2019ko ekainaren 28a

Nazioarteko Emausek jaso du Elkartasunaren XVII Nafarroa Nazioarteko Saria

Nafarroako REASek, Ekonomia Alternatibo eta Elkartasunezko sareak, aurkeztutako hautagaiak Nafarroako Gobernua eta Laboral Kutxak deitutako 25.000 euroko saria jasoko du
Irudi galeria

Nazioarteko Emaúsek, pobrezia, ekonomia alternatiboa eta gizarte ezberdintasunei aurre egitea eta ingurumenaren alde lan egiten duen erakundeak, jaso du Elkartasunaren XVII Nafarroa Nazioarteko Saria. Nafarroako Gobernuak eta Laboral Kutxak elkarlanean deitutako 25.000 euroko saria, gaur goizean eman da ezagutzera Nafarroako Jauregian sariaren epaimahaiak egindako bileraren ostean. 

Epaimahaiak aurten aurkezturiko 35 hautagaien artean erabaki behar izan du. Nazio Batuen 2030erainoko agendan bildutako Garapen Iraunkorreko Helburuak lortzen lagundu duten pertsonen, GKEen edo erakundeen lana eta ibilbidea aitortzea da sari honen helburua.

Miguel Indurain Larraya buru, honako hauek osatu dute epaia hartu duen epaimahaia: Miguel Laparra Navarro, Eskubide Sozialetako jarduneko lehendakariordea; Javier Cortajarena Goñi, Laboral Kutxako merkataritza zuzendaria; Eloísa Ramírez Vaquero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea; María Icíar Astiasarán Anchía, Nafarroako Unibertsitateko irakaslea; Diana Lazcano Mayor, Felipe Rinaldi Fundazioaren ordezkaria, eta Juan Jesús Echaide Baigorri, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren ordezkaria. Idazkari lanetan aritu da Andrés Carbonero Martínez, Eskubide Sozialetako Departamentuko Diru-Sarreren Bermerako eta Garapen Lankidetzarako Zerbitzuko zuzendaria.

Saritutako hautagaia Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sareak (REAS Nafarroa) proposatu du eta beste finalista hauei nagusitu zaie: Aldea Global, Calandria Gizarte Komunikatzaileen Elkartea, Garapen Ekonomiko eta Sozialerako Elkartea (ADES), Diandé África, Vicente Ferrer Fundazioa eta Redes de Desenvolvimiento da Maré.

Emaus Internacional

Emaus mugimendua 1949an sortu eta aurten ospatuko du 50. urteurrena. Pribilegiozko egoeran bizi ziren pertsonek gizarte-bidegabekerien aurrean bete beharreko erantzukizunarekin eta bizitzeko arrazoirik ez zuten pertsonekin egindako bat-egitearen ondorioz sortu zen. Batzuek eta besteek asmoak eta ahaleginak bildu eta elkarri laguntzea erabaki zuten, sufritzen dutenei arreta berezia emanez, besteak salbatzean norbera salba daitekeen ustean oinarrituta. Helburu horri begira, bizitzeko eta emateko lan egiten duten komunitateak sortu dira. Horrez gain, esparru publikoan eta pribatuan borrokan diharduten lagun eta boluntario taldeak eratu dira.

Entitateak mundu osoko herrialdeetan lan egiten du, pobreziaren, ingurumenaren eta ekonomia produktibo alternatiboaren arloetan, gizarte desberdintasunak saihesteko xedez.

Aurreko edizioetan sarituak

Aurreko edizioetan, Nafarroako Gobernuak eta Laboral Kutxak askotariko profilak dituzten hainbat kontinentetako erakunde eta pertsonei eman diete golardo hau. Horrela, sarituen zerrendan daude Muhamad Yunus, Bakearen Nobel Sariduna; Kalkulako Karitatearen Ahizpa Misiolariak; Errefuxiatuentzako Jesuiten Zerbitzua; Uganda Network of Aids Service Organisations (UNASO); Fedea eta Pozaren Nazioarteko Federazioa; San Joan Jainkoarenaren Anaiak; Wassu Gambia Kafo eta Mama Samathe; Ekuadorreko Aguarico-ko Bikariotza Apostolikoa-Kaputxinoen Misioa; eta Isabel Martín-Creative Handicraft.

Saria honako hauek ere jaso dute: Manuel E. Patarroyo Murillo irakaslea; ‘Mama Tunza’ izenaz ezaguna den Dimina Khasiala keniarra; Argentinan Giza Eskubideen alde lanean diharduen Martha Pelloni ahizpa; Juan Ciudad Fundazioa eta honi atxikitako langile bat, Paciencia Melgar ahizpa, ebola bezalako gaixotasunak dituzten ahantzitako pertsonen alde egindako lanagatik; eta lau kontinentetako 73 herrialdetan finkatuta dagoen La Vía Campesina erakundea, FAO gisako nazioarteko foro eta erakundeen solaskide aitortua. Azken edizioan, lau aktibista afrikar saritu zituzten baterako hautagaitza baten bitartez, Afrikan giza-eskubideen defentsan egindako lanagatik: Malawiko Theresa Kachindamoto, Senegaleko Hulo Guillabert, Ugandako Victoria Nyanjura eta Maliko Oumou Sall-Seck.

Nazioarteko Elkartasunaren Nafarroa Saria Nafarroako Gobernuak eta Laboral Kutxak sortu zuten 2001ean, baina lehenengo golardoak hurrengo urtean banatu zituzten. 2010ean, aintzatespen hau ‘Vianako Printzea’ Nazioarteko Sariei gehitu eta Elkartasunaren Vianako Printzea Saria izena hartu zuen. Hala ere, 2012an, hasiera formatura itzuli zen izendapenari nahiz sariak banatzeko ekitaldiari dagokienez, eta 2019ko edizio honetan berdin mantendu da.