandako 109 milioi euroko igoera azaldu du. Datuen azterketaren arabera, aitorpena egin duten langileen kopurua gehitu da (9.454 gehiago), baita laneko diru-sarrerak ere, eta horri esker, 106 milioi eurotan gehitu da zerga-bilketa. Errendimenduen gainerakoan izandako hobekuntzak (20 milioi, guztira) eta aurrezkiaren zati bereziak (4 milioi) 130 milioiraino igo dute kopurua, baina banakako zein familiako kenkarietan izandako igoerak, aitorpen kopuruaren gehikuntzaren ondorioz, diferentzia aipaturiko 109 milioi eurotan kokatu du.

Kontuan izan behar da zerga-bilketaren gorakada hori 2018an zergari buruzko araudian aldaketa garrantzitsurik ezarri gabe gertatu dela, aurrezkiaren zati bereziaren tasari jarritako puntu bateko igoeraz gain. Horren harira, Nafarroako Ogasunak emandako datuen arabera, batez besteko tasa % 24,76tik % 24,92ra baizik ez da igo, lan-errendimenduen gehikuntzaren eraginez, izan ere, batez beste, lan-errendimenduak 21.526 eurotik 21.953 eurora igaro dira.

Interneteko Bulego Birtuala, aitorpen berriak aurkezteko bide nagusia

Internet aitorpen berriak aurkezteko leihatila nagusia bihurtu da, izan ere, bide honetaz baliatu dira 75.000 aitorpen baino gehiago (% 22) aurkezteko, Nafarroa Errenta aplikazioaren zein aholkularitzek bereziki erabiltzen duten bertsio deskargarriaren bitartez; ondotik daude entitate laguntzaileak (60.000 aitorpen baino gehiago, % 18), batez ere banku-bulegoak; bai eta Nafarroako Ogasunaren bulegoak ere, zeinetan 25.000 aitorpen baino gehiago (% 7) landu diren. Eskuz egiteko aukera gainbeheran dago eta kanpaina honetan 394 aitorpen baino ez dira gisa honetan aurkeztu.

Gogoan izan behar da Nafarroako Ogasunak 198.000 aitorpen proposamen baino gehiago landu zituela 2018ko Errenta Kanpaina hasi aurretik. Proposamenek % 92ko onarpen maila izan zuten, hau da, aurkeztutako aitorpen guztien % 53ren parekoa.

Nafarroako Ogasunaren bulegoetarako ezarri den Aldez Aurreko Hitzordu Zerbitzuak 25.431 hitzordu tramitatu ditu guztira, hasieran egindako 20.000 hitzordu inguruko estimazioak gaindituz. Bulegoen arabera, Iruñerriko bulegoek ia lau aitorpenetik hiru landu dituzte (Iruñeak % 49, Burlatak % 13 eta Barañainek % 11). Ondotik daude Tutera (aitorpenen % 13); Tafalla eta Lizarra (% 6na) eta Doneztebe (% 2).

Bulego Birtualean, aplikazio telematikoetarako 571.381 sarbide erregistratu dira kanpaina indarrean izan den 82 egunetan. Horrek % 6,5eko igoera ekarri dio iazko kanpainan lortutako kopuruari eta % 96ko igoera hamar urteko epean. Aplikazioetarako sarbidea izan duten erabiltzaile bakarren batura 280.752 pertsonakoa da.

38 milioi eurotik gora Ondarean

PFEZaren kanpainarekin batera, apirilaren 4tik ekainaren 24ra bitartean, Ondare Kanpaina ere egin da. Guztira, 5.806 likidazio aurkeztu dira, 38.102.885 euroko guztizko kuota tarteko. Kopuru hau 2017ko Kanpainakoa baino 589.720 euro handiagoa da (% 1,57 handiagoa).

Gogoratu behar da ondarea aitortzera behartuta daudela milioi eurotik gorako balioa duten ondasunen jabe guztiak. Salbuetsitako gutxienekoa 550.000 eurokoa da eta ohiko etxebizitzaren lehendabiziko 250.000 euroak ere salbuetsita daude.